Durangora begira, belarriak adi
Kontuak kontu, hainbat gauza interesgarri topauko dozuez Durangoko azokan burua sartu ezkero. Euskal Herriko disketxeen produkzino musikala oparoa dala argi dago nahiz eta salmentak hain potoloak ez izan; dana dala, zeozelako sormen musikala badagoala egon esan daiteke bildur barik bai gazteei zein helduei zuzendutako proposamen ezbardinetan. Horrezaz ganera, badakizue liburu eskaintza be kontuan hartzekoa izaten dala abenduan, aurten 4tik 8ra bitartean. Azkenik, esan gurako neuke azoka egunetan gau giro aparta egoten dala Durangoko kale eta tabernetan. Ez eizue hutsik egin.
Gotzon Uribe
Badator laister urteroko zita Durangoko Azokeagaz. Urtero, gabonilaren hasieran euskaltzale guztiok euskal kultureagaz bat egiteko momentua izaten da eta, urte osoan zehar egitea hobe bada be, zelan ez, euskal kulturea erosteko momentua be bada.
Aurten, hainbat nobedade topau geinkez bertan arlo musikalari jagokonez, izan be, disko ugari argitaratzen dabez egunotan.
Soraluzeko Gaztelupeko Hotsak zigiluak era ezbardineko musikea aurkeztuko dau, besteak beste, Mal de Ojo donostiarren dantzarako rumba doinuak, Jon Maiaren Karidadeko Benta proiektua, 'Zaharregia, Txikiegia agian' proiektu zinez interesgarria, Kirmen Uribe, Mikel Urdangarin, Bingen Mendizabal eta Rafa Rueda musikariek osotzen daben proiektua; bestetik, Mikel Urdangarin beraren DVD-a be hor topauko dogu izarren artean eta barrikuntzakaz jarraituz, 'Mandarin dotorea' disko liburua Zumeta eta Joserra Senperenaren proiektua nabarmenduko neuke, honegaz Gaztelupeko Hotsak barruan “Paper Hotsak” atala estreinatuz.
Noizpop-ek be bere estreineko lana aurkeztuko dau, Audience gernikarren 'Second Handed' diskoa.
Metak disketxeari jagokonez, hor dagoz Kuraia eta Eraso!-ren lan sendoak, Anari eta Petti-k alkarregaz egindako diskoa, PLT taldeko abeslaria dan Rafa Ruedaren bakarkako disko barria edota Ruper Ordorikaren lan barria beste batzuen artean.
Gor disketxeak Berri Txarrak-en laugarren diskoa edota Elorrioko Lor taldearen estreineko lana atarako ditu beste batzuen artean.
Oihuka disketxearen eskaintzan, 'Sex & Rol'” bilduma, Dj Axular mutrikuar gaztearen lehenengo disko luzea, Harlax-en lan berria edota Ikus talde berriaren “Nere Buruan” diskoa aitatauko doguz.
Bestetik, Elkar disketxeak hainbat gauza argitaratu barri ditu, besteak beste, 'Desertore' Oskorriren 28. diskoa, Errobi edota Zaramaren bildumak batzen dabezan kutxa bereziak, “Euskarians” bilduma, Mikel Laboaren bildumea edota Belardi taldearen diskoa.