Matrix Revolutions
Filmean behin eta barriz entzuten dan esaldi bat gogora ekarri gura dot; izan be, “hasten dan guztia amaitu egiten da”, baina horrek ez dau esan gura ondo amaitu behar danik. Hori berori pasetan da kasu honetan.
Aurreko film bietan efektu berezien erabilpena on-ona izan bazan be, azken zati honetan baliabide horreek guztiz zapuztuta, nahastuta eta desegiturauta agertuko jakuz. Filmaren zatirik handiena Zionen garatzen da, eta eszenatoki hotz eta metaliko honetan erabilitako irudi infografikoek pantaila bete eta ikusleak ito egiten dabe. Dan-dana uniformea eta artifiziosoa da, txinpart eta izpi laserrez jositakoa; egia esan, Zioneko gerrea bape estetikoa ez dan nahaste-borraste baten antzera azaltzen jaku.
Horrezaz ganera, badira barregurea emoten dabezan hainbat pasarte; esate baterako Trinity eta Neoren arteko azken eszena sentimentalismo merkean oinarrituta dago eta, ikusleak hunkitu beharrean, abrozidu edo barreguratik hur jarten dauz.
Era berean, gehienok itxaroten genduan lez, film honek be ez dauka amaiera argirik eta honetan be Wachowski anaiek tranpa argia egin deuskue, atea beste film edo trilogia bat egiteko zabal-zabalik itxi dabelako.
“Matrix Revolutions” honetan ez dago ideia barririk eta ez da trama, istorio koherente edo pertsonaien arteko hartu-emon argirik deskribiduten; azken baten, inertziak gidatutako produktua baino ez da, film narrasa eta aldrebesa, beste pelikula askotan ikusi doguzan efektu berezi aspergarriez betetakoa.
Joseba Terreros
Zuzendaria: Larry Wachowski eta Andi Wachowski
Herrialdea: AEB
Iraupena: 129 minutu
Antzezleak: Keanu Reeves (Neo), Laurence Fishburne (Morpheus), Carrie-Anne Moss (Trinity), Hugo Weaving (Agente Smith)...
Gidoia: Larry Wachowski eta Andi Wachowski