Letizia eta printzipitoa
Lehenengo eta behin, Letizia dibortziatutako emakumea dala entzun dogu. Eta zer? Hamaikatxu bikote desegiten dira Estaduan zehar. Makina bat andra dagoz han hemenka euren bizitza berregin gurean eta ez daukie edozein gizon aukeratzeko eskubiderik? Zalantza barik, bai. XXI. gizaldian gagoz, zorionez.
Hori bai, akordetan naz zelako katramilak izan ziran Feliperen aurreko neskalagunen bizimoduaren gainean. Neska horreen gurasoak bananduta egozala, horreetako batek azpiko arroparen desfileak erdi biluzik egin izan dituela eta Amatxu bihotzekoa! zer eta luteranoa zan bera. Jarrera ezin atzerakoiagoa agertu izan eben orduan monarkikoek.
Eta orain, bere Estaduari zerbitzua emoteko prest dagoala erakusteko, Felipe printzeak emaztetzat hartuko dauen andrea famatua, ezaguna da. Egunero-egunero espainarren etxeetan telebistaren bidez sartzen zan oraintsura arte PPren ikuspuntuko barriak emoten. Ez dot uste Urdaciren pantailakidea aurrerakoia izango danik...!
Letiziaren bizitza pribatua, ostera, "moderno-modernoa" da. Epaitegian ezkondu zan haren mutil lagunagaz "pekatuan" bizitzen egon eta gero. Ez dau ardura, danok egiten dogu laban lantzean behin. La Almudena Eleizan ezkonduko dira, gotzianburua aurrean eta zeremonia guztiagaz. Printzea militarren uniformeagaz eta Letizia printzesa baten modura.
Hori bai, Estaduan zehar dagozan bikoteak, dibortziatuak eta fededunak, homosexualak eta Eleiza katolikoaren moralagaz bat ez datozenak harriduraz begiratuko dabe Eleizako estrukturak erabilten dituan neurri biak: alde batetik, boteretsuenentzakoa eta, bestea, pertsona arruntentzakoa.
Eta espektakulu negargarri hau ikusita, zelan ez gara ba errepublikazale izango! Eta zelan ez ete dabe begi txarrez ikusiko Eleiza katolikoak esan eta egindako hainbat gauza?
IƱaki Atxutegi
Gero eta lanpetuago nabil etxeko garbiketak egiten. Azukrea dario nire telebistari. Ez dago programazinoa ikusterik ditxosozko ezkontzaren ganeko laudorioak entzun eta ikusi barik.
Prestige itsasontziak izandako istripuaren urteurrena, Ibarretxeren egitasmoaren kontrako eraso judiziala eta Arzalluzen ondorengoa aukeratzeko etenik bako prozesua ez dira titularrak hartzeko gai izaten, atara kontuak. Hori bai, ausardiaz jokatuko dot euro bateko apustua luzatuz: Arzalluzen ondorengoa Egibar izango dala baietz.
Baina goazen barriro harira. Baten batek aurpegira botako deust ni lako errepublikazale jaioa zelan sartzen dan holako larrosa koloreko erretolikan.
Bueno, erantzuna ez da gatxa: eretxi-emoleak ausartak izaten gara eta inporta ez jakuzan kontuetan sudurra sartzea gustetan jaku. Eta harritu egin nabe, batez be, zelako itxurakeriak eta panparroikeriak izan diran ezkontza aldarrikapen honetan.