Israel eta Palestina (II): indarkeria baino zeozer gehiago
Zeintzuk dira bidaiarientzako leku gomendagarriak?
Topikoa emoten badau be, lehenengo eta behin Itsaso Hila aitatuko dot eta ez bakarrik hondoratu barik egunkaria irakurriz bainua hartzeko ze ingurualdea benetan ikusgarria da. Inguruan dagoan desertua oso aberatsa da mineraletan baina tontakeria izan arren, leku berezia da, besteak beste, munduko punturik bajuena dalako, itsas mailatik 400 metrora dago, amesetako lekua da. Golango Mendiak, ur gezatako lakua dan Galileako Itsasoa, Belen eta bertan topauko dozuen Natividad Basilikea zein Masada herri zaharra be bisitetako modukoak dira.
Zeintzuk dira Masadaren ezaugarriak?
Historia bereziko herria da. Hebrearren bizilekua zan, goi-lautada baten eregitakoa. Erromatarrek aparteko ahaleginak egin ebezan urteetan zehar herria indarrez hartzeko eta, gaur egun, oraindino be erromatarren aztarnak ikusgai dagoz bertan.
Erromatarrek lortu eben euren asmoa?
Erdizka. Herriaren buruhornikuntza gaitasuna sekulakoa izan arren, azkenean, erromatarren ekinaren ekinez inbasinoa gauzatu zan. Dana dala, herritar guztiek burua hiltea erabagi eben erromatarren esku geratu baino lehen. Emakume bakarra geratu zan bizirik ondorengo belaunaldiei guztiaren barri emoteko. Gaur egun, Masada hebrearren erresistentziaren sinbolo bihurtu da, bertan lizentzietan dira militarrak eta ohikoa da ondoko deadarra: “Masada shall never apeen again” (Masadan jazotakoa ez da barriro jazoko).
Orain arte Israel eta Palestinako alde historikoa jorratu dogu baina modernidadeaz zer esan daiteke?
Modernidadea israeldarrei jagoke. Israel Herri modernoa eta karua da, mendebaldearen aurrerakuntza guztiekaz. Horren guztiaren erakusgarri Tel Aviv uria da, uri modernoa nahiz eta Hong Kong edo New Yorken parekoa izan ez, berbarako kaleen garbitasunari jagokonez.
Kristinauentzat Belen dan legez, Jerusalem uri santu legez aldarrikatzen daben horrenbeste erlijinokaz, Israelen turista erlijiosoak gehiengoa izango dira, ezta?
Bai, bai. Uria helburu daben peregrinazinoak ugari dira eta penagarria da hori baino ez nabarmentzea; gerra giroa traba handia da uriaren alde guztiak ezagutu ahal izateko. Uste dot Herrialdearen normalizazino bidean laguntzeko modu egokia izan daitekela ingurua bisitetea eta, era horretara, turismoaren bitartez, Palestinako ekonomia zeozelan suspertzeko.
Testua: Zigor Aldama.
Argazkiak: Iñigo Virto.
Bizkaie!-ren aurreko atalean, israel eta palestinarren arteko gatazkearen nondik norakoak azaltzen ahalegindu ginan. Zorionez, tiro hotsak, leherketak eta odol isurketak ez eze, badagoz nabarmentzeko moduko bestelako gauza batzuk. Israelen eta Palestinan leku ederrak dagoz, paisaje zoragarriak denporan atzera egiten laguntzen deuskuenak eta esperientzia gogoangarrien artean, Itsaso Hilaren uretan bainua hartzea aitatuko neuke. Gorrotoa eta aurrez aurreko giroa bizi dituan lurraldea ondo ezagutzen dauen Iñigo Virtogaz egon gara eta hona hemen kontau deuskuzanak:
Israel eta Palestina leku turistikotzat hartzea ia-ia pentsauezina da, baina hori topiko hutsa da. Ideia hori hankaz gora botateko zer esango zeunke?
Benetan gatxa da ze indarkeria giroa da nagusi aitatutako herrialde biotan edo batzuen esanetan, nazino bakarrean; holan ikusita, normala da turistentzat erakargarria ez izatea. Dana dala, argi itxi gurako neuke bertan zagozanean, gozamenerako eta disfrutetako aukerak badagozala egon. Israelen ganean, hiru kontu nabarmendu behar deutsudaz: alde batetik, kokaera geografikoa, izan be, desertu baten erdian dago eta Itsaso Hilaren eta Mediterraneoaren urak jasoten ditu; bestetik, Israelen historia aitatuko neuke, etenik bako inbasinoen eta kulturen arteko burruken ondorioz, monumentu eta aztarnategi ugari dagoz eta bidaiariak denporan atzera egiteko aukerea dauka; azken buruan, ikaragarria da Israelen bizi dan giro politiko eta erlijiosoa.
Erlijinoaren gaia aurreko atalean be jorratu genduan. Edozelan be, pentsetan dot erlijinoen metaketea ez dala beti indarkeria iturri izango, ezta?
Jakina ezetz. Palestinagaz konparauta, Israelen oso esanguratsuak dira integrazino erlijiosoa eta kulturen ugaritasuna. Ez ahaztu israeldarrak ez dirala judutarrak bakarrik, arabiar zein kristinau jatorrikoak be badagoz eta ateo edo jainkorik bakoak be bai. Hori bai, erlijinoak aparteko garrantzia dauka, segurutik munduko edozen bazterretan baino gehiago.
Lehen esan dozu denporan atzera egiteko aukerea daukala bidaiariak. Zergaitik?
Sentsazino horregaz bidaiariak bat datoz. Ehundaka aztarnategi dagoz eta erromatarren sasoia gogoratzeko zenbat-gura arrazoi; horrezaz ganera, oraindino tente eta herritarrek erabilten dabezan 'harribitxiak' dagoz, besteak beste, urtean zehar milaka bisita izaten dituan dolamen-lamentazinoen horma, meskiten zabalunea eta Olibondoen Mendia.
Eta Jerusalem?
Inguruko lekurik ederrena da Jerusalem, duda barik. Kale estu harriztatuak, meskitak eta sarritan Erdi Aroan legez bizi diran herritarrak ikustea aparteko esperientzia da. Alde zaharra erraldoia da eta ez dauka zerikusirik Europako urietako alde zaharrakaz. Harresi edo hormatzarraren barrualdean, gure zibilizazinoaren historia topetako eta gune palestinarrean edonon igarri leiteken kultura musulmanetik edateko aukerea dago. Jentez gainezka egoten diran arabiar azoken inguruan giro musulmana sortzen da, Egipton edo Marokon topau geinkenaren antzekoa hain zuzen be. Antojugarria be izan daiteke, izan be, jente larregi egoten da eta hatsa sarritan aguantauezinezkoa. Okela usteldua, euliz betetakoa ez da ikuskizun ederra baina ukutu exotikoa ezin jako ukatu.