Antxina-barri  II. urtea // 39. zenbakia - 2003ko abenduak 1

'…gure legea gorde...'

Gamazadea edo nortasunaren aldarrikapena


Aurrez aurreko giroa luzaroko kontua izan zan

Nafarrek eurenak egin zituen Iparragirrek sortutako Gernikako Arbolaren abestiko testua eta musikea. Bertan agertzen zan ondoen, euren ustez, foruen esangurea eta garrantzia. Abestiaren berbak itzuli be egin ziran erderara. Beste alde batetik, foruen alde eta Gamazoren kontra Iparragirreren abestiaren musikea aprobetxau eta beste berba batzuk asmau zituenak be agertu ziran.

Egoerea okerrera joiala ikusirik, Espainiako gobernuak Nafarroako diputaduak deitzea erabagi eban. Hasieran ez eben joan gura izan, baina azkenean, arazoari konponbidea emoteko asmoagaz, baiezko erantzuna emon eta Madrilera joan ziran orduan diputaduak ziran Ramon Eseverri, (lehendakariordea), Ulpiano Errea, Pedro Jose Arraiza, Jesus Elorz, Ricardo Gaston, Rafael Gaztelu eta Leon Yanguas. Dana dala, ez eben konpontzeko modurik izan. Diputadu nafarrak behin eta barriro agertu ziran lege barriaren kontra ezelako negoziazinotan sartu gura barik. 1894ko zezeilaren 18an, Euskadira bueltan etorri ziranean, hainbat euskaldun hurreratu zan nafarrak agurtzera. Nafarrak ez eze, foruen alde egozan beste hainbat euskaldun be batu ziran Castejoneko kaleetan; sasoiko egunkari eta testiguen esanetan, ikusgarria izan zan jenteak kalera urten eta euren ordezkariei emondako harrerea.

1894ko martiaren 8an German Gamazok kargua itxi behar izan eban, bere lekuan Amos Salvador jarriz. Gobernu burua zan Praxedes Sagastaren esanetan, Gamazoren dimisinoa ez zan etorri Foruak kendu gura izateagatik, kentzea lortu ez ebalako baino. Dana dala, nahiz eta ministro barria ahalegindu Gamazoren lege berbera ezartzen, Melillako gerrearen eta Kubako altxamenduaren eraginez, Espainiako Gobernuak aurrekontu legea baztertzea erabagi eban. Kontuak kontu, aurrekontu lege barria onartu barik amaitu zan legealdia.

Konturatu zarien legez, estimadu eukien aurreko mendeetako euskaldunak euren askatasuna erabagiak hartzerakoan eta Gamazadea eta bere esangurea ez galtzeko Foruen aldeko monumentua eregitea pentsau eben. Monumentu hau Iruñeko Gaztelu Plazearen erdian dago gaur egun. Bertan, ondokoa irakurriko dozue:

Gu gaurko euskaldunok
Gure aitasoen illezkorren
Oroipenean, bildu gera emen
Gure legea gorde nai
Dugula erakusteko.

Holan dakar bai erderaz... zein euskeraz, hizkuntza honen kontrako lege ergel baten batek hau be ezabatzeko derrigortasuna ez dakarren bitartean behintzat.

Asier Madarieta,
Abertzaletasunaren Agiritegiko Teknikaria.


Foruak zer ziran deskribidukeran, ohituretan oinarritutako legeak zirala esatea jatorku lehenengo gomutara. Hau da, mendez-mende, belaunaldiz-belaunaldi, euskaldunak onartu eta ezarritako legeak. Beraz, euskal nortasunaren adierazle ziran foruak. XVIII eta XIX. mendeetan estadu liberalen susperraldiagaz, bai frantsesak zein espainiarrak, euren estadu proiektuak eregi, sendotu eta berresteko asmoz, barruan ziran herrien ezaugarriak (euskaldunak be bai) ezabatzen ahalegindu ziran.

Gaur hona dakarguna, foruen deuseztatze prozesu horretan izandako tira-biretariko bat da: Gamazadea. Argi ikusiko dogu Espainiaren menpe zein Frantziaren menpe, euskaldunak beti ahalegindu dirala euren nortasunari eusten. Horretarako, beharrezkoa zan euren ezaugarri bereizgarriak ziran hizkuntzea, lege, ohitura zein beste edozein berezitasun edo ezaugarriren alde egitea. Gamazadea ba, foruak emoten eben askatasuna bermatzeko Nafarroan egindako ahaleginetariko bat dogu.

Arazoa Madrileko Gazetan argitaratutako artikulu baten ondorioz hasi zan

1893ko maiatzaren 11an, German Gamazo, ogasun ministroa zanak, Estaduko aurrekontuetako lege barriaren proiektua jakinarazo eban. Lege horretako 17. artikuluak Nafarroan be, Estadu espainiarreko lur guztietan indarrean egozan zerga eta kontribuzinoak ezartzeko agindua ekarren. Gauzak holan dirala, Nafarrek 1841ean Espainiako gobernuagaz adostutako foruen iraupena bertan behera geratzen zan.

Nafarrak berehala hasi ziran lege barriaren kontra protestaka. Aitatu hilaren 16an Nafarroako aldundiak legearen aurkako adierazpena egin eban. Gero Nafarroako udalek legea bertan behera ixteko eskatu eben. Herrietan sinadurak batu eta maiatzaren 18an bost merindadeetako uriburuetan manifestazinoak egin ziran. Azkenik, bagilaren 4an manifestazino handia izan zan Iruñeako kaleetan.

Armak be hartu zituen batzuk. Holan egin eben nafar batzuk Jose Lopez Zabalegi eta Antero Señorena buru ebezala, baina euren ahalegina ezerezean geratu zan ezelako laguntzinorik izan ez ebenean. Lehenengoak Iparralderantz jo eban eta bigarrena kartzelan sartu eben.

Foruak eta honek ekarren askatasuna arriskuan egozan eta berehala beste euskal lurraldeak be nafarrakaz bat egin eben. Gasteiz, Gernika, Biasteri edo Donostiko kaleak, foruen alde eta nafarrei alkartasuna erakusteko manifestazino eta ekitaldien testigu bihurtu ziran. Gipuzkoako uriburukoak izan ziran, ekitaldien artean, ondorio larrienak ekarri zituenak, Guardia Zibilek lagun bi hil eta beste hainbat zauritu zituen eta Espainiako Gobernu burua zan Praxedes Mateo Sagasta babesteko, manifestarien kontra jo ebenean.