Txutxu-mutxuan  II. urtea // 39. zenbakia - 2003ko abenduak 1

New Yorkeko jai lasaiak

Ezkondubakoen jaiak?

Jai lasaiak zabaltzen joan eta New Yorketik Washingtonera egin dabe salto eta, antza danez, Floridan be laster oratuko deutsie ideia barri honi. Pekinen be pare bat egin dira, eta, antolatzaileek dinoen lez, txinatar batzuk euren ingelesa hobetzeko asmotan joan ziran, jaietan atzerritar mordoa egoalako. Baina, ospakizun honeetara joandako jenterik gehiena ez egoan ezkonduta eta, azkenean, interes handiagoa azaldu eben alkar ezagutu eta ligetako, doaneko eskolea lortzeko baino.

Eta Txinan sortutako itauna ospakizun honeen arrakastearen giltzea izan daiteke. Jaiok ligetako eginda dagoz ala bilgune arruntak besterik ez dira? Antolatzaileek edonor joateko moduko jaiak dirala esan dabe behin eta barriz, baina, egia esan, 20 urtetik 40ra bitarteko pertsona asko hurreratzen dira, ohar eta marmarren bitartez alkar ezagutu gurean. Ganera, jai honetako erabiltzaileen esanetan, holakoetara joateko arrazoi nagusia ez da lagunakaz patxadan egoteko modu bat eukitea, ezpada jente barria ezagutzeko modu bitxi eta barregarri batez baliatzea.

Edozein kasutan be, ospakizun mota honeek orain dala urtebete zehaztutako helburuak beteten dabez: ez dago zarata-hotsik, ez musikarik ez eta sakelako telefonorik be. Ganera, bikoteak be joaten dira. Izan be, oharren bitartez ligetea ez ei da lar erreza. Washingtongo jai batera bertaratutako neska gazte batek esan eban modura: “ordubete igarota, kantsau egiten naz; hau, azken baten, jai normala da, baina kamera geldoan eginda”.

Begiluzea

Zarata-hots barik. Jai lasaiak New Yorken sortu ziran orain dala urtebete inguru, lagun bi gau baten alkartu eta kopa bana hartu nahiz alkarregaz berba egiteko alperreko ahaleginak egin eta gero. Gauez zabaldutako taberna guztietan musikea edonor gortzeko modukoa zan, sakelako telefonoek eten barik joten eben eta ez egoan lokaletan sartzeko erarik, guzti-guztiak jentez josita egozalako. Emoitza argia izan zan: lagun biak etxera joan behar izan eben, kopa ziztrin bat hartu eta alkarregaz berba egin barik.

Halantxe sortu zan jai lasaiak (Quiet Party) egiteko ideia. Ospakizun berezi honeetan tabernea edo lokala zati bitan bananduta dago: batetik, “marmarren gelea” dago eta bertan ahopeka baino ezin da berbarik egin; bestetik, “isiltasunaren gelea”, azken horretan berba egitea galazota dago eta jenteak arkatza eta antolatzaileek emondako fitxa batzuk erabili behar dauz alkarren barri jakin edo komunikau ahal izateko. Ez dago musikarik eta sakelako telefonoa derrigorrean amatau behar izaten da, lokalera sartu baino lehenago.

Hasikerak

Hasikerak ez ziran oso itxaropentsuak izan. Ideiaren sortzaileak jai lasaiak antolatzeko lokal baten bila hasi ziran, baina tabernetako jaubeek ez eben horrelakorik gura inondik inora. Hori ikusita, Manhattan-en erdian antolatu behar izan eben. Han tabernak bete-beteta izaten dira aste barruan, jenteak beharlekutik urten eta kopak hartzen dauzelako. Baina, asteburuan arimarik be ez dago; halandaze, lokal horreetako ugazabek ez eben horrelako jai bat egiteko trabarik ipini.

Lehenengo jai lasaia igazko zemendian egin zan. Jaiari ekin eta ordubetera, 100 pertsona inguru hurreratu ziran Scotch Bonnet tabernara. Urtebetegarrenean, jaubeak eurak dira holako jaiak antolatzeko interesa azaltzen dabenak, lokalari publizidadea emon eta berezero kopuru polita erakartearren.