Hamar urtean, 111.000 elebidun baino gehiago EAEn (IV)
III. Soziolinguistikako Inkestea
Egoerea kontuan, familia bidezko hizkuntza-transmisinoaren, eskolearen eta helduen euskalduntze-alfabetatzearen bidez euskerearentzat ahal dan hiztun gehien irabazteko pausuak emoten segidu behar da. Era horretara, ez bestela, densidade nahikoa irabazi, euskerearen erabileran eragin eta indarbarritzeko pauso erabagiorrak egingo doguzalako; baina hori be ez da nahikoa. Eskolan edo euskaltegietan euskerea eta euskeraz ikasi daben milaka euskal hiztunen hizkuntza-gaitasuna sendotzen segitzea be garrantzi handikoa da, hatarako, euskeraz bizi ahal izateko aukerak ugaltzea eta eremu publikoan zein pribatuan euskerearen presentzia indartzea erabagiorrak suertauko dira.
Hurrengoa idatzia eta sorta honen azkenengoa: “Ondorioak eta jarraibideak". III. Soziolinguistikako inkestea (V)
Erramun Osa
Aurrekoetan, Nafarroan eta Iparraldean euskereak euki dauen bilakaerara hurreratzen saiatu naz. Gaurkoan, ostera, Euskal Autonomia Erkidegoan euskerearen egoereari buruz III. Soziolinguistika Inkesteak erakutsitakoa laburbiltzen ahaleginduko naz. Jakin dakizuenez, euskal lurralde guztietatik euskerearen ofizialkidetasuna –lurralde osoan– ez eze euskerea indarbarritzeko hizkuntza politikarik indartsuena eta sistematizatuena daukan lurraldea da EAE, eta hori emoitzetan igarten da.
Helduen euskalduntzearen eta hezkuntza sisteman euskerazko ereduak ezartzearen bidez, euskaldundu diran milaka eta milaka pertsona dagoz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Bada, aurrerakadea argia eta bistakoa da. EAEn biztanleen ia herena elebiduna da. Testuinguru horretan, 1991ko datuekaz alderatuz (419.200), hamar urtean, ia 111.700 elebidun gehiago dagoz (530.900), bada, % 26,66eko hazkundea izan da, beraz, horren epe laburrean jazo dan hazkundea ikaragarria da. Gitxiengo baten hizkuntza gitxiagotu bati buruz ari garenean, Europan ez dago pareko fenomenorik. Jaiotze-tasa ikaragarri jaitsi izan ez balitz, elebidunen kopurua askoz positiboagoa izango zan, gainera!
Hizkuntza transmisinoari jagokonez, bestalde, lau biztanletatik hiruk gaztelania euki dabe ama-hizkuntzea. Era berean, euskerearen jarraipena erabatekoa da guraso biek euskeraz dakienean eta etenik barik hazten doa gurasoetako bat euskalduna ez danean. Testuinguru horretan sakonduz, euskerea lehen hizkuntza euki ez daben elebidunak populazino osoaren % 8,9 dira, eta kopuru hori etenik barik handitzen doa.
Elebidunen kopuruak gora egin dauen arren, euskerearen erabilereak ez dau maila berean egin gora. Euskerearen hazkundea orokorra bada be, euskerea erdi mailako herri eta urietan egon da egoerarik gatxenean, izan be, holakoetan, orain arte, euskaldunen portzentaia –densidadea– oso eskasa izan da. Beraz, euskaldun gehiago diran arren, erderaz berba egiten daben lagunen itsaso zabalean gitxiegi izaten segitzen dabe, eta holan, ez dago oraindino nahikoa densidaderik euskerearen erabilerea bizkor hazi daiten. Era berean, adin talderik euskaldunenak gazteenak dira, baina, jaiotze-tasaren jaitsierearen ondorioz, biztanleria osoaren aldean daukien pisua geroz eta apalagoa da. Halaber, badira aitatu eta zuzendu beharreko hainbat faktore, beste batzuen artean, hizkuntza gaitasunak, ingurunearen eragina eta jokerak, gizartean gehiengo diran pertsona helduen ohiturak, euskeraz berba egiteko nahikoa aukerarik ez izatea, euskerea beharrezkotzat ez eze komunikazinorako tresna eragingarritzat ez hartzea eta abar.
Euskerea sustatzeari buruz, barriz, Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko herritarren erdia eta, adinaren arabera, ezbardintasun handirik ez dagoala, euskerea sustatzearen aldeko da. Halan da be, lurralde batetik bestera badira aldeak. Euskerearen kontrako jarrerea erakutsi dabe bizkaitarren % 17k, gipuzkoarren % 10ek eta arabarren % 28k, halan da ze, aurrerantzean, errealidade hau kontuan hartu eta herritar multzo hau euskerearen eremura erakarteko beren beregiko ahaleginak egin beharko dira.