Bertsotan  II. urtea // 39. zenbakia - 2003ko abenduak 1

Durangora bai?

AZOKEA

Abendu hasikeran
nora egin alde?
Durangon badaukagu
nahiko nobedade
poeta, prosagile
bakarlari, talde…
Letraz eta musikaz
barriz egin dabe
zubi barri bat euskal
kulturaren alde

Horra egutegian
hiru egun gorri
Durangon berben eta
doinuen iturri
Besozabalik gagoz
ta ondo etorri!
Ez jako, ez, faltako
agertzen dan horri
zer erosi, zer entzun
ta zer irakurri

Aurten be musikoek
ez dabe hutsik egin
Serrano, Anari, Petti
eta Rueda fin
Karidadeko Benta
Ta Oskorri bardin
Laboa, Ordorika
eta Urdangarin
dana gura dauena
dabilela arin

Jakin idazleak be
behar ein dabena
Aristik ta abarrek
hamaika poema
Arretxe ta Osorok
aurten be eurena
barrien lehenengoa
Atxagan azkena
Zein da salduena zein
Irakurriena?

Dana ondo ikusi
ahal danik nasaien
erabagi bakotxak
zer erosten daben
gero ia bazkaltzen
nora joaten garen
poteoa edonun
jaia Goienkalen
kulturak danetarik
behar dau-ta hamen

Azoka ez ei dabe
gogoko batzuek
gure eruditoek
eta jakintsuek
Artifizio antza
daukeela hango suek
hori eurek dinoe
ta nik dinotsuet
Euskerak harek beste
behar zaitue zuek

Igor Elortza

Durangora? Bajaukoat asmoa, bai...Kirmenena be ordurako aterako dok, ala? Zer dok, diskoa ala liburua?...Aurten, baietz Atxagarena izan salduena!...;eraikin barrian egingo dabela entzun joat...hi, eta Azokan egiten bajoagu bazkaria, zer?

Abendua. Eta abenduagaz Durangoko Azokea. Euskal kulturearen erreferentzia eta euskaltzaleon topagunea. Liburu eta disken uzta barria ezagutzeko atxakiagaz, urtean behin edo ikusten doguzan lagun horreek topetako esperantzea. Abenduaren 4tik 8ra urteroko zitea dogu Durangon eta guk Igor Elortza durangarrari eskatu deutsagu harako gonbitea egin daiskun. Hogeita zortzi urte eta Topografian ingeniari teknikoa ikasketaz, Bizkaiko Txapelduna dogu gaur egun. 1990an Arriagan bertsozaleon bihotzak hunkitu ebazan gaztetxu harek, ordutik aurrerako Bizkaiko Txapelketako final guztietan izan da eta 2001ean Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalean izan zan. Liburugintzan be egin dauz lehenengo urratsak durangarrak. Bi liburu daukaz plazaratuak, Margolana (1999) eta Kontuak kantu (2002), biak be Zubia argitaletxeagaz. Ale honetara dakargun bertso sortea hamarreko txikian idatzi dau eta doinua ez badeusku zehaztu be, Mikel Urdangarinen “Gaur Gurutzatu gara” doinua proposauko deutsuegu Igorren bertsoak kantau dagizuezan.

IƱaki Aurrekoetxea