Bidaide  II. urtea // 39. zenbakia - 2003ko abenduak 1

Miarritze eta Baiona

'Aire' desbardina Bilbotik hur


Leku ederrak

Erosketak egiteko be leku ona da Iparraldea eta, gaur egun, orain urte batzuetako mauka edo parebako aukerak topauko ez badoguz be, antojuren bat edo beste topetea leitekeana da. Berbarako, Lapurdiko Uriburuan historia eta erakarpen bereziko txokoak dagoz eta leku askotan Europako txokolaterik onena probau eta erosi zeinkie.

Jaietatik kanpo, Miarritzen zein Baionan barriketarako zein deskantsurako zenbat-gura terraza dagoz, Miarritzen itsasoa begibistan daukazuela ganera eta Baionan katedraleko torreen gerizpean.

Turismo kulturala gustau ezkero, Baionan hiru museo interesgarri dagoz: euskal historiaren ganekoa, historia naturala azaltzen dauena eta Bonnat-eko Arte Ederretakoa, azken hau Frantziako onenetarikoa, beti be, baionarren esanetan.

Kontuak kontu, lar ezagunak ez badira be, Miarritze eta Baiona Iparraldeko bihotzean topauko dozuezan uri maitagarriak dira, astiro eta patxadaz bisitetako modukoak. Bidaide atal honetan, normalean urruneko lekuen barri emoten deutsuegu baina ezin ukatu, sarritan paraje exotikoenak eta ederrenak eta sorpresa gogoangarriak etxetik hur be badagozala.

Testua eta argazkiak,
Zigor Aldama

Jaietan atrapau doguz, milaka lagun zuriz jantzita eta painelu gorria saman lotuta, barreka, dantzan eta kantuan, eskuetan kalimotxo edo garagardaoaz betetako katxiak dabezala. Zuria eta gorria nagusi izan arren, ez dira Sanferminak, Baionako jaiak baino. Euskal Herriaren Iparraldea, Frantziaren hegoaldea. Euskerea, gaztelania eta frantsesa eskutik, Iparraldeko uririk handienean, giroaren aldetik, Euskadiren eta Frantziaren antz txikia euki arren. Kulturen nahastea Bilbotik pare bat ordura eta Donostiatik ordu erdira. Baionatik paraje Miarritze bisitetea be merezi dau eta bertako kale eta eraikinen magiagaz gozetea, hori bai, ahal dala, uda sasoitik kanpo.

Bidaide atalean, etxetik hur egon arren, aire desbardineko ingurua ezagutarazoko deutsuet. Aukera polita urteko edozein astegoien pasetako edo egunpasa egiteko.

Goitik beherako aldaketea

Espainia eta Frantziaren arteko armazoi metalikoa pasau ostean, habe zuri erraldoiak ikusiko doguz eta zeozelan goitik beherako aldaketea iragarten deuskue. Hego Euskal Herriko harrizko baserriak desagertu eta bazter guztietan leiho-tapa urdin eta gorriko etxe zuri-zuriak ikusiko dozuez. Ikurrinea Frantziako hiru koloreko banderearen ondoan dago eta giroan bestaldean ez dagoan nasaitasuna igarriko dogu. Kaleak garbi-garbi eta dotore apaindutako eraikinak edonon topauko dozuez. Itsasoaren ondoan paseoan ibiltea gustau ezkero, Miarritzeko itsas-pasealekua leku aproposa da, izan be, ibilbidean Kasinoa eta Katedrala ezagutuko dozuez. Miarritze paseoaren paradisutzat hartzen badogu, Baiona be ez da txarra horretarako baina zaparrada gehiago eta Euskadigaz antz handiagoa igarriko dozuez. Dana dala, Baionako katedrala eta alde zaharra ez itxi bisitau barik. Baionako katedraleko patioa zoragarria da. Uri handia da Baiona 42.000 biztanle baino gehiago dituana.

Jaiak

Iparraldearen ohiko lasaitasuna eta isiltasuna hankaz gora doaz jaietan. Abuztuaren hasieran, Iparraldeko uririk handiena eta garrantzitsuena jai giroan sartzen da eta bazter guztiak zuri eta gorriz janzten dira. Lehen esan dogun legez, kalimotxoa, garagardaoa, katxiak, musikea, euskerea, frantseza eta beste hizkuntza batzuk protagonista bihurtzen dira Donostia, Gasteiz edota Bilboko jaietan legez. Dana dala, badagoz aldeak: Baionako kaleetan jente ugari dabil baina ez hegoaldeko jaietan beste; horrezaz ganera, garbitasuna azpimarrauko neuke; jaietan egon arren, aparteko ahaleginak egiten dabezalako uriko bazter guztiak garbi-garbi egon daitezen.

Batera eta bestera ibili ostean, kantsau-kantsau eginda bazagoze, Baionako alde zaharraren sarreran dagoan lorategia leku ona da arnasa hartzeko edota eguerdi-osteko siestea egiteko. Hortxe, alde zaharraren sarrera inguruan uriko harresiak dagoz, Espainia-Frantzia eta Frantzia-Ingalaterraren arteko aurrez-aurrekoak gogorazoten deuskuezanak; kontuan hartu, Baiona leku estrategikoan dagoala eta burruka iturri edo arrazoi izan dala historian zehar, Napoleonen interesa be erakarriz. Aitagarria, politika arloan be Baionak izan dauen garrantzia, izan be, Konstituzino baten idazketea eta sinaketea bertan egin ziran.

Beste alde batetik, Baionako Katedrala eta gotiko estiloko fatxadak dabezan eraikinak ugari dira eta paseoan zoazela, sarritan merezi dau alboetara ata aurrera barik, gora be begiratzea.