Gotzon Garate: 'Beethovenen 9. Sinfonia baino ederragoa da baserritarren etorria'
'Atsotitzak- Refranes-Proverbs-Proverbia (30.466)' liburuaren edizino eguneratua plazan
Gotzon Garate Goihartzun, 1934an Elgoibarren jaioa ibilibide luze eta emonkorreko gizona da. Irakasle 35 urtean, idazle, paremiologo...; hogeita bederatzi argitalpen daukaz plazan marxismoaz (7), ipuin zein gazte eta helduentzako eleberriak (12), erreportajeak (3), literatura kritikea (4) eta hizkuntzalaritzaz (3).
Filosofian doktore Madrileko Unibersidade Konplutesean, Teologian lizentziatua Insbruckeko Unibersidadean, Filologia Erromanikoan lizentziatua Deustuko Unibersidadean, Marxismoan espezializatua Friburgoko Unibersidadean bi urtez, Euskal Literaturan katedratikoa Deustuko Unibersidadean, Soziologian, Komertzialean eta Historian, marxismo-irakasle...
1978an Euskal Filologia karrerea sortu eban Deustuko Unibersidadean baina 1967tik Euskal Herriko zazpi probientzietako baserrietan ibilten da baserritarren altxorra jasoten. Hogeita hamasei urte geroago, Bizkaiko Zeanuritik Zuberoako Larraineraino makinatxu bat atsotitz eta esamolde bildu ostean, orain bost urte 'Atsotitzak-Refranes-Proverbs-Proverbia(27.173)' liburua atara eban, izenburuak dakarren legez, euskerazko, gaztelaniazko, ingelerazko eta latinezko atsotitzakaz. Laster agortu zan liburua baina bilketa beharrean ez zan etenik egon eta oraintsu liburuaren bigarren argitalpen eguneratua argitaratu dau BBK Fundazinoak CD-ROM eta guzti barruan 30.466 atsotitz dituala. Laster ganera, Adur Productions Etxeak Sarean jarriko dau liburua.
1. Ezer baino lehen, zorionak urteotan egindako beharra plazan dagoalako danon probetxurako.
Eskerrik asko. Halaxe da bai, lan honek urte asko behar izan ditu eta pozik gagoz bai. Dakizunez, orain bost urte atara genduan lehenengo edizinoa eta orain pare bat urte agortu egin zan; euskeraz, espainolez, ingelesez eta latinez jaso dodaz atsotitzak eta Euskal Herrian ez eze, kanpoan be, berbarako Ingalaterran eta AEBetan erantzun oso ona euki dau. Amaiera jakinik bako beharra da hau eta orain 98ko liburuaren berrargitalpen eguneratua aurkeztu dogu orduan baino 3000 mila atsotitz baino gehiagogaz, guztira, 30.466 dira.
2. Liburuaren meritua baserritarrena dala esan dozu. Gaur egungo gazteen euskerea zelakoa da?
Duda barik, meritua baserritarrena da. Orain 36 bat urte bilketa beharrari ekin neutsonean, aitita-amona asko egozan baserrietan eta horrexek ziran iturririk emonkorrena. Zoritxarrez, asko gaur hilda dagoz baina pozik nago edadeko baserritar horreek erabilten ebezan esaera zaharrak jaso nebazalako bestela batzuk, behintzat, betiko galduko ziran. Kontuan hartu, baserritarrak eguzkiz eguzki, goizetik gaueraino euskeraz berba giten dabela eta konturatu barik botaten dabez esaera zaharrak. Baserritarrak nire maisu handiak dira eta, ni, ostera, euren ikasle. Beethoven musikagilearen 9. Sinfonia baino ederragoa da baserritarren etorria.
Gaur egungo baserrietan gazteek ez dakie euskal atsotitzik, telebistaren eta teknologia barrien kulturan bizi dira eta, oro har, leku eta egoera jakinetan baino erabilten ez daben euskerea ez da aberatsegia. Dana dala, danak lapiko berean sartzea ez da bidezkoa eta, jakina, badagoz egon euskeraz sano polito egiten dabenak.
3. Atsotitz zahar edo klasikoakaz batera, barriagoak topau dozuz?
Bai. 'Gizona gizon otarrapetik be' eta era horretakoak klasikotzat hartu leitekez baina badagoz barriagoak be, batez be, gaurko munduari erantzuna emoteko. Beste batzuk galdu egiten dira atsotitzen sorburu edo jatorri diran egoera edota ohiturak desagertu ahala. Astoari buruz 120 esaera zahar edo dagoz liburuan baina gaur egunean, makinak sartu dira baserrietan eta astoak desagertzen doaz geldiro-geldiro. Antxina, astoa nahitaezkoa zan, danerako beharrezkoa zan bedarra, esnea edo egurra batetik bestera eroateko. Jakina, giro horretan sortzen ziran esaerak.
Esaera barriak be sortzen dira baina gitxi eta horreen bila euskeraz egunero egiten dan lekuetara joatea derrigorra da. Zoritxarrez, gaur baserrietan be erderea asko sartu da; alde batetik, gazteak eskolara joaten dira eta eskolan erderaz errezago egiten dabelako; bestetik, ni ibilten nazen baserrietan be ikusi dot: etxeko alabea erdaldun bategaz ezkontzea eta erderea nagusitzea. Penagarria da baina guztiok erderaz dakigun ezkero, erderara joten dogu.
4. Fabula edo alegiekaz pasetan dan legez, esaera zaharretan beti dago izkutuan irakaspen bat edo dana dalakoa. Atsotitzen bitartez herri baten historia be ezagutu daiteke?
Jakina. Fabulea da zeozer erakusteko, zeozelako mezua dago; esaera zaharren ezaugarria be horixe da filosofiatxua daukiela, hau da, 'Azeriak buztana luze, beste danak horrela dabela uste', hau da, zu zelakoa zaren, uste dozu besteak be antzekoak dirala, holakoxea da bizitza. Duda barik, ondo aztertu ezkero, pentsamoldea, historia, filosofia eta ohiturak be atara daitekez esaera zaharretatik. Getxon, Andra Mari Eleizan atsotitz ederra dago: 'Kalte dagianak bizarra lepoan'; izkutuko esangurea ez dau herriak ezagutzen baina labur-labur azalduko deutsut: kaltea edo gauza txarra egiten dauenak izango dau lepoan bizarra. Pentsaizu, esaera hau orain 500 bat urtekoa dala eta orduan beti bizarragaz ibilten ziran; gauza txarra egiten ebanak bildurra eukiten eban eta atzera begira jarrita bizarra euki ezkero, bizarra lepoan...; morroi batek gauza txarra egin badau atzera begira egongo da bildurrez esan beharrean, ze ederki: 'kalte dagianak bizarra lepoan', zoragarria da.
Historiako pasadizuak be topau zeinkez esaera zaharretan; Bizkaian eta Gipuzkoan oso ospetsua izan zan Butroi familia eta badira familia horren izen txarra adierazoteko esaerak. Beste gobernadore bat be izan zan iraultzaileak eta gogor erasoten ebazana eta horren ingurukoak be badira. Historia eta ohiturak sarri-sarri agiri dira atsotitzetan, berbarako 'Kontuz ezkontzerakoan, andreak ez dauka bederatziurrena eta' esaerea deigarria da; izkutuan ondoko kontua dago: baserritar batek beste bati behia erosten baeutson, bederatziurrena eukiten eban, hau da, bederatzi eguneko epea, esnerik emoten eban ala ez eta bestelako aproba batzuk egiteko eta behar izan ezkero, erreklamazinoa egiteko; andreagaz, ostera, ez egoan bederatziurrenik...
5. Oraingo argitalpenetik kanpo makinatxu bat atsotitz itxi dozuz baina beste burukomin bat daukazu orain, ezta?
Burukominak asko. Artikuluak, berbaldiak...; oraintxe ipuin bilduma bat be amaitu barri dot eta bai buru-belarri nabil 37 urtean bildu dodazan esamoldeak argitaratzeko gogoz. Esamoldeak atsotitzak baino inportanteagoak dira, izan be, sarriago erabilten doguz: 'Zoaz antzarrak ferratzera', 'Kokoteraino nago', 'Lekutako amaren etxean', 'Ez gatz ez berakatz'..., milaka daukadaz batuta eta horixe izango da nire bizitzako lan nagusia. Ia Jainkoak osasuna emoten deustan lana behar dan moduan atarateko.
6. Azken urteotan baserririk baserri ibilita, euskereak azken urteotan egin dauen ibilbidea be hur-hurretik ezagutu dozu. Gaur egun, zelan ikusten dozu euskerea?
Ba, begira, euskerea oso abagune larrian dago. Dakizunez, udak New Yorken pasetan dodaz eta han, ahal dodanean, behintzat Jesuiten Unibersidadean behar egiten dot. Nire lagunek han esaten deustie: 'beitu Gotzon, hizkuntza bat ez bada beharrezkoa, luzaroan ez dau iraungo', mundu osoko hizkuntzalarien eretxia da hori eta argi dago jenteak bestelako burukomin batzuk daukaz, bizitzea, lana, seme-alabak...; ogia irabazteko, bizimodua atarateko beharrezkoa balitz ikasi eta erabili egingo leukie euskerea orain kontrako jarrerea erakusten dabenak; kontua da ze beharrezkoa dan bakarra erderea dala. Erdereak euskerea be kutsatu dau eta kalkoak edonon entzuten dira: 'guardar silencio' horretatik 'gorde isiltasuna' atara dogu eta hori euskaldun peto-petoak ez dau sekula erabiliko, 'isilik mesedez', 'egon isilik' edo antzekoak baino. Euskeraz badago esaera eder bat: 'Norat haize, harat aise', orduan haizea nora jentea hara eta gu egongo gara bai euskaltzale batzuk euskerearen alde gogor baina gaurko arazoa da euskeraz jakin eta ez erabiltea. Horixe da formula magikoa: gazteok, euskeraz egin beti!
7. Euskerearen egoerea larria izan arren badago pozik egoteko arrazoirik?
Baietz uste dot. Euskereak gauza askotan aurrera egin dau; gogoan euki galazota be egon zala eta Francoren urteak ezagutu genduzanok momentu txarrak pasau genduzala. Nik 19 urtera arte ez neban euskeraz idatzi, ikasketa guztiak erderaz ziran eta orain, ostera, Nafarroako eta Iparraldeko egoerea gogorra bada be, oro har egoerea asko hobetu da; herri askotan galduta egoan euskerea barriro suspertu da. Mugaz bestaldean euskerea larri dago eta lehen be esan deutsut balio ez daben gauzak bota egiten dirala eta hortxe dago euskerearen oinarri-oinarrizko arazoa.
8. Euskereak politikearen babesa behar dauela pentsetan dozu?
Dudarik barik. Gaiaren harian, behin artikulu baten idatzi nebazan kontuak ez ebezan onartu batzuk. Artikulu horretan, abertzaletasuna eta euskerea batera joan behar dirala adierazo neban. Batzuk, ostera, politikea eta euskerea ez dirala nahastau behar esan eustien eta nik horreei orain be esan behar deutset guk euskerea salbauta eukiko bagendu, ez dakit, beharbada orduan be ez baina gure kasua ez dan legez, beharrezkoa dala euskerea eta politikea bat eginda joatea. Nafarroan berbarako euskerearen kontrako erabagi gogorrak hartu ditue eta han politika mailan indarrik ez daukagulako baino ez da hori. Politika eta hizkuntza mundu osoan bat eginda dagoz eta askosaz gehiago hizkuntza bat zapalduta dagoanean eta, zoritxarrez, horixe da gure kasua.
9. Abenduaren 3a, euskerearen eguna badator. Holako ekimenak beharrezkoak ete dira?
Beti laguntzen dabe. Bide guztiak erabili behar doguz euskereari indarra emoteko: politikan, eskolan, kalean, goian eta behean. Gagozan legez, danaren beharra daukagu. Lehen sasoi baten egin genduan legez, berbarako Bilbon, nik ohiturea daukat euskeraz galderea egiteko aurrekoa ezezaguna izan arren, baina uste dot ona izango litzatekela gitxi garen bitartean, holako ezaugarriren bat ezagutzera emoteko euskaldunak garela; bestela, bildurrez edo erderaz mundu guztiak dakiala eta, beti joten dogu erderara. Askotan ustebako galantak hartu dodaz, pentsetan doguna baino jente gehiagok dakialako euskeraz. Lehenengo berbea euskeraz botatea bide ona da. Buruan hizkuntza bat baino gehiago euki arren, bihotzean bakarra: euskerea.
Koldo Isusi Zuazo