Juan Ramon Madariaga (Poeta):'amesak ames dira eta bete ezean ez dira existiduten'
Bilbon, 1962an jaiotako poeta orain gitxi munduan diran zortzi mila metrotik gorako 14 mendietako baten tontorrera, Cho Oyura heldu zan Juanito Oiarzabalegaz batera. Arabarraren hogeigarrena izan zan eta bilbotarraren lehenengoa. Goi mendietako esperientziak ez eze, pasa dan urrian ataratako 'Izozmendiak', Madariagaren zazpigarren poema liburua aztertuko doguz ondorengo lerroetan.
1. Zorionak mendian eta poesia munduan emondako pausuengaitik. Honezkero urte asko pasau dira 'Imentzioaren pergamuak' poema liburua plazaratu zenduanetik. Aurreko poemakaz konparauta, gaietan igarri da aldaketea. Aurrez pentsautakoa izan da ala berez urten deutsuna?
Ez dot uste apropos eginiko aldaketea danik, poema jakin batean edo bestean ez bada, halan da guztiz be, behinola sekulako garrantzia emoten neutson hizkuntzeari, lexikoari berari, poemaren barruan iluntasuna sortuko ebanik kontuan hartu barik, berba ha behar nebalako nik adierazo gura nebanerako, baina gaur egun, gaiak eta lexikoa bera gertuagotik tratetan dodaz, zer esan gura dodan da gaur egun niretzat inportanteena eta horren atzetik artez joaten naz, berbearen atzetik lehenengo, elementuari geroxeago zelan begituteko asmoz. Beraz, gaur egun holan urteten deust eta inguratzen gaituenari buruz egiten dot berba naturaltasunez.
2. Oraingoan erabili dozuzan irudi eta berba jokuakaz asko jantzi dira olerkiak. Berben 'piroteknia' ala hizkuntza zuzena erabiltea aukerakoa da. Norberaren aldartea edo umorea ala olerkia aberasteko asmoa ete da estilo bat ala bestea aukeratzeko arrazoia?
Leitekeana da aldartearen araberakoa izatea berben aukeraketea. Egia esan, zelan zagozan ikusita, zer sentimentu daukazun barruan, berba bat edo beste bat aukeratzeko trantzea izango dozu, baina halan da be poemak sentsazinoz jantzi behar dira, irakurleak zeozer sentidu behar dau, ez beharbada zeuk gura dozuna, baina zeozer bai. Piroteknia asko erabilita, baliteke mezuaren magia eta mamina galtzea, irakurlea despistetea han goian agertzen diran suzko bola hareekaz. Zarata larregi be ez da ona eta.
3. Zer da poesia Juan Ramon Madariagarentzat?
Poesia niretzat da gizon batek munduagaz dauen hartu-emon mueta bat eta mundu hori, mundu arrotz hori aitzen saiatzeko modu bat, berarentzat azaldu ezina dana azaltzen ahalegintzeko bide bat. Jose Emilio Pachecok esaten eban poesia, bizitzen ez jakiteagaitik batzuk pagetan daben prezioa dala eta uste dot arrazoi osoa daukala.
4. Izozmendiak gogoan, poema liburuan, noraeza eta iluntasuna dira ezaugarri. Bizitako esperientzietan oinarritzen zara ala fikzinoak be badauka bere lekua?
Ez dira bizi izandako esperientziak baina bai akaso hurretik ikusitakoak eta sentidutakoak; hori bai, gustetan jat fikzinoagaz be olgetea eta beste ahots batzuk imajinetea eta plazaratzea nireak balira legez. Horretarako, idazleak baimena dauka eta kolektibidadearengana hurreratzeko bide asko dagoz, eurek sentiduten dabena zeure papeletan sartzeko bide asko dagoz. Baina uste dot danon bizitzan daukagula noraeza eta iluntasuna lantzean behin.
5. Nontzeberri kultur proiektu interaktiboan beharrean zabilz. Akaso, munduan gero eta zabalago dabilelako bakotxa bere aldetik ibilteko jokerea eta zeozelan horreri erantzuteko?
Beti bizi gara bakarrik, bakarrik sentiduten dogu eta bakarrik idazten eta pentsetan dogu. Proiektu interaktiboak horretarako balio dau, personek, gehien interesetan jakiezanakaz bakardade horretan gozau dagien, baina nik beste balio bat topetan deutsat teknologia barri honi; jentea kultura baten inguruan, hizkuntza baten inguruan edota ideal baten inguruan biltzearena, hain zuzen be. Eta bakardadetik unibersalidaderako pausua be emon leitekela frogatu da honegaz askotan. Nontzeberri horixe da, euskaldunak, kulturea eta euskerea batzeko gune interaktibo eta dinamiko bat. Ederra da proiektua.
6. 'Amodioa batzuetan' liburuagaz sariak be jaso zenduzan eta, batez be, poesiak idatzi dozuz zure ibilbidean, baita gaztelaniaz be. Oso oker ez bagagoz, mendietan bizitako esperientziekaz liburua preparetako asmoa dozu...
Bueno bai, aspaldiko proiektua da hauxe, eta beti atzeratuta egoten da bestelako kontuak agertzen diralako nire bide erdian, baina Everestera abiatu nintzanetik bidaia liburu bat idazteko asmotan nabil, nahiko aurreratuta daukat eta orain Tibet aldean bizi izandakoekaz uste dot beteko eta osotuko dodala. Ia argia ikusten dauen behingoz, baina gatxa da niretzat, poema eta idazti txikietatik orriak eta orriak idaztera dagoan saltoa handia dalako, bestelako estrategiak landu behar diralako eta ez dakit kapaz izango ete nazan behar bezelako atentzinoa pizteko irakurlearengan.
7. Cho Oyuko esperientzia eta 'Izozmendiak' ia-ia alkarregaz etorri dira. Tibet eta Nepal arteko muga inguru hori ala eguneroko bizimodua da zuretzat inspirazino iturri nagusi?
Egia esan mendian nagoanean, egunero idazten dot zeozertxu, horretako boligrafo eta libretatxua daroadaz eta, baina kronikatxuak eta eguneroko xehetasunak islatzea gustetan jat eta inoiz edo behin poemaren bat be urteten deust; inspirazinoa berez hemen topetan dot, nire txokoan, nire lasaitasunean, musika bereziagaz han bizi izandako eta ikusitako guztia nire begien aurretik barriro pasetan danean eta klasifiketan saiatzen nazanean. Orduantxe hasten naz sentiduten zer idatzi behar dodan, zertaz, zelan, zer esan behar dodan eta abar. Mendiak bestelako inspirazinoa emoten deust, inguruak, lekuak, bere atmosferak dituan misterioak ezagutzeko inspirazinoa sentiduten dot, gozetako gogoa.
8. Poeta klasikoak baino gehiago gaur egungoak irakurten dozuz. Zergaitik?
Klasikoen artean gustoko askotxu dodaz baina gaur egun egiten dan poesia da niretzat esanguratsuena, sutsuena gauzak zelakoak diran adierazoteko, ni bizi nazan mundutik parajeago dabilena da. Ni lako arraroek idazten dabelako, kalapitarien hizkuntza erabilten dabelako eta batzuetan poetak bizitzak zapalduriko personak diralako eta esaten dabena entzun behar dalako. Hori guztia gaur egungo poetek egiten dabe gehienetan, hemen eta mundu osoan zehar.
9. Mendizale amorratu guztien antzera, ia beti burua mendian eukiko dozu segurutik. Mendiak ze ekarpen egiten deutsu?
Ezin izango dot definidu egiten deustan ekarpena, guztia sentsazino sakon bat dalako. Han mendian pozik sentiduten naz, inguruaz gozau egiten dot eta askotan nire barrura begiratzen dot, bizitzaren gaineko ideia bat hartzeko, pentsetako astia dezente dago eta. Mendian zeu zara zu beti, benetako zu eta ondoan beti dozu lagun on bat, benetako laguna bere poz eta tristurekaz, zeure antzean. Han mendian gizaki hutsa zara zeure birikiei etekin handiena atarateko asmoz, izaki biziduna tontorrera heltzeko pasinoagaz, munduaz gozetako aukera parebakoaz. Eta gero naturearen ekarpena be handia eta gozagarria da. Zerua gauean zein egunean zehar ikustea, edurra sentidutea, haizea, gitxitan ikusten dan paisajea hortxe eukitea...., harrigarria eta ederra da mendia. Uste dot pribilegiatuak garala mendia holan sentiduten dogunok.
10. Cho Oyuko tontorrera, 8201 metro altuerako mendira heldu eta zein izan zan buruan erabili zenduan lehenengo ideia edo sentsazinoa?
Urteetako amesa beteten nengoalako sentzazinoa izan neban lehenengo, puntan nengoan!!; eta bueno, geroago negargura, poztasunak eragindako negargura be sentidu neban. Gero, lehen esan dodan legez, momentu haretan pribilegiatua nintzala be sentidu neban. Cho-Oyuko puntatik Everest, Lhotse, Kangchenjunga eta hantxe atzean Shisha Pangma, beste lau zortzimilako ikusten nituan zeru argi eta urdin baten azpian eta ni bosgarrenaren gainean nengoan; ikaragarrizko hotza egiten eban arren dana ederra zan, dan-dana zoragarria zan. Begien aurrean neukan natureak eginiko beharraren lagin bat munduan eta miresmena baino ezin neban sentidu. Nire gorputzak oso ondo erantzun eban eta horregaz be oso pozik sentidu nintzan. Gero familiagaz akordau nintzan, lagunekaz eta proiektu honetan, modu batean edo bestean lagundu deustien guztiekaz.
11. Kontaiguzu ze proiektu darabilzun buruan, hurrengo espedizinoa nora egingo dozun, zer idazteko asmoa daukazun eta, mendizale 'afizionatuontzako' egiguzu lau bat eguneko astegoienerako plana Euskal Herrian.
Bueno orain familiari kendutako denporea errekuperau gura dot, baina etorkizunari begira zortzimilako 'bajutxuak' egitea gurako neuke betiko amesak izan diralako: Shisa Pangma, Gasherbrum II edo I, beharbada Makalu baina ezelako prisa barik, lagunek ahal dabenean eta beti giro ederrean; gero, Everestera bueltetea be gustauko litzakit. Ez dakit danetarako astia izango dodan baina amesak ames dira eta bete ezean ez dira existiduten.
Planaren harian, beitu akorduan daukat Belaguatik Izpegiraino tontorrez tontor eginiko trabesia ederra: Kartxila, Otsogorrigaina, Ori, Okabe, Errozate, Urkulu, Hautza eta abar, mendi ederrak dira. Lauzpabost egunetan egin daitekela uste dot eta holan ez bada, kantsetan bagara, Euskal Herriko edozein txokotan geldialditxua egin geinke paisajeaz gozetako, hangoa gure herri osokoa legez, benetan ederra da eta.
Koldo Isusi Zuazo