Dave Bieter Boiseko Alkate
Gogoratuko dozuen legez, igaz Dave Bieterren ekinbidez eta Pete Cenarruza orduko Estadu Idazkariaren babesagaz, Idahoko Kongresuak Euskal Herriaren autodeterminazioaren alde onartutako Joint Memorialak sekulako zaparradea eragin eban. Euskal Herriak konponbidea behar dauela jakinik eta zeozelako ekarpena egin gurean, hiru puntuz osotutako idatzia aurkeztu eben: indarkeria adierazpide guztiak geldiazotea, bake prozesua abiarazotea eta euskaldunek autodeterminazinorako daben eskubidearen aldeko aldarria egitea.
Bizkaie!
Historian lehenengo aldiz, Idahoko uriburuko alkatea euskalduna da. Brent Coles, oraintsura arteko alkate errepublikarrak dimisinoa aurkeztu behar izan eban ustelkeria delitu batengaitik eta hauteskundeetan gehiengo osoa lortu dau alkategai demokrata bakarrak bigarren itzulira joan beharrik barik. Gitxi gorabehera, 200.000 biztanle eta horreetatik 15.000 inguru euskal jatorrikoak dituan Boiseko alkatetzarako Dave Bieter abokatu euskal-amerikarrak botoen % 51,87 lortu ditu (22.320 boto), Chuck Winderek % 26 (11.230), Vaughn Killenek % 19 (8168) eta Max Mohamadik (1313).
Esandako moduan, alkategai demokrata bakarra zan Bieter baina Alderdi Errepublikarrari botoa emoten deutsen askok alkatetzarako hautagai demokrataren alde egin dabe, batez be, euskaldunen komunidadean. 1950etik 1967ra parlamentarioa, 1963tik 67ra speaker eta 1967tik Estadu Idazkari izandako Pete Cenarrusa Estatu Idazkari errepublikarrak be Bieterren aldeko botoa eskatu eban.
David Bieter, Boisen orain 44 urte jaiotako abokatua da eta orain lau bat urte sartu zan politikagintzan. Gurasoak bizkaitarrak ditu: ama Lekeitiokoa eta aita Larrabetzukoa. Eloise Garamendi amagandik jaso eban euskerea Boise jaioterrian.