Sukaldari gazte onena: Iñigo Elorriaga
Ardao baltz gozotan egositako makatzak
Kontuak kontu, gu geurera. Amantala jantzi eta gaur postre bat preparauko dogu: ardao baltz gozotan egositako makatzak. Ganera, orain egun batzuk, kalean lagun bat aurrez-aurre topau neban eta kasualidadez makatzak eta ardao baltza erabilita egiten dan postrearen ganeko itaunak egin eustazan, kozina kontuagaz zerikusirik ez daben beste batzuen artean. Ekin daiotsegun.
Ardao baltz gozotan egositako makatzak
Osogaiak:
- Sei makatz.
- Urteko ardao baltza (gitxi gorabehera litro bat).
- Azukerea (500 gramo).
- Kanelea.
Zelan egin:
Kazula altu baten ardao baltza jarriko dogu irakiten. Gora-goraka hasten danean, azukerea botako dogu eta azukrea desegin arte, ondo irabaiau edo nahastau karamalizau ezkero, barriro hasi beharko dogulako prozesua.
Azukerea deseginda dagoanean, kanelea eta makatz zurituak sartuko doguz lapikoan. Su motelean egosiko doguz 25-30 minututan gitxi gorabehera, beti be, norberaren gustoaren arabera.
Ondoren, makatzak plater sakon batera atarako doguz eta hau kontu handiz egitea komeni da makatzak oso-osorik gera daitezen. Ardaoa, barriz, surtan itxiko dogu ebaporazino prozesua amaitu arte. Azukereagaz lortuko dogu saltsa lodiagoa edo bigunagoa. Azken pausuan, madarien gainetik saldea botatea faltako jaku eta mahaira atarateko orduan salda gehiago bota geinke siku geratu ez daitezan. Nire gomendioa madariak epel jatea da eta lagungarri arroz esnea oso egokia da. On egin.
Beñat Ormaetxea,
Aretxondo Jatetxeko Sukaldaria.
Ezer baino lehen, zorionak Boroa Jatetxeko kozineruari. Aurten be Bizkaira etorri da saria eta horrek zeozer esan gurako dau.
Estadu mailako sukaldari gazteen lehen saria bizkaitarrentzat izan da azken lau urteotan. Orain lau urte Guggenheim Jatetxeko Josean Martinez Alija izan zan saritua. Hurrengo urtean, Beñat Ormaetxea, ni neu izan nintzan irabazlea, Galdakaoko Aretxondo Jatetxeko sukaldaria. Gero, Galdakaora etorri zan saria barriro: Eneko Atxa izan zan irabazlea Kataluiniako Jordi Cruz kozineruagaz batera. Aurten, barriz, Zornotzako Boroa Jatetxean beharrean dabilen kozinerua, Iñigo Elorriaga gernikarrarentzat izan da saria.
Ni neu tartean egonda, gatx egiten jat ondorengoa esatea baina esan egingo dot ze saritu guztiak ezagutzen dodaz eta ondo merezitako sariak dirala pentsetan dot. Txiki-txikitatik gabilz kozinan eta sariak, urte askotan egindako beharra aintzat hartzeko modua dira. Aurrerantzean be, beharrean jarraitzeko indarra emoten dabe sariok. Zorionak Bizkaiko kozineru gazte guztiei.