Aho bateko arrakastea
Gipuzkoako Txapelketea final-aurreetan
Euskal Herrian bat-bateko kantuaren plazarik entzutetsuenak txapelketak dira. Gipuzkoakoa ari da jokatzen sasoi honetan eta honezkero badakigu final-aurreetan zeintzuk kantauko daben. Azken laurdenetako saioetan ez da sorpresa handirik izan eta aitatzekoak dira Ekaitz Goikoetxea beasaindarraren lana -bere ohiko hizkuntza aberats eta poetikoari komunikazino dosi beharrezkoa gehitzen asmau ei dau- eta, guk zuzenean entzundakoen artean, Arkaitz Goikoetxea eta Jon Martin oiartzuarrena, saio polita eta osoa eskaini ebelako Zumaiako saioan. Finalerako hautagaiak dirala erakutsi dabe hirurak. Final-aurretatik kanpo geratutakoen artean Nerea Elustondo eta Ainhoa Agirreazaldegi aitatu geinkez, emon leikienaren azpitik ibili ziralako biak ala biak. Honeek dira sailkatutako bertsolariak eta azken laurenetako saioetan lortutako puntuak:
Ekaitz Goikoetxea 432.5
Aitor Sarriegi 410.5
Arkaitz Goikoetxea 409.5
Nahikari Gabilondo 403
Estitxu Eizagirre 399
Iker Zubeldia 398
Jon Martin 394.5
Bixente Gorostidi 393.5
Jokin Uranga 391
Amaia Agirre 390.5
Iñigo Manzisidor 390.5
Iñigo Izagirre 387
Iñaki Gurrutxaga 387
Honeei Maialen Lujanbio, Jon Maia, Jexux Mari Irazu, Aitor Mendiluze eta Iñaki Zelaia batuko jakez final-aurreetan. Txapelketearen gaztetasuna aitatu genduan aurkezpenean eta horren erakusle final-aurreetako bertsolari zaharrenak, Jon Maia eta Jexux Mari Irazu, 31 urtegaz. Adin tartea be nahiko estua da, gazteenek 22 urte daukie eta. Bataz besteko adina 26tik beherakoa da. Zemendiaren bigarren hamabostaldian izango dira final-aurretako saioak, eta holan geratu dira banatuta bertsolariak:
Maialen Lujanbio
Aitor Mendiluze
Arkaitz Goikoetxea
Estitxu Eizagirre
Bixente Gorostidi
Amaia Agirre
Zemendiaren 23an, Zarauzko kiroldegian, 17:00etan:
Iñaki Zelaia
Ekaitz Goikoetxea
Aitor Sarriegi
Nahikari Gabilondo
Jokin Uranga
Iñaki Gurrutxaga
Zemendiaren 30ean, Tolosako Leidor Antzokian, 17:00etan:
Jon Maia
Jexux Mari Irazu
Iker Zubeldia
Jon Martin
Iñigo Manzisidor
Iñigo Izagirre
Aukera polita beraz gipuzkoarren lehiaz gozetako. Finala Abenduaren 14an jokatuko da Irungo Artaleku kiroldegian, arrastiko 5etan, eta finalerako txartela lortuko dabe saio bakotxeko irabazleak eta puntu gehien batzen daben hurrengo bost bertsolariak. Orain artean maila oso ona erakutsi dabe gipuzkoarrek eta hemendik aurrerako lehiak ez dau gitxiago emongo.
Iñaki Aurrekoetxea
Amaitu dira Ahozko Inprobisazinoa Munduan izeneko Kulturarteko Topaketak. Mundua Euskal Herrira ekarri eta Euskal Herria mundura zabaldu ostean, munduko ahozko inprobisatzaileen arteko hartuemonak indartzearen aldeko ahotsa nagusitu da aho batez.
Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak antolatutako topaketek harrera bikaina izan dabe. Danetarik izan dogu, inprobisazinoaren inguruko gogoeta teorikoak eta baita erakustaldi praktikoak be. Gogoeta teorikoetan hainbat ikuspegitik aztertu izan da ahozkotasuna: gaur egungo gizartean daukan lekua, ahozko performance-a, kantu inprobisatuaren barne-mekanismoak, munduko esperientziak eta etorkizunerako ekimenen aurkezpena. Alkartruke aberatsa emon da sei egunetan zehar eta ekarpen interesgarririk ez da falta izan. Jardunaldietan aztertu dan fenomenoa ahozko inprobisazinoa barik bat-bateko kantua izendatzearen alde agertu dira parte-hartzaileak.
Teknologia barriak inprobisazinoaren esanetara
John Miles Foley ikertzaile estatubatuarrak bat-bateko kantua aztertzeko testuaz ganera testuinguru osoa hartu behar dala aintzat adierazo ostean, teknologia barriak eskaintzen dabezan abantailak erabiltea proposatu eban. Halandaze, internet moduko komunikabide barriek testuinguruaren hainbat elementu jasoteko aukerea emoten dau –ahotsa, keinuak, gorputzaren mugimenduak...- eta oso baliagarriak izan leitekez ahozkotasunaren fenomenoa bere osotasunean erakusteko eta aztertzeko. Foleyk webgune bat sortu dau gai honeek zabaltzeko (www.oraltradition.org/performance) eta berak emondako hitzaldian bertan adibide batez erakutsi eban komunikabide barri honek eskaintzen dauzen abantailak. Euskal Herrian horretaz jaubetuta bagagozala eta, Xenpelar Dokumentazino Zentroko arduradun Arantza Mariskalek munduko inprobisazinoaren barri zuzen eta eguneratua jasoko dauean datu base baterako proposamena egin eban ARGO proiektua aurkeztuta. Ahozko inprobisazino kantatuaren leihoa izan gura dau ARGOk, eta inguruko mapa, ikerketa eta bestelako bilketa lanak jasoko dauz. EHBEren www.bertsozale.com webgunean jarri dabe datu base hau.
Euskaldunako gozatua
Topaketak Euskalduna Jauregiko jaialdiagaz amaitu ziran. Astean zehar erakustaldiak emoten ibili ostean, munduko hainbat herritatik etorritako inprobisatzaileen jarduna ikusi eta entzun ahal izan genduan txukun antolatutako ekitaldian, eta egia esan gozatu ederra hartu genduan hara agertutako mila bat entzuleok. Hamabost minutuko tarteetan banatuta jardun eban herri bakotxak, eta hizkuntzak ulertzeko zailtasunak bistakoak izan arren, estetikearen eta inguruko beste elementuen aniztasuna ezagutu genduan eta ahalegina txaloz eskertu. Reggae Sound System jamaikarren erritmo rapero bizia (Jon Maia be ibili zan eurakaz), Rati Amaglobeli goeorgiarraren errezitaldi estetikoki ederra, argentinarren, portugaldarren eta mexikarren sentimendua (Jon Sarasuak mexikarren doinua lagun dezimak bota ebazan gazteleraz) eta, zelan ez, kubatarren eta kanariarren indarra. Alexiz Diaz Pimienta (euskaraz botatako kopla batean esan eban aurrerantzean Alexis Diaz Piperra izango dala bera) repentista kubatarraren segidillari Andoni Egañak emon eutson segida eta entzuleak zutituarazo ebazan. Jaialdiaren amaierea indartsua izan zan, danak taularatu eta eskuetan lore bana hartu eben. Aita-semeak doinuan bakotxak bere hizkuntzan kopla bana bota eta lorontzi batean lorak iminiz lore sortea osotu eben, Espainiako enbaxadak baimena ukatu eta etorterik euki ez eben Marokoko Amazighak gogoan. Amaiera indartsua bezain ederra. Kanpotik etorritakoak be gozau egin dabe Euskal Herrian eta Euskaldunako txaloak eta animoak ez dabez luzaroan ahaztuko. Topaketa arrakastatsuak izan dira dudarik barik. Zorionak eta eskerrak emon besterik ez dogu antolaketan ibili diran guztiei.