The human stain
Film honek unibersidadeko irakasle heldu baten istorioa kontetan deusku; Coleman Silk irakasle eta profesional bikaina da, baina jubiletan behartuko dabe Estadu Batuetan Clinton eta Lewinsky-ren arteko eskandaluak sortu eragindako kontserbadorismo eta paranoiaren ondorioz. Alabaina, filmean agiri dan ingurumari hori ez da apaingarri hutsa, pelikulea guzur eta itxurakerien gaiaren inguruan bilbatzen dalako.
Emaztea hil eta gero, Coleman Silk akademiko bikaina hartu-emonetan hasiko da askoz gazteagoa eta heziketa nahiz gizarte maila apalagoko andre bategaz; bien arteko lokarria apurka-apurka argitzen joango dan iragan iluna gordetako beharrizana besterik ez da. Nire eretxiz, hori berori da pelikula honen hutsunerik argiena; izan be, ez da lar sinisgarria hain desbardinak diran persona bi honeek hartu-emonetan paretako azaltzen diran modu eta arrazoiak.
Guztiagaz be, kontakizuna baliabide narratiboak ondo be ondo erabilten dituan kalidadezko gidoi batez baliatzen da; gauzak holan dirala, istorioaren korapiloa prisa barik eta arian-arian askatuko da, interesa bizten daben ilunguneak gehiegi argitu eta aurreratu barik. Ganera, antzezle nagusien eta bigarren mailakoen jarduna oso ona da eta horrek asko laguntzen dau irakasle eta andre gaztearen arteko hartu-emonak sinisgarri bihurtzen.
Hutsuneak hutsune, pelikula hau aukeratuta, zine bare, sendo eta argiaz gozetako aukera ederra izango dozue. Ez zarie damutuko.
Joseba Terreros
- Zuzendaria: Robert Benton.
- Herrialdeak: USA eta Alemania.
- Iraupena: 106 minutu.
- Antzezleak: Anthony Hopkins (Coleman Silk), Nicole Kidman (Faunia Farely), Ed Harris (Lester Farely), Gary Sinise (Nathan Zuckerman), Wentworth Miller (Coleman joven), Jacinda Barrett (Steena Paulsson), Harry Lennix (Sr. Silk), Anna Deavere Smith (Sra. Silk), Clark Gregg (Nelson Primus)...