Joseba Iriondo: 'Gizakiak badauka egoera larrienei be normal etxurea emoteko jokerea'
Joseba Iriondo Orbegozo, Azpeitian 1969an jaioa, kazetaria; ibilbide profesionaleko lehen pausuak Euskadi Gaztean egin ostean, orain 10 urte EITBn sartu zan beharrean eta gaur egun hortxe dabil albistegietako aurkezle edota barriemoile beharrak egiten. Azken boladan, Iraken kontrako gerrea tarteko, sarri-sarri sartu da gure etxeetan, izan be, Iraken pare bat hilabete egin ditu bertako gorabeherak geuganatzen. Bagdaden eginiko beharragaitik Ortega y Gasset kazetaritza saria jaso eban Espainiar Estaduko ganerako kazetariekaz batera. Momentu gogoangarriak, gogorrak bizi izan ditu eta horreek danak 'Palestina Hotela, I,am not american, I,am basque' izeneko kronika liburuan jaso ditu. Joseba Iriondo kazetariaren lehenengo liburua da.
1. Zorionak Joseba Iraken egindako beharragaitik eta orain aurkeztu dozun liburuagaitik. Zelako esperientzia izan da han bizitakoak orrietara pasetako prozesua?
Eskerrik asko; oso pozik nago, esperientzia ederra izan da eta zure lehenengo liburua plazan ikustea beti da pozgarria, oso ilusionauta nago 'ume txikiagaz'.
Liburua kazetari baten begiekaz egin gura izan dot, nire ikuspuntua kazetariarena dalako eta gatazka honetan kazetarien heriotzak be albiste izan diralako, beste gerra batzuetan baino gehiago. Aurtengo apirilaren 8an Palestina Hotelean pasautakoa da guztiaren ardatza: Jose Couso kazetariaren hilketea. Hortik aurrera, han bizitakoak jasotea izan da asmoa.
Ahaztu aurretik esango deutsut: liburuan agiri diran argazkiak Joserra Plaza kamara eta argazkilariarenak dira eta zuzenketak aitak egin deustaz; biei eskerrik asko.
2. Estudio berotik gerra girora salto egiteko erabagia noiz eta zergaitik hartu zenduan?
Kasualidade kontua izan zan, Afganistango egoeraren barri emoteko bateren baten bila ebilen albistegietako burua eta, tira, momentu horretan ni parean nengoan eta nire amesetako bat zanez, berehala joateko prest negoala esan neutson. Haren haritik beste aukera hau etorri zan eta espero dot besteren bat etortea. Gurako neuke gerra gehiagorik ez egotea baina uste dot hori pentsetea inozokeria hutsa dala.
3. Gerrako kronika edegia da ze oraindino arazo pil-pilean dago.
Holan da bai. Ganera, ez neban nik antolatu baina liburuaren izena Palestina Hotela izanda, liburuaren aurkezpen egunean hotela erasotua izan zan. Duda barik momentu zehatzean amaierea daukan kronikea da baina edegia goitik behera ze hemetik aurrera gauza asko pasauko dira Iraken bai politika zein gizarte mailan. Honek ez dau esan gura Iraki buruzko bigarren kronika bat idazteko aukerea aztertzen nabilenik, batez be, pentsetan dodalako kronika hori zarratzeko oraindino urte asko beharko diralako; kontuan hartu, urte asko egon dirala diktadurapean eta transizinoak be bere urteak beharko ditu Iraken egoerea egonkortzeko.
3. Han bizitako momentuetatik bat edo beste nabarmenduko zeunke?
Asko egon ziran baina mikatzen artean, Cousogaz pasautakoa ondo gogoan daukat, benetan txarto pasau gendualako; Madrilen be hiru bat urte egin genduzan alkarregaz beharrean, lagunak ginan. Alde horretatik terapia moduko zeozer izan da liburua idaztea barruan neukazan gauza guztiak hustu dodazalako. Liburua Jose Cousori eskaini deutsat. Horrezaz ganera, egoera gogorrak asko izan ziran, tentsino handiko egoerak bizi genduzan, leherketa hotsakaz gau osoak lorik egin barik, ospitalean Ali umearen irudiak grabau genduzanean...
4. Zer pasetan jatzu burutik bonba piloa gainera jatortzuzanean eta holako momentu larrietan?
Egia esan, zentzuzko gauzarik ez, ez zara ahalegintzen egoerea aitzen edo benetan pasetan dagoanaz gogoeta egiten edo horretaz jaubetzen, azken baten, ulergatxa dalako. Orduan, esango neuke gizakiak badaukala, edo behintzat nik holan frogatu dot, egoera larrienei be normal itxurea emoteko jokerea, hori gizartean ikusi genduan bonbardaketak hasteko egozanean, bizimodu normala egiten ebelako. Guk geuk be, ahal zan neurrian behintzat bardin jokatzen ahalegintzen ginan, bonbardaketak egon arren bizimodu 'normala' egiten eta ezer pasauko ez balitz moduan lo egiten; dana dala itortuko deutsut nire logelakideak lo zapla egin arren, niretzat lo egitea ezinezkoa zala.
5. Ez da gerra kronika objektiboa izan. Zure jarrerea argi adierazo dozu liburuan.
Bai, bai. Ezin da gerra baten ganeko kontakizun objektiborik egin eta bizitakoak bizi ondoren, eta ikusitakoak ikusita gerra honi buruzko kontaketa sasi-objektiboa egiten hasten dana pentsetan dot guzurretan dabilela. Iraken kontrako gerrea hasteko guzurrezko arrazoiak aitatu ebezan eta gero ikusi da guzur galantak izan dirala; milaka zibil hil dira eta ez jat bidezkoa begitantzen kontaketa objektiboa. Irakek arma kimikoak eukazala aitatu zan eta gero, barriz, ez dabe holakorik topau. George Bushen gobenuari nik ez deutsat inoiz sinisgarritasunik emon eta aurretik kontau ebazanak entzunda gero eta gitxiago. Ganera, gero eta muturrerago doa bere jarrerea apaldu beharrean. Ez da nire gustoko politiko horreetako bat.
6. Pare bat hilabeteko egonaldiaren ondoren, orain hilabete eta erdi inguru barriro egon zara Bagdaden. Ze aldaketa igarri dozu?
Guztia txarrera joan da. Diktadura baten menpean bizi arren eta hamabi urteko enbargoa sufridu arren, gerra aurretik bizi-baldintza nahiko egokiak eukezala Bagdaden esango neuke. Orain, askosaz okerrago bizi dira: edateko urik barik dagoz, argi indarrik be ez, kaleak zaborrez beteta dagoz, kaleetan gerrilla giroa da nagusi eta etsi-etsi eginda eta oso triste bizi dira; honi guztiari ez deutse etorkizunik ikusten eta, horregaitik, pena emoten dau lehen alai ziran kale hareek orain arratsaldeko bostetan zarratuta ikustea lapurren bildur. Oraingo egoerea benetan mikatza eta gogorra da. Hamabost egun egin genduzan bertan eta amaierarako alde egiteko gogo handia geunkan ze ikusitakoak ikusita triste gengozalako egoera baltz hori ikusita.
7. Egoerak okerrera egin dau Bagdaden baina konponbiderik ete dauka honek guztiak?
Nik ez dakit. Etorkizunari begira, holakoak esatea ez jat gustetan baina esango neuke hauteskundeak egiten ez diran bitartean eta AEBek emoitzak onartzen ez dabezan bitartean han ez dala bakerik izango. Emoitzak onartzeak esan gura dau gehiengoak, hau da, xiiak agintea eukitea eta ez dot uste AEBak prest dagozanik hori onartzeko, azken baten, xiiak iraniarren anaiak diralako eta gatxaren oinarria diralako amerikarren ustez. Zoritxarrez, etorkizun argirik ez dot ikusten.
8. Aurrera begira, gerra-korrespontsal zeregin horretan jarraitzeko gogoa dozu?
Gerra-korrespontsal berbea ez jat larregi gustetan, azken baten gerra eta bake kazetariak garelako eta gerra-korrespontsalak badaukalako holako ukutu mistiko bat eta ez dot oso gogoko. Dana dala, lanbide bera asko gustetan jat, oso bizia dalako eta kazetaritza era garbi eta kutsatu bakoan bizitzen dalako era honetako egoeretan. Beraz, holakoetara joateko prest nago.
Koldo Isusi Zuazo