Goodbye, Lenin!
Pelikula bat nostalgiaz betetako zirrarea eta umorea sentimentalismo merke barik buztartzeko gauza izaten danean eta ikusleak gogoeta eragiteko beharrezko orekeari eusten deutsonean, filma ona izaten da.
Halan da kasu honetan be; istorioa originala da, gidoia bizkorra eta ondo egituratua, eta antzezpen lanak onak; horreek guztiak beharrezko osogaiak izan dira Becker zuzendariak melodrama eta komediaren arteko kontakizun samurra eta barregarria egin ahal izateko. Pelikulea gustura ikusten da, etendura barik eta ikuslea arazo barik mobiduten da aspaldi joaniko aldaketa sasoi baten.
Sortaldeko Alemanian gagoz 1989an eta komunismoan oso-osoan sinisten dauen Christiane Kerner andrea koman sartu da, semea gobernuaren kontrako manifestazino baten ikusi eta bihotzekoa izan ostean. Berlingo harresia jausi eta komunismo horren guzur handia desegingo da, baina ha ez da enterauko. Horregaitik, komatik itzartzean, semeak ahaleginak eta bi egin behar izango dauz, makalik dagoan amaren inguruan beste guzur handi bat biribiltzeko, dan-danak bardin jarraitzen dauela sinistu eragitearren.
Beckerrek egoera komiko eta samurrak sortu dauz, zirrarez betetakoak, baina ironia eta kritika burutsuak baztertu barik. Film hau neurriz eta orekaz eginda dago, errespetuz, batez be pertsonaien ezaugarriak azaldukeran, sinesmen politikoen arabera epaitu ez daiguzan. Pertsonaiek gauza asko esaten dabez, baina begirada eta adikuneetan askoz be gehiago ostentzen dabe.
Pelikula honetan, ganera, istorioari benetako sinisgarritasuna emoten deutsien artxibo-irudiak eta argazkiak agiri dira, pelikulearen benetako zati balira lez. Egia bakarra, dana dala, ama eta semearen arteko maitasuna izango da.
Pelikula on, zorrotz eta argia, neurriko erritmoari eusten deutsona. Sakona baina, aldi berean, arina, preminazko hausnarketa sakonetan sartzen ez dana. Gatxa izango da edozein ikusleren gustukoa ez izatea.
Joseba Terreros
Zuzendaria: Wolfgang Becker.
Herrialdea: Alemania.
Iraupena: 121 minutu.
Antzezleak: Daniel Brühl (Alex), Katrin Sass (Alexen ama), Chulpan Khamatova (Lara), Maria Simon (Ariane), Florian Lucas (Denis), Alexander Beyer (Rainer), Burghart Klaussner (Alexen aita...
Gidoia: Bern Lightenberg.