Angel Dominguez (Ilustratzailea):'Artea edozein bazterretan dago, sinpletasunak gauza asko adierazo leikez'
Angel Dominguez Galdakaon jaio zan 1953an. Gaztetan, gehienbat marrazkilari eta diseinatzaile grafiko lanetan ibili zan. 1980an bere lehen liburu ilustratua argitaratu eban 'Gure hegaztiak' izenekoa eta gaur egun be horretan dabil, liburuak ilustretan bai helduentzat eta bai umeentzat be. Lanik gehienak Euskal Herrian eta Espainian argitaratzen ditu baina Ingalaterran eta AEBetan be argitaratu izan ditu. Bitxikeria legez, Jordaniako Rania Erreginaren enkarguari be erantzun eutson. Sariak be ugari jaso ditu, besteak beste, Arte eta Dekorazino Lehiaketaren saria (Basauri, 1968), Comix Internacional de Toutain Aldizkariaren saria, 'Fedra' obragaz (Bartzelona, 1982), Natura Aldizkariaren saria, 'Tejones' obragaz (Madril, 1985), Eusko Jaurlaritzaren Kaligrafia Lehiaketako sari artistikoa (1991) eta Kataluiniako Generalitatearen liburu ilustratu ederrenari saria, 'Precisamente asÃ' lanagaz.
Liburuak eta diskoak protagonista diran urteko sasoi honetan, irudiak aparteko garrantzia euki arren, ilustratzaile eta marrazkilarien beharrari ez jako merezi dauen atentzinoa eskaintzen. Egoerea konpondu gurean, hona hemen, Angel Dominguez ilustratzaileagaz egindako barriketaldia.
1. Gaztetan marrazkilari eta deiseinatzaile grafiko beharretan ibilitakoa zaitugu baina bizitza osoa emon dozu marrazten, irudiak egiten zein era guztietako liburu eta argitalpenak ilustretan. Ilustratzailearen ezaugarri garrantzitsuenak zeintzuk dira, akaso sormena eta irudimena?
Biak baina irudimen edo imajinazino barik ez dago zereginik. Aspaldi entzun neutson zientifiko bati irudimena oso garrantzitsua zala zientzian be. Fantasiazko munduan atara kontuak irudimenak zerenbesteko garrantzia daukan. Sormena ondoren datorrela pentsetan dot, izan be, buruan daukazun ideia papelera atara behar da ilustratzaileon kasuan. Nahitaezko ezaugarriak dira baina ez arte arloan bakarrik, bizitzako zeregin guztietarako erabilgarriak dira: berbarako, erregalu bat erosi behar dozunean, imajinazino apur bat ez badaukazu okerreko erregalua egin zeinke.
Aitatu dozuzan irudimena eta imajinazinoagaz batera, artisteak bere produktua saltzen jakitea be ezinbestekoa dala esango neuke; artearen edozein espezialidadetan (pintura, antzerkia, zinea, eskulturea...) makinatxu bat artista handi egongo dira inurri beharra egiten baina arrazoi bategaitik edo besteagaitik ezagunak ez diranak.
2. Angel, aparteko doea daukazu ilustrazinoetarako ala ikasitako ogibidea izan da?
Betiko galderea da eta gehienek pentsetan dabe artista ona izateko doea behar dala baina nik uste dot praktiketea oinarri-oinarrizkoa dala, ibiliaren ibiliaz ikasten da. Nire seme biek be aitaren bidea aukeratu dabe, bata pintorea da eta bestea ilustratzailea, jakina giro hori da etxean ikusi dabena eta nik neuk ahal dodan guztian laguntzen deutsiet. Artista ez dira artista jaio, ibiliaren ibiliaz trebatu eta egin dira artista zeozelan esateko. Eguneroko beharrean sinisten dot.
3. Ilustrazinoak egiteko lapiza, lumatxua ala teknologia barriak erabilten dozuz?
Oraingoz ez dot teknologia barririk erabilten. Lapizagaz eta akuareleagaz enamorauta nago, ipuinen ilustrazinoetarako gehien erabilten dodaz. Natura kontuetarako 'gouache' erabilten dot asko errealismorako onena dalakoan; akuarelea artistikoagoa da baina arrisku handiagoetan sartzen zara, akuarelea oso ona da fantasiarako. Beraz, lapiza da gehien erabilten dodana, lumatxua be bai eta, azkenik, akuarelea; azken horregaz, ganera, teknika sekretua daukat ilustrazinoei zahar ukutua emoteko.
Gaur egun, jenteak kolorea eskatzen badau be, zuri-baltzezko irudien magia azpimarrauko neuke; artea edozein bazterretan dago, sinpletasunak gauza asko adierazo leikez eta holakoetarako lapiza eta lumatxua derrigorrezko tresna dira.
4. Oso oker ez bagagoz autodidakta zara. Zeintzuk izan ziran zure lehenengo erreferentzia edo ereduak?
Ehundaka izen edo erreferentzia aitatu beharko neukez baina falta barik aitatu behar dot Arthur Rackham ingelesa, bera izan da ipuin liburuen ilustrazinorako jokerea suspertu deustana, niretzat onena da. Bestalde, Japoniako eta Txinako artea miresten dodaz, grabatuak..., eguzkialdeko arteagaz maiteminduta nago. Dana dala, nire lehenengo maisua Arthur Rackham izan zan eta beste bi be aitatu behar deutsudaz: Edmund Dulac frantsesa eta John Bauer suediarra. Hortik aurrera, natura eta animalien ilustrazinoetan asko gustetan jat Oscar Correa argentinarraren beharra. Raimond Wood ingelesaren oleoak be zoragarriak dira, parebakoak, oleoak baino gehiago argazkiak emoten dabe, sekulako errealismoagaz.
5. Makinatxu bat liburu ilustratu dozuz bai helduentzat zein umeentzat. Orain gitxi argitaratutako 'Bizkaiko Itsasaldea' liburuan be zure lanak agiri dira. Umeentzat edo helduentzat egiten dozu behar gustorago?
Oro har, liburuak maite dabezan guztientzat behar egitea gustetan jat baina, berbarako ume txiki-txikientzako beharretan ez naz espezializau eta horretan artista onak dagoz. Gazte eta helduentzako beharrak egiten dodaz gehienbat. Dana dala, batzuetan pasetan da helduentzako egindako ilustrazino bat umeei be gustetea eta holako kasu batzuk bizi izan dodaz ikastola eta ikastetxeetan egindako agerraldietan.
6. Helduentzako liburu baten azala ilustratzeko ze prozesu jarraitzen dozu?
Ezertan hasi aurretik, buruari buelta bat baino gehiago emoten deutsadaz; irudia pentsetan denpora asko egiten dot. Komiki marrazkigile batek esaten eban testuan adierazotakoa baino zeozer gehiago agertarazo behar dala irudian eta bat nator beragaz. Pare bat kasu aitatuko deutsudaz. Behin batez, Kataluiniako argitaletxe batek Harry Potter ezagunaren arrakastea tarteko, magoen ganeko liburu baten azala enkargau eustan. Jatorriz ingeleraz idatzitako liburua zan, gero hemen itzultzeko. Kontua da ze ingelesen portadea ez jakela gustau eta niri agindu eustien beharra. Lehenengo pausua liburua irakurtea izan zan. Puntadun txanoagaz eta makilatxu miragarriagaz, danok gogoan daukagun magoaren ilustrazinoa egin neban eta antza oso deigarria izan zan.
Beste alde batetik, Lewis Carrollen 'Alice's Adventures in Wonderland' liburuaren azala be ondo gogoan daukat. Liburu osoa irakurri, aztertu eta historiako pasarteak ilustratu ostean, liburuan Aliciaren ameseta txar bat kontetan zala kontuan hartuta, liburuko pertsonaia guztiak Aliciaren atzetik jartea otu jaten, pertsegiduten, izan be, ameseta txarretan holako itoaldi eta estutasunak izaten dira. Nik esango neuke aurreko eta atzeko azaletako ilustrazinoakaz ondo baino hobeto adierazoten dala liburu osoaren mamina. Oso gustora geratu nintzan emoitzeagaz eta antza ez naz bakarra izan.
7. Bitxikerien artean, Jordaniako Rania Erreginaren enkarguren bat be izan zenduan eta Bahamaseko Gobernuak eskatutako seilu batzuk be ilustratu dozuz. Kontaiguzu zelako esperientziak izan diran.
Ez ohiko enkarguak izan ziran. Dana dala, argituko deutsut Bahamaseko Gobernuaren enkargua baino gehiago nire lagun ingeles barrabasaren kontua izan zala. 'Alice's Adventures in Wonderland' liburuaren ilustrazinoa tarteko, Carrollzale amorratuak gara biok eta baita piraten kontuzale be eta lagun handiak egin ginan. Bere etxera konbidau ninduan baten eta nire etxean be egon da. Kontua da ze, 'barrabas' honek udako oporrak Bahamasetan pasetan dituala eta antza General Post Officen daukan lagunen bati piraten gaia hartuta seilu edizinoren bat egiteko ideia saldu eutsola. Nigaz hartu-emonetan jarri eta berehala ekin neutson beharrari.
Bestetik, Abdallah erregea hil ostean, Jordaniako Rania Erreginak ideia bat euki eban, hau da, urteurrenean liburu bat egitea hain zuzen be. Joardaniako idazle batek idatzi eban liburua baina ilustratzaile baten bila Londonera joan ziranean, zorionez eta kasualidadez ni topau ninduen. Enkargua berehala onartu neban. Jordanian egun batzuk pasau nebazan eta Rania Erregina ezagutzeko aukerea euki neban, emakume ederra eta protokolo kontuak bazterrean ixten ebazana. Beharra, edozelan be, inoizko beharrik estresanteena eta atipikoena izan zan. Hasieran enkargautako irudi kopurua eta epeak goitik behera aldatu eustiezan ia-ia denpora barik eta larri ibili nintzan sasoiz amaitzeko. Geroago, zuzenketak eta egiteko Londonera joan behar izan neban eta nire lagun diseinatzailegaz batera, bertako pub guztietan zehar ibili ginan. Esperientzia ederra izan zan eta, besteak beste, ekialdeagaz maitemintzeko balio eustan.
8. Sariak be ugari jaso dozuz Euskal Herrian, Madrilen, Kataluinian...; guztien artean bat nabarmentzekotan?
Sariak hartzea gauza ederra da eta danak be ondo etorriak dira. Dana dala, 'Fedra' obragaz emon eustiena berezia izan zan ze sari bikoitza zan: azala eta lau orriko komikia; atal biak irabazi nebazala esan eustienean ezin neban sinistu. Kaligrafia Lehiaketako Sari Artistikoa be gustora hartu neban, behar nekosoaren ondorioa izan zalako. Hori bai, niretzako saririk onena nire beharrak jentearen gustokoak izatea da.
9. Idazleen izenak ondo gogoan daukaguz baina ilustratzaileenak ez ostera. Ilustratzaileen beharra zergaitik ez da aintzat hartzen?
Itaun ederra. Liburu oso bat idatziko neuke gai hau hartuta. Erreta ez baina hasarre nago ilustratzaileak bigarren mailan gagozalako. Sarritan entzun dot testu hutsagaz imajinazinorako aukera gehiago dagozala eta irudiak aurrean daukazuzala irudimena ez dozula horrenbeste lantzen, hau da, kasuan kasuko dragoia imajinetea hobe dala dragoiaren irudia ikustea baino. Egia da, ni neu be irakurle amorratua naz eta buruan nire irudiak egitea gustetan jat. Dana dala, irudien magia eta aberastasuna ukatzen dauena ezjakina da. Ganera, ez ahaztu edozeinek imajinau leiken munstroa seguru ilustratzaileren batek sortu dauela. Imajinazino kontuetan, argi dago norberak bizitakoak eta kultureak upealako inportantzia daukala. Filmak be hor dagoz, kateautako irudiz osotutako historiak hain zuzen be, zuzendari baten ikuspegia. Goyo Dominguez pintoreak esandakoa daukat gogoan: 'emozinoa da artearen helburua' eta irudi, marrazki eta ilustrazinoek horretarako bidea zabaltzen dabela uste dot.
Koldo Isusi Zuazo