Kulturea  II. urtea // 39. zenbakia - 2003ko abenduak 1

Gose greban antzerkiaren alde

Udalak Mira Antzokian saiorik ez programetearen arrazoia da, Pablo Zubikaraik esan ebanez, “aurrekonturik ez dagoala. Horixe da esaldi magikoa, eta kito. Esate baterako, Udalagaz gauza merke-merkeen gainean egin genduan berba, aurrekonturik apurtuko ez eutsien proiektu egingarrien gainean. Udan Kultura zinegotziagaz eta zuzendariagaz egon ginan, eta proposatu geuntsen euskerazko ikuskizunen bat hemen egin eitekeala, merkeago gainera. Baina erantzun euskuen ezetz: Gurutze Plazea komertzialagoa dala”. Izan be, Zubikaraik eskatzen dauena programazinoaren ohiko lekuak zabaltzea da, Gurutze Plazako San Migel Parrokiaren esku dagoan Mikael Zineman emoten dira-eta antzerki obra asko, eta areto hori ez ei da egokiena holako saioetarako: Zubikaraik dinoanez, Iruñeko Udaleko euskera teknikaria dan Azkona jaunak, “espazio horretan saioak programetean, ikuskizunak baldintza txarrean eskaintzen ditu, eta publikoari ez deutso ixten saioa behar dan moduan ikusten. Eta hori, euskeraz egindako ikuskizunak diralako”. Halanda be, Zubikaraik ez dau esklusibidaderik eskatzen Mira Antzokiarentzako: “alkarte kultural guztiak ez dira neurri beragaz neurtuten, eta guk gura dogu alkarte guztiak antzera tratetea, eta danon diruagaz programetan danaren zati bat Mirara be ekartea”.

Edozelan be, eta arazoak arazo, Zubikaraik alkartasun adierazpenak asko jaso ditu, besteak beste Lakuako Gobernuarena, Euskal Aktoreen Batasunarena, Kataluniako Aktore eta Zuzendari Profesionalen Alkartearena, edo Kolonbia eta Argentinako alkarte batzuena eta Bizkaie! Aldizkariarena. Horrezaz gainera, Albert Boadella, Tristán Ulloa, Antonia Sanjuán, Albert Pla, David Barbero, Fele Martínez, Unax Ugalde, Gorka Aginagalde edo Carlos Gil-en moduko jenteak, antzerki eta kultur mundukoak danak be, alkartasuna adierazo deutsie.

Edizino hau zarratzeko orduan, Pablo Zubikaraik 25 egun egin ditu gose greban, eta Nafarroako Gobernuko Turismo eta Sustapeneko zuzendari nagusia dan Cristina Arcayagaz batzartu da, lankidetza-hitzarmen bat lortzeko asmoz. Zubikaraik esan dauenez, “Gobernuaren aldetik jarrera aldaketa interesgarria ikusi dogu”. Bien bitartean, Iruñeko Udaleko ordezkariek ez dabe pausurik emon arazoa konpontzeko, Zubikaraik instantzia aurkeztu eban arren Udaleko Kultura zinegotziagaz eta zuzendariagaz batzeko.

Azken-azkena: Pablo Zubikaraik 26 egun egin ditu gose greban eta ospitalera eroan behar izan dabe. Mira Antzokiaren etorkizuna nahikoa baltz dago.

Julen Gabiria

Iruñean, azken boladan, arte eszenikoen munduak arpegi bi daukaz: batetik, Nafarroako Kongresuen Jauregi eta Auditorioa, Baluarte izenekoa, sortu da. 63.000 metro koadrogaz, mota horretako egiturarik handiena da Euskal Herrian. Hirurogeita hemeretzi miloi euroko aurrekontua euki dau eta inaugurazino ekitaldian egon ziran Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidentea, Elena de Borbón infantea eta haren gizon Jaime de Marichalar, Rafael Gurrea Nafarroako Parlamentuko presidentea edo Yolanda Barcina Iruñeko alkatea.

Baluarte inaugurau zan aste berean, Arrosadia auzoko Mira Antzokiko zuzendaria, Pablo Zubikaraik, gose grebeari ekin eutson, Nafarroako erakundeek ekimen kultural horregaz daukien interes eta babes ekonomiko faltea salatzeko.

Mira Antzokia orain dala hiru urte sortutako ekimen pribatua da, hamar pertsona inguruk osotutakoa eta 600.000 euroko inbersinoa euki ebana (132 Mira Antzoki egin leitekez Baluarteren diruagaz). Baina hasierako inbersinoak eginda eta hiru urte pasau ostean, erosketa-opzino bat erabilteko aukerea sortu jake, errentan dagoz-eta. Horretarako, 26.000 euro (4 miloi eta erdi pezeta baino gitxiago) behar ditue epe laburrean, eta Iruñeko Udalari eskatu deutsie Mira Antzokian euskerazko saioren bat programetako, modu horretan zorrari aurre egiteko, osterantzean antzokia zarratu beharko leukie eta. “Gura doguna da zorra bardintzea, ze ez da handiegia be”, esan eban Pablo Zubikaraik, “guk behar egin gura dogu, ez dogu diru-laguntzetatik bizi gura. Akordioetara heltzeko prest gagoz: gure asmoa ez da aurrekontuak hankaz gora ipintea, ez partida barriak sortzea, ezpada gastetan dabilzana zuzentasunez gastetea”. Hain zuzen be, Zubikaraik hitzarmenen bat lortzeko eskatu eutsan UPN eta CDNren esku dagoan Udalari, egoera txarretan eta antzoki desegokietan emoten dan teatro-programazinoaren zati bat gitxienez Mira Antzokira eroateko. Udal gobernuak, baina, ez dau jarrera onik erakutsi, eta PSNk, IUk, EAk, EAJk eta Aralarrek jarrera horren kontra egin dabe.

Arazo horren aurrean, Mira Antzokiak ikuskizunen maratoi bat preparau eban lau egunerako, prezio merkeak ipinita, eta jenteak ederto erantzun eban. Maratoia luzatu egin behar izan eben, eta hasierako ekitaldiak apalagoak izan baziran be, azkenekoetan izen handiagoko artisten obrak ikusi ahal izan ziran. Ander Lipusek, esate baterako, “Ardoaz” lana taularatu eban, eta Peru, Txile, Argentina eta Ekuadorreko dantza eta musika batzen zituan festibala be antolatu zan. Gainera, txotxongiloak, helduentzako zein umeentzako antzerkia, kontzertuak, bertsolariak, trikitilariak, eskulan-tailerrak, magia, erakusketak eta beste ekitaldi asko be egin dira bertan.