Ondorioak eta jarraibideak
III. Soziolinguistikako Inkestea (V, azkena)
Kontuak kontu, azpiegiturek, hiztunek, hizkuntzea erabili ahal izateko, geroz eta zabalagoak diran erabilera eremuak behar dabez. Erabilteko aukerarik ezean, dakizun hizkuntza gaitasunean atzera ez besterik egiteko txartelen jaube izango zarelako. Beraz, egun zein hurreko etorkizuneko hizkuntza politikeak euskal hiztunei albait aukera gehien zabaltzen ez eze, euskerea belaunaldi batetik bestera igaro ahal izateko, funtsezkoak diran erabilera eremuak indartzen be berebiziko ahalegina egin beharko dau.
Eta euskalgintzeak? Bada, besteak beste, euskerearen ez alde ez kontra eta kontra azaltzen diranen kopuruak kontuan, herritarrak irabazten segiduteko mezuak eta egokitu zein euskerearen aldeko jarduna irabazpide bilakatu beharko dau. Halaber, eskaintzen dituan kultur produktuen harrera mugatua zelakoa dan ikusirik, eskaintzaz gogoeta sakona egin beharko dau. Era berean, euskalgintzako erakundeek, bakotxak bere zereginak garbi izanik, bakarka egin ezin dabezan eta euskerearen indarbarritzea ekarri leikien egitasmoak burutzeko, aliantzen bidea segidu beharko dabe.
Eguneroko ahaleginean pasau dan hamar urteko ibilbide laburrak emon deusku orain artekoa, hobeto egin geinkean, beharbada, baina, horrek ez dauka bueltarik. Orain arteko hanka sartzeetatik eta asmautakoetatik zeozer ikasi ete dogun da kontua, izan be, hamar urte barru non eta zelan egongo ete gara? Gure jardueren, kemenaren, gogo eta borondatearen baitan etorriko da erantzuna.
Erramun Osa
Hamar urteko ikuspegia eskaini deuskun III. Soziolinguistikako Inkestearen datuak erabilita, Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan eta Iparraldean euskerearen egoerea aztertu dogu aurreko artikuluetan. Zertan aurreratu dogun, zertan atzera egin edota eginkizun zer dogun azaltzen ahalegindu gara.
Jokerea gora behera, herrialdeen artean eta herrialde bateko eskualde batetik bestera egoera kontrajarriak igarten dirala geratu da garbi, bada, aurrera begirako estrategiak gorpuztean –ezinbestean– hortik abiatu beharko dogu. Izan be, lekuan lekuko egoerea eta beharrizanei jaramonik egin barik, euskerea indarbarritzeko estrategia zuzena ez da aldarrikapen eta estrategia komunak toki eta egoera guztietarako mimetikoki erabiltea, ezpada errealidade desbardinak aintzat, hareetatik eregitako estrategiak, diskursoak, egitasmoak eta taktikak eratzea. Horixe da euskereak aurrera egin daian dagoan bide bakarra.
Halaber, euskereak ofizialkidetasuna eta ahulenaren aldeko hizkuntza politika sendoak eskatzen ditu. Holakorik ezean, nagusi diran hizkuntzak ezartzeko jokerea indartuko dalako. Frantsesa eta gaztelania ez dagoz desagertzeko bidean; euskerea, ostera, bai. Frantsesak eta gaztelaniak euren hurreko etorkizuna ziurtaturik daukie; euskereak, barriz, ez. Euskeraz Euskal Herrian berba egingo da, inon egitekotan. Inguruabar horri segituz, euskerea antxinako hizkuntza dalako usteagaitik ez da gorde eta jagon behar soil-soilik, euskerea komunikazino hizkuntza modernoa da egun, nonahi eta noiznahi erabili daiteken hizkuntzea. Euskal hizkuntza komunidadeak euskeraz jarduteko eta, bidenabar, garatzeko eskubide osoa dauka.
Baina, hizkuntzak, eurek guztiak, belaunez belaun iraun eta garatu ahal izateko, azpiegiturak eskatzen dabez, eta euskerearen kasuan, azpiegiturak, diranik sendoenak, hiztunak dira. Hiztun barik ez dago hizkuntza bat indarbarritzerik, belaunaldi batetik bestera igarotzerik, ezpada gitxi batzuek aztertu ahal izateko eran museoko bitxi eder legez. Baina, azpiegitura horreek lortzeko, hezkuntza munduan, euskerea gauzak egiteko erabilten dogun ginoan, eskuratzeko bidea egin behar dogu. Nafarroako zein Iparraldeko hezkuntzan euskereak sarbide askoz zabalagoa behar dau, baina, EAEn be badaukagu eginkizun. Euskereak unibersidadean hedadura zabalagoa behar dau, osterantzean, bestelako mailetan egin doguzan urratsak aurrera egin ezinean geratuko dira, ez hori bakarrik, lan munduan euskerearen presentzia eta erabilerea indartu nahi badoguz, Lanbide Heziketearen bidez bihar-etziko beharginak euskalduntzeko edo alfabetatzeko bidea egin beharko dogu.
Era berean, euskeraz ez dakienak euskalduntzeko edo euskeraz jakin arren, nonahi erabili daian alfabetatzeko, helduen euskalduntze-alfabetatzea indartzea ezinbestekoa da. Horretarako sareak egoera, eskari eta behar barrietara egokitzeko pausuak egin beharko ditu, eta horretarako, irakasleak preparau, eskaintzea zaharbarritu, material, metodologia eta teknologia barriak erabili beharko ditu.