Xabier de Irala Estevez, Euskal Herritar Unibersal
Xabier de Irala, Iberiako Burua, orain gitxi izentau dabe Euskal Herritar Unibersal beste 52 hautagairen artean.
Maiatzaren 9an, Gasteizen izan zan hitzordua eta Euskal Herriaren izen ona atzerrian zabaltzeagaitik, Juan Jose Ibarretxe Lehendakariaren eskutik jaso eban aintzatespen edo errekonozimentua Xabier de Iralak, Kanpo Hartu-emonetarako Idazkaritzeak eta Euskadiko Kutxak urtero banatzen daben saria.
Ekitaldi hunkigarrian, politika, enpresa eta gizarteko sektore guztietako ordezkariak izan ziran, baina duda barik Xabier de Irala eta beronen familiako zenbait kide izan ziran protagonista. Ibarretxe Lehendakariaren esanetan, euskaldunaren prototipo edo eredutzat hartu behar dogu Irala jauna, besteak beste, bizitza osoan zehar, bildur barik eta harro aldarrikatu dauelako bere euskal nortasuna. Xabier de Iralak emozino handiz eta esker ona adierazoz jaso zituan aintzatespena eta Baztango Xabier Santxotenaren eskulturea.
Xabier de Irala gaur egun Iberiako presidentea da, baina urteetan zehar ibilbide luzea egin dau nazinoartean; ikasketak Frantzian eta Filipinetan egin zituan eta Industri Ingeniaritzan lizentziatua da. Euskal Herritar Unibersal izentau daben gizonak nazinoarteko ardurak izan ditu enpresa munduan, eta gaur egun be baditu. Multinazional bitan erantzukizun handiko zereginak izan ditu, eta gaur egun, barriz, Iberiako burua da; edozelan be, sekula ez ditu ahaztu euskal sustraiak.
New Yorken jaio zan orain 56 urte, familia erbestean egoala. Aita, Anton Irala, Agirre lehendakariaren sailburua izan zan.