Musikea  II. urtea // 39. zenbakia - 2003ko abenduak 1

Michael Jackson: herri musikearen ikono

Azken egunotako pop munduko izar zuri-baltzaren inguruko saltsa hau guztia ez ete da izango AEBetako gobernuaren estrategiaren bat lar zabaltzea interesetan ez jakozan gai asko isilarazoteko?.

Michael Jackson eta bere mundua kolokan dagoz eta asko izan dira munduan zehar Jacksoni babesa eta alkartasun mezuak helarazo deutsiezanak. Pentsetan hasi ezkero, zenbatetan egin dogu dantzan eta gustora dagoeneko klasiko bihurtu diran “Black or White” edota “Thriller” moduko abestiekaz?.

Halan da guztiz be, beti iruditu izan jat persona bitxia, 'ilun' edo 'arraro' puntu bategaz; zer gogoeta egin leike azal baltzeko morroi batek azal zuria lortzeko ahaleginetan hasteko?.

Azken teletipoa. 'Las Vegas uriko zenbait lagunek bart gauean Elvis ikusi dabe kotxe zuri baten barruan'. Hau zoramena, mundua hankaz gora dago!

Gotzon Uribe

'Michael Jackson ume bati biluzik argazkiak atarateagaitik eta film pornografikoak erakusteagaitik akusatua izan da'. Artikulu hau idazten nagoen bitartean hau izan da irakurri dodan azken teletipoa Michael Jackson-en inguruko eskandalua dala eta.

Joan dan astean hasi nintzan buruari bueltak emoten eta hainbat gauza etorri jatez burura. 'Michael Jackson-en aholkulariari bere hileroko gastuak 1.000.000 dolarretara murrizteko ahaleginetan dabilz'. Ez dakit ba, azken boladan zer pasetan dan AEBetan.

Michael Jackson, pop musikearen magalean, azken bi belaunaldietan sortu dan izarrik haundienetarikoa da, akaso gaur egun sasoi bateko izarraren diztirea apaldu egin dala eta izarrak horenbeste disko be ez dauela saltzen pentsau leiteke baina huts galanta da hori, Michael Jackson-ek gaur egun milioika disko saltzen ditu, eta urteroko ziteari huts egin barik, aurtengo gabonetara begira oraintsu plazaratu dau “Number Ones” izeneko disko bilduma bat: txin-txin diruaren hotsa; baina orain ez da diru kontua, edo beharbada bai; dana dala, Michael kartzelara joateko bidean dago eta guztia umeakaz daukan 'obsesinoa' tarteko.

Zer pentsau edo ze gogoeta egin leike holako morroi batek, diruak ez dakarrela zoriontasunik badakigu baina lagungarria bada behintzat eta Jacksonek gura dauen guztia eskuragarri dauka, 'egoa' gainezka, bere mundu berezia sortu dau eta pop musikearen errege da edo izan da, herri musikearen ikono.

Azalaren kolorea aldatzeko egindako operazino-astokeria, umearoan bizitako momentu gogorrak, gaur egun umeak maitatzea, umeakaz egon eta eurekaz lo egin gura izatea osogai bereziak dira morroi baten nortasunaren osogarri. Halan da be, egoera horreek guztiak ez dabe justifiketan poparen izarraren jokabidea.