Txarri okelearen eragina osasunean (II)
Gure osasunerako arriskutsuak ete dira txarri okelearen koipeak?
Badajoz probintzian azterlan interesgarria egin eben oraintsu: jateko ohituren garrantziaz jaubetuta, koipe insaturatuetan aberatsa zan txarri okelea (urdaiazpikoa zehatzago esateko) jaten eban pertsona talde bat ikertuz honako ondorioa atara eben:
Neurriz jan ezkero eta dietearen osotasunagaz ondo konbinauta, txarri okelea jaten eben lagunak ez ziran loditu eta ez jaken gaixotasun kardiobaskularrik agertu; kontrakoa pasau zan, hau da, lagun horreen odoleko triglizerido eta kolesterol mailak bajatu egin ziran.
Beraz, txarri okeleak beste okela batzuen antzeko kaloria kantidadea dauka; dakizuen moduan, koipe askogaz preparau ezkero, orduan kalorien kantidadea gora joango da. Ganera, koipearen distribuzinoa gaixotasun kardiobaskularren aurrean lagungarria be izan daiteke. Baina kontuz: neurriz jatea nahitaezko baldintza da. Kontuan euki eragin onuragarri horreek ikusten ez dan koipeak daukazala, hau da, okelearen hegaletako 'zuriak' jaten ez badoguz hobeto.
Beste alde batetik, hestebeteen atalean esan neutsuena be ez ahaztu: hestebeteak txarri okeleaz ganera, koipe kantidade handiagaz preparetan dira eta horregaitik hestebeteek ez daukiez atal honetan aitatutako propiedade onuragarriak.
Osasunaz berba egiten dogunean, batzutan “arriskutsua” izan leiteke jateko zehatz baten ganean gauza onak esatea, persona batzuk automatikoki “jateko hori sarritan eta ugari jan beharko dot orduan” pentsetako jokerea daukielako. Eta ez naz sekula kantsauko, behin eta barriro errepetiduko deutsuet: JATEKO GUZTIAK ONAK DIRA NEURRIZ JATEN JAKIN EZKERO. Txarri okeleak ezaugarri probetxugarriak daukaz eta ez dogu orain hasi behar beste okela mota batzuk gitxiagotzat edo txartzat hartzen. Gure jateko modua askotarikoa eta zenbat eta aberatsagoa izan hobeto, osasuntsu bizitzeko aukera handiagoak eukiko doguz eta. Eta betiko legez, edozein jatekoren iturria edo jatorria zenbat eta naturalagoa izan jateko hori kalidade hobeagokoa izatea errezagoa izango da.
Larraitz Artetxe,
Dietetika eta nutrizinoan diplomatua,
ELAN VITAL Mediku Zentrukoa.
Aurreko atalean, horrenbeste amodio-gorroto eta fama on-txar irabazi dauen txarri okelearen berezitasunak ezagutzen hasi ginan eta oraingoan be horretan jardungo dogu.
Bitaminak
B taldeko bitaminen iturri ona da txarri okelea, B1 bitamina edo Tiaminan batez be; kontuan hartu 100gramu okelatan 0,89gramu Tiamina dagozala (okela mota gehienek ez dabe 0,2 miligramu baino gehiago eukiten). B12 bitaminearen kantidade handiak be badaukaz eta Riboflabina (edo B2) Niazina (edo PP bitamina) eta Piridoxina (edo B6) franku be bai.
Koipetan disolbagarriak diran bitaminei jagokenez A eta D bitaminak kantidade txikiagoetan daukaz eta koipean dagoz gehienbat. Jateko moduaren arabera, E bitamina (edo Tokoferol) kantidade handiak euki leikez txarri okeleak. Gaur egunean pentsu asko bitamina horretan aberastuta dagoz eta, modu honetara, E bitaminearen propiedade antioxidatzaileei ezker, animalia hil ostean, okelearen koipeak –koipe insaturatuak batez be- garraztutea ebitau gura izaten da.
Zelako koipea dauka txarri okeleak?
Dagoeneko irakurleak badaki edozein okelak ikusten dan eta errez kendu geinkean koipea (okelearen alboko zati zuria edota urdaia) eta ikusten ez dan eta muskuluagaz edo giharragaz nahastauta dagoan koipea daukazala. Ez dogu ahaztu behar aitatutako koipe mota bi horreek koipearen propiedade garrantzitsuenetariko bat emoten deuskuela: okelearen gusto eta aroma berezia.
Txarri okelearen 100 gramutan 60 miligramu kolesterol dago. Badagoz kolesterol gitxiago daukien okelak (untxia) baina gehiago daukienak be bai, berbarako behi okeleak 70 mg daukaz, oilaskoarenak 80 mg eta artxoarenak 90mg (datuok 100gramu elikagairako dira).
Txarri okelearen koipe motaren inguruan sortu izan dira eztabaidarik handienak. Hasteko, ez dogu ahaztu behar txarriaren arrazak eta jateko moduak eragin erabagiorra daukiela okelearen konposizinoan eta adituek ziurtatzen dabenez, aste gitxi batzuren barruan txarriak jatekoetatik hartzen dauen koipe mota berbera sortzen dau bere gorputzean.
Koipe insaturatuak konsumidu dituan txarri baten okeleak -iberiar arrazako txarrien okeleak- behi okeleak edota artxo okeleak baino koipe insaturatu (osasunerako arriskutsuagoak) gitxiago daukaz. Beste okela mota batzuk baino koipe monoinsaturatu gehiago (oliba orioak dauakanaren antzekoa), baita koipe poli-insaturatu gehiago. Txarriaren jateko eta hazteko moduaz ganera, txarriak berak animalia moduan genetikoki daukazan berezitasunak bere okeleak beste animalia batzuen okelak baino koipe insaturatu gehiago eukitea eragiten dau.
Dana dala, ezbardintasun handiak dagoz mendian hazi eta bizitzako azken asteetan koipe insaturatuetan aberatsak diran elikagaiak jan –berbarako uzkurrak- edo pentsua bakarrik jan daben txarrien okelearen artean.
Giroaren tenperaturan koipe saturatuak solidoak izaten dira eta koipe insaturatuak likidoak. Epeltxuago dagoanean, izerditan eta tangadaka hasten diran pernilak argi erakusten deuskue koipe insaturatuetan aberatsak dirala.