Mystic River
Clint Eastwood barriro be itzuli da kamera osteko beharrera eta atzera be erakutsi deusku zuzendari modura dituan talentua eta sena. 'Mystic River' indarkeriaren gaia ezin hobeto jorratzen dauen film tragiko, ilun eta ezkorra da.
Pelikula hau laberinto baten antzera garatzen da; hiru pertsonaia nagusiak izakera korapilatsukoak dira, nortasun horreen ardatzak argiak dirala: bakardadea, mendekurako pasinoa eta iraganeko traumetan finkatutako zoramen ukutua.
Hiruren bitartez, filmak zentzunez egiten deusku berba giza izakerearen aldrebeskeria eta konplexutasunaren ganean. Ezin hobeto islatzen ditu giza jokabidearen grisaren tonu guztiak, bai eta gizakiok aspaldi joandako mamuen aurka burrukan egiteko doguzan zailtasunak be. 'Mystic River' honen interesa, beraz, ez da izango hilketa baten egilea nor dan argitzea, ezpada pertsonaiek euren okerreko patuari iges egin ezinik ibilteko arrazoiak aitzen ahalegintzea.
Ganera, hori guztiori girotzeko, Sean Penn eta Tim Robbins-ek egindako antzezpen lanak zoragarriak dira eta Kevin Bacon eta Lawrence Fishburne-ren lana be ez dira oso atzean lotzen. Era berean, azpimarratzekoa da pertsonaia femeninoek Marcia Gay Harden eta Laura Linney emazte konplize eta traidore modura egindako behar aparta.
Bortizkeriaren eta moralaren ugerrean bete-betean murgiltzen dan kontakizun honen bitartez, Eastwoodek kutsu klasikoko zuzendaritza lanak bideratzeko dauen maisutasuna erakutsi deusku ostera be. 'Mystic River' sendotasun handiko lana da, ildo ilun baina indartsuari eusten deutsona. Unekada batzuetan nahiko arritmikoa be izango da eta horrek oreka geldo eta iraunkorra emongo deutso. Ganera, azken zatian entzungo diran alkarrizketa luze baina biziak atxakia ederra izango dira gai interesgarri batzuen ganean pentsetako: adiskidetasuna, zoritxarra eta, batez be, personek tragediari aurre egiteko daben ezintasuna. Duda barik, aurtengo filmik onenetariko bat.
Joseba Terreros
- Zuzendaria: Clint Eastwood.
- Herrialdea: AEB.
- Iraupena: 137 minutu.
- Antzezleak: Sean Penn (Jimmy Markum), Tim Robbins (Dave Boyle), Kevin Bacon (Sean Devine), Laurence Fishburne (Whitey Powers), Marcia Gay Harden (Celeste Boyle), Laura Linney (Annabeth Markum), Kevin Chapman (Val Savage)...