Euskaldunok munduan  I. urtea // 2. zenbakia - 2002ko maiatzaren 15a - Hamaboskaria

Europarrak euskal jatorrikoak dira

Txileko egunkari garrantzitsuenetako batek Peter Forster alemaniarraren baieztapen horren barri emon dau. Cambridgeko Unibersidadeko Ikerketa Arkeologikoko Institutuko ikertzailea da Forster eta Europako biztanleen jatorria Euskal Herrian dagoala baieztatu dau.

Spektrum der Wissenschaft Alemaniako zientzia aldizkarian, Forsterrek esan dau ikerketa genetikoak egin dituala berak eta, horreen arabera, Europako biztanleriaren heren bi Izotz Garaian, hau da, orain 20 mila urte inguru, kontinentean bizi zan gizaki baten oinordeko zuzena dala. Azterketen ondorioz, euskaldunak eta ganerako Europako herriak enbor beretik, hau da, Europako hegomendebaldetik datozela dinoe Cambridgeko ikertzaileek.

Txileko egunkariko artikulu horretan, Municheko Unibersidadeko hizkuntzalari bat be aitatzen dabe. Antza, Theo Vennemannek honakoa idatzi dau Alemaniako aldizkariko zenbaki berean: Europan euskal berbakaz loturea daben hainbat herri, ibai eta toki dagozala. Kasurako, 'iz' letrak Europako kostaldeko 200 herri baino gehiagotan agertzen dirala eta letra horreek euskeraz 'ura' esan nahi dabela dino arestion aitatu dogun adituak. Horrezaz ganera, alemanierazko 'ebers-berg' eta frantzierazko 'ebreon' eta 'vry' berben jatorria euskerazko 'ibar' edo 'ibai' berbak dirala zabaldu dabe; esaterako, alemaniako Ebrech ibaiaren kasuan, 'ibar' berbearen eta alemanierazko 'ach' (ibaia) berbearen arteko kontrakzino argia izango litzateke gorago aitatutako adituen esanetan.

eitb.com