Txutxu-mutxuan  II. urtea // 38. zenbakia - 2003ko zemendiak 15

San Antonio, potoloen erreinu gaixoa

Umetatik sortutako usadioa

Umeak dira ardurarik handiena sortu eragiten dabenak. Kopuruak arduratzekoak dira bene-benetan. Hiru hilabetetik bost urtera arteko umeen % 13 oso lodi dagoz.

Umeek ez dabez jatorduak errespetetan. Mantengai gitxiko janariak sarri jaten ohituta, eten barik iruntsi behar izaten dabe zeozer. Eta jakina danez, eskura daukien eta gustetan jaken guztia jaten dabe. Izan be, guzti-guztiek daukie janari makinetan saltzen diran litxarreriak erosteko adina diru.

Ganera, arazoa eskoletako bihotz-bihotzean dago. Texako ikasleek eskoletan jaten dabe egun osoan konsumiduko daben janariaren % 60. Eta ikastetxeetatik makinetako zabor janari hori kentzeko ekimenak izan badira be, ez dau emoten ezer lortuko danik. Izan be, janari bizkorreko enpresak dira eskolen biziraupena bermatzen dabenak, urtero-urtero Texasko estaduari 54 milioi dolar ordainduz, euren produktuak ikastetxeetan saldu daitezan. Eta berrogeita hamalau milioi horreek behar-beharrezkoak ei dira liburu eta ordenagailuen erosketea finantzietako.

Lodiak eta behe klaseak

Horrezaz ganera, gizarte faktoreak be oso kontuan hartzekoak dira. Behe klaseen dietea are okerragoa da, azukre eta gantz gehiago irunsten dabezalako. Beste berba batzuk erabilita, pobreek txarrago jaten dabe.

Arazoa belaunaldietan zehar betikotuko dala emoten dau. Zabor janaria alde batera itxi eta jentea oinez edo kirol egiten hasten ez dan artean, San Antoniok lodien erreinu gaixoa izaten jarraituko dau luzaroan.

Begiluzea

Munduan pertsona lodirik gehien daukan lekua Texaseko San Antonio da. Zabor janaria saltzen daben jatetxeak oso ugariak dira eta eskaleak izan ezik inor ez dabil oinez.

Frijidu oriotsuak, janari arina, mexikar jatorriko gutiziak, italiar janaria, txinatarra edo indiarra, tex-mex janaria eta azukrez beteriko freskagarriak erruz jan eta edateak ezin eban gauza onik ekarri. San Antonio karbohidrato, koipe, kolesterol eta hipertentsinoaren uriburua da. Bertako hiru biztaleetarik bat lodi-lodi dago. Potoloen mundu uriburua da.

Hiru pertsonetarik bat oso lodi

San Antoniok milioi bat biztanle inguru daukaz eta orain dala gitxira arte jenteak ezagutzen eban “El Alamo” gotorlekuagaitik eta uriko mestizajeagaitik, harik eta AEBko Gaixotasunen Kontrol Zentroak estadistika kezkagarri baten barri emon eban arte. Izan be, San Antonioko biztanleen % 31,1ek 30etik gorako gorputz masea dauka, hau da, 1,80 altuerako gizon batek 101 kilotik gora euki behar dauz kopuru mardul horretara heltzeko.

20tik 25era bitarteko gorputz masea osasungarritzat hartu ohi da. 25etik 30era bitartean ibili ezkero, loditasun arazoa dago. 30etik gora obesidadea sano larria da eta gaixoak hipertentsinoa, diabetea, kolesterola, bihotzeko gaixotasunak edo enbolia eukiteko arrisku larrian dagoz.

San Antonion dan-dana super, extra, handi edo itzelezkoa da. “All You Can Eat” (jan eizu, ahal dozun guztia) izeneko jatetxeak perretxiko moduan ugaldu dira eta ganerakoetan platerak eta edariak sekulakoak dira. “Think Big, Eat A Lot” (pentsau modu handian, jan ahalik eta gehien) pentsakerea nagusitu da ondo pasetan, jaten edo edaten urteten dabenen artean.

Oinez eskaleak baino ez

Hori bai, kalera urten ezkero, autoz joan behar da. San Antonioko eraikinak eta kaleak etxadi handietan antolatuta dagoz eta errepideak zabal-zabalak dira. Autoak nongura azaltzen dira eta oinez eskaleak eta turistaren batzuk baino ez dira ikusten.

Gaixotasunen Kontrol Zentroak San Antonio lodien uriburu izendatu ebanean, agintariek hainbat eslogan kaleratu ebezan, esate baterako “Fit City” (sasoian dagoan uria) edo “Walk San Antonio” (ibili San Antoniotik zehar). Ganera, osasun arloko behargin eta udal funtzionarioei proposau jaken hamaiketakorako atsedenaldian ordu erdi baten ibilteko, eredua emon behar zalakoan edo. Asmo onak baino ez ziran izan. Jenteak autoa hartzen eta txikitxuek eskolara autobusean joaten jarraitzen dabe.