A Student Grammar of Euskara
Oraintsu izan da Australiako Sydneyko Unibersidadean A Student Grammar of Euskara (Euskerea Ikasteko Gramatikea) liburuaren aurkezpena, eta honezkero Jon Patrick Unibersidadeko irakaslearen eta Ilari Zubiri Ibarrondo euskalzale ezagunaren lan interesgarria eskuragai dago.
Australiar batek idatzitako euskera eta euskal gramatikeari buruzko lehenengo liburuaren aurkezpenean berrogeita hamar bat lagun alkartu ziran. Horreen artean, William Douglas, AEBetako antropologoa. Gaur egun, Douglas jauna Australian dago, han bizi diran euskaldunen ganeko ikerlana egiten. Horrezaz ganera, Sydneyko hainbat euskaldun hurreratu ziran, besteak beste, Carlos Orue jauna Gure Txokoko presidentea eta Australiako hezkuntza arloko zenbait arduradun.
Sydneyko Unibersidadeko Hizkuntza Fakultadeko buruek egin eben aurkezpena. Jon Patrick jauna benetan hunkituta azaldu zan, eta inguruan zituan lagunei lehenengo euskeraz eta gero ingelesez egin eutsen berba.
Euskerea ikasteko gramatikea egiteko arrazoiak emoteko eskatu eutsienean, Jon Patrickek honakoxe erantzuna emon eban: 'euskereak orain ia-ia hamar urte harrapau ninduanean, ez neban inon topau Europako hizkuntzarik zaharrena osotasunean aztertzen eban libururik. Hutsune hori bete guran, atoan hasi nintzan beharrean eta ordutik zazpi urte joan dira'.
Materialik eza dala eta, euskerea ikasteari ia-ia uko egiteko prest dagozan ikasleei lagundu gura deutse Patrick jaunak liburu erraz honen bidez eta, horrezaz ganera, beste euskaldunbarri batzuen interesa biztu gura dau, ikasteko bide egokia dala uste dau eta.