Peru: irribarrea eta negarra
Iratxe Ormatzaren ibilerak Hegoameriketan (I)
Amazonas
Autobusa hartu dogu Amazonasera joateko: hogeita lau orduko jesarraldia, baina ailegau arte bentanaren bestaldetik agerten jatzuna gozeteaz ganera, badago zer eginik: bideoak ikusi, bingoan jokatu eta eskaintzen daben afaria eta bazkaria jan. Ez da gitxi. Goizean autobusak geldialditxua egin dau armozua jateko: arroza eta okelea, gogorregia ohituta ez dagoan batentzat. Frutea jan dogu.
Limatik Amazonasera bidean asko aldatzen da paisajea. Limako inguruak siku-sikuak dira, ez dago ia berderik. Dana da harria, harea eta arbola solteren bat. Iparraldera zoazela, berdea gero eta ugariagoa da. Azkenean, Tarapotora ailegau gara. Amazonasek herria inguratzen dau, basoak dana hartzen dau, baita geu be. Beroa, izerdia eta hezetasuna azalean ezarri jakuz. Herriko talaiatik ikuspegia ederra da: etxeen artean be, arbolak, etxeak eta landareak; harago basoak eta atzean, basoz beteriko mendiak. Berdez beteten dabez begiak.
Herrian ibilteko moto-taxia hartu dogu: aurrean motorra eta gidaria, atzean gurpil biren ganean jesarlekua eta eguzkitik eta euritik babesteko estalpea. Batetik bestera ibilteko modu benetan ederra da: gure aurpegi irribarretsuak laztantzen ditu haizetxuak.
Hurrengo egunean, Moyobambara joan gara. Herri txikerragoa da: baketsua. Ur-bero terapeutikoak dagoz bertan eta ez dogu hutsik egin. Ez gara izan bakarrak. Jai-eguna da eta bertoko ume, gazte eta familiak hara joan dira egun-pasa egiten. “Gringuito” (hemen esaten deuskuen moduan) bakarrak gara. Itzel egon gara, txorroen azpian eta ur beroz betetako putzuetan. Arratsaldean ur sulfurosoetara joan gara, basoaren erdira beraz. Paraje ederra. Ur-jauzi benetan dotorea ikusi dogu. Landareak ezin ederragoak. Izadiak emonkortasunez adierazoten dau bere burua. Harro. Gidariagaz maitaleen kobazulora joan gara. Han bikote bat ikusi eta han itxi doguz, kobearen babesean. Ibilaldiaren ostean, ur sulfurosoetara sartu gara: hatsa dago. Arrautz egosien hatsa sortzen dau ur sulfurosoak baina bainua ederra izan da. Uretatik urten eta hangoakaz berba egin dogu. Quechuaz egiten dabe, baina guk daukaguzan arazoak daukiez, hau da, jakin arren, jenteak ez dauelako quechuaz egiten.
Hurrengo egunean, basoan sartu gara barriro be. Lamasera joan gara. Herri txiki eta lasaia da. Ez dago “gringuito”-rik. Peruko indioen komunidaderik handiena bizi da bertan. Waiko dauka izena. Lamasetik bereizita dago. Euren ohituren arabera bizi dira, modu nahiko autonomoan. Abuztuan komunidade indigenen lehen topaldiak egin ebezan: alkarri euren barri emoteko eta laguntzeko euren bizimoduagaz aurrera egin ahal izateko. Eskola bat be badago eta han quechuaz eta gaztelaniaz erakusten dabe. Herri ezin politagoa da. Etxe guztiak beilegiz pintauta dagoz, teilatuak abarrakaz eginda eta gehienek betiko janzkerea gordetan dabe. Arrantzan, lurra lantzen eta eskulanak egiten emoten dabez orduak. Irribarreak eta ezpanak lotuta dagoz waikotarren aurpegietan. Andra bategaz berbetan hasi gara eta kontau deusku ume bat daukala, zortzi urtekoa. Umea ezkondu barik euki eban. Sasoi gogorrak izan ziran berarentzat. Umea izateaz gan, ikasteko gogoa eukan. Ez eban, baina, mutil-lagunaren laguntzinorik jaso eta bakarrik geratzea erabagi eban. Gauza asko kontau deuskuz, besteak beste, loak hartzen gaituanean, arimak gorputzetik urtetan dauela. Orduan amesetan egiten dogu eta arima atzera gorputzean sartzen jakunean, izartu egiten garela.
Agurraren ordua
Waikotarren zati bat aldean daroagu, herriko talaiara joan garenean. Handik Amazonasen handitasuna ikusi dogu. Asago inizituek zerua hodei artean argitu dabe: benetan, ederra!, euria goian-behean eta berdea jaun eta jaube. Eta gu, gu ez gara hostotxu txiker bi baino. Ia ez gara ezer hango handitasunaren erdian, barruan handitasuna igarri badogu be. Zelan ez sinistu zeruan, basoan eta lurrean ahalmen bereziko izakia badagoala? Geuk be sinisten genduan sasoi batean, sasoi haretan.
Etxerako bidean, abogadu bategaz konpartidu dogu taxia. Azaldu deusku zelakoak diran hemengo gabeziak eta pobrezia. Aurpegietan irribarrea eta poza azaldu arren, txirotasuna bidaide dabe bizitza osoan.
Iratxe Ormatza
Limako aireportuko atetik kanpora lehenengo pausua emon eta igarten dozun lehenengo gauzea usaina da. Usain berezia. Taxi-gidariaren berbakerea be gozoa da, errez entzutekoa. Doinu berezia dauka eta darabilzan berbak liburu batetik ataratakoak emoten dabe. Euskal Herrian gaztelaniaz lagun artean nekez entzuten diranak, hemen barra-barra erabilten dabez eguneroko jardunean. Hiztegi aberatsa daukie hemengoek, helduak zein umeak izan.
Lima uriburuan trafikoa zoratzeko modukoa da: makinatxu bat kotxe, autobus eta furgoneta. Autobusak eta furgonetak ganezka doaz. Bide zabalak dagoz, norabide berean doazen kotxe bi sartzeko modukoak. Kotxeak ezkerretik zein eskumatik sartzen dira. Gure begiakaz ikusita, kaosa emoten badau be, hemengo arauek agintzen dabe: ez dago kaosik. Bozinak ez dira inoiz isiltzen: non dagozan jakinarazoteko, oinezkoak ez atrapetako, turistei taxia eskaintzeko, bide-gurutzetan inor baino lehen aurrera egiteko…
Limako erdialdea polita da, estilo kolonialeko hainbat etxe eder dagoz. Ezin dozu burutik kendu, orduko sasoian zenbat aberastasun kendu eutsiezan herritarrei ikusten dozuna eregiteko.