Sabino Arana giltzapean
1902an Roosevelti bialdutako telegramearen harian
Halan da be, korreosen telegramea hartu eban beharginak nork bialdu eta zer ipinten eban ikusirik, ez eutson biderik emon eta nagusiari kontau eutson. Biharamunean, maiatzaren 27an, Gobernu Zibilak Epaileari bialdu eutson telegramea, honek Sabino Arana bere aurrera deituz. Sabino Arana Bilbon ez egoanez, Gernikako epaileari emon eutsen Sukarrietan egoan Sabino Arana topetako agindua.
Epailearen aurrean Aranak telegramea berea zala baieztau eban. Berak azaldu ebanez, Pedro Grijalbari egindu eutson bialtzeko bera Sukarrietan egoalako eta nahiz eta 26an Bilbora etorri beharra euki, orduan Bizkaiko Diputadu zala eta batzarra euki ebelako, azkenean egun horretan Pedro Grijalva berak bialdu eban telegramea.
Aranak bera zala telegrama bialtzearen arduradun bakarra esanez ekin eutson epailearen aurreko deklarazinoari. Dana dala, nahiz eta bera ez izan inolako alderdi politikoko lehendakaria, kasu honetan, zazpi urte lehenago berak sortutako EAJren izakerea izkutau gura eban. Bere lagunen eta hurrekoen pentsakerea batzen ebala telegraman adierazo eban Sabino Aranak. Azkenik, nahiz eta epaileak eskatu, Aranak ez eban lagunen izenik emon.
Maiatzaren 30ean deklarazino eta testigantzak amaitu ziranean, epaileak kartzelan berehala sartzea erabagi eban, “fidantzearen truke urteteko aukerea emon barik“. Delitua ondokoa zan: Espainiar Nazinoaren izakerearen kontra jardutea. Gainera, hogeitalau orduko epean epaituak 5.000 pezeta pagau behar ebazan epaiketearen aurrekontuari aurre egin ahal izateko.
Jarraian epaileari Sabino Aranak aurretiaz izandako epaiketa eta kartzela zigorren barri emon eutsien. Hurrengo egunetan, epaileak abertzaletasunagaz lotutako hainbat erakunde eta egunkariko kideen testigantzak hartu ebazan. Erantzunak ia-ia antzekoak izan ziran: Centro Vasco, eta Euskalerria erakundeetako kideak eta La Patria eta Euskalduna egunkari eta astekariko kideek ez eukiela zerikusirik abertzaletasunagaz adierazo eben eta ez egozala adoz telegramea bialtzeagaz.
Kontuak kontu, El Liberal egunkariak bagilaren 5ean, ustez EAJko kideak ziranak Bilbon Estatu Batuetako Kontsula zan Carlon Yensenengana egindako bisitearen barri emon eban. Bisita horretan, El Liberalek argitaratutakoaren arabera, jeltzaleek Sabino Aranak idatzitako telegrama ospetsua bialdu egiala eskatu eutsien. Yensenengana joanda epailea, honek ez eutson argitasun haundirik emon, bere karguarengaitik ezin eutsola gauza handirik argitu esanez.
Azkenik, danak entzunda, epaileak abuztuaren 30erako jarri eban epaiketea. Abokatuak behin eta barriro eskatu eban Sabino Arana libre ixteko bere osasun egoerea txarra zala kontuan hartuta baina epaileak ez eutson kasurik egin.
Azkenik zemendiaren 7rako jarri eben epaiketearen ahozko zatia. Hamalau persona izan ziran izendatuak epaimahairako. Epaiketea hasi eta entzun beharrekoak entzun eta gero, epaimahaiak errubakotzat hartu eban Sabino Arana. Bost hilabete kartzelan egin ostean, Sabino Arana barriro libre geratu zan.
Gero beste kontu batzuk izan baziran be, telegramearen gaineko kontu nagusia hemen amaitzen dala esan geinke. Handik gitxira, Hego Euskaditik alde egin behar izan eban Sabino Aranak eta urtebete geroago hil zan Sukarrietan, euskal abertzaletasun politikoaren sortzailea.
Asier Madarieta,
Abertzaletasunaren Agiritegiko Teknikaria.
1903ko zemendiaren 25ean hil zan Sukarrietan, Urdaibaiko itsasadarrean, Sabino Arana Goiri, euskal abertzaletasuna era politikoan garatu eban gizona. Hile honetan ba, bere heriotzaren 100. urteurrena ospatuko da. Hori dala ta, gure gizartean hain eragin handia izan dauen gizonaren gainean idatziko dot oraingoan. Kontauko deutsuedana Sabino Aranak Euskadirako askatasuna lortu guran, kanpoko herrietara bideratutako eskariaren kontua izango da eta, kasu honetan, Estatu Batuetako presidentea zanari telegramaz egindako deia.
1898an, ordura arte Espainiaren menpe egozan Kubako lurrek askatasuna lortu eben. Gerra gogor eta, danak moduan, odoltsu baten ondorioz, aldats behera egoan Espainiako inperioak azkenetariko lurrak galdu ebazan. Kubatarren garaipenean zerikusi handia izan eben Estatu Batuarrek.
1902ko maiatzaren 21ean, Sukarrietatik Sabino Aranak Bilbon egoan Pedro Grijalba bere lagunari telegrama bat idazteko agindu eutson. Sabino Aranak testua emoteaz aparte, zelako berbak ipini eta zeintzuk kendu behar ebazan be esaten eutson. Azkenik, korreosera eroan eta bialtzeko eskatu eutson.
Sabino Aranaren aginduak betez, Pedro Grijalbak hile bereko 26an Bilboko korreoseko bulegora joan eta Estatu Batuetako presidentea zanari zuzendutako ondoko telegrama bialdu eban:
“Rosevelt. Presidente Estados Unidos. Washington.
Nombre partido vasco nacionalista, felicito por independencia Cuba federación nobilísima que presidis que supo librarla esclavitud.
Ejemplo magnanimidad y culto justicia y libertad dan vuestros poderosos Estados desconocido historia e inimitable para potencias europeas particularmente latinas.
Si Europa imitara también nación vasca su pueblo más antiguo que más siglos gozo libertad rigiéndose constitución que mereció elogios Estados Unidos sería libre. ARANA GOIRI.”
Azpian, 164 pezeta eta 15 zentimo jarri ziran seiluetan telegramea bialtzeko.