Ardaoa beti neurriz
Topa egin daigun ardaogaz, baina beti be norberaren neurria jagonez!!!
Mikel Garaizabal,
Enologoa eta sommelierra.
Ardaoa neurrian edan ezkero, ona da osasunerako. Baieztapen hori ez dot nik egin, ez da nik asmautakoa; izan be, teoria hori ikerketa askoren emoitzea da; gauzak holan dirala, gaur egun mediku guztiak bat datoz egunean ardao apur batek ez dauela ezelako kalterik eragiten esatean.
Ardaoak mila substantzia baino gehiago daukaz eta, jakina, substantzia horreek guztiak mahatsetik edo eta hartziduratik datoz.
Edozelan be, ardaoaren osogaien artean ura da nagusi, gero alkohola dator eta amaitzeko azidoak, azukerea, taninoak eta kantidade askozaz txikiagoetan: potasioa, fosforoa ...
Historian zehar, ardaoa ez da bakarrik estimulante moduan erabili izan; medikuntzan be askotan erabili da, eta askotan esan izan da ardaoa edaririk eta garbiena dala, sarritan ura kutsatuta egoten zalako.
Euskal Herriko ohiko dietan, ardaoak betidanik izan dau aldekotasuna eta indarra. Ardaoak gizakiokan dauen eragin onaren ganeko susperraldia laurogeita hamarreko hamarkadan izan zan, eta erru handia paradoxa frantsesarena izan zan. Serge Renaud jaunak plazaratu eban paradoxa hori CBS telebista amerikarrean, eta haren esanetan, urte askoan zehar ikerketak egiten ibili ostean, ondorio nagusia ondokoa izan zan: Frantziako eta Ameriketako Estadu Batuetako bizilagunek antzeko koipe kantidadea jan arren, Estadu Batuetan bihotzekoak jota hilten diran personen tasea 2,5 bider altuagoa da Frantzian baino, eta arrazoia ardaoaren kontsumoan dago; kontuan izan frantziarrak munduko ardao kontsumitzailerik handienak dirala. Ardaoak odola urtu edo likidotu egiten dau eta, era horretara, kolesterol txarraren kantidadea jatsi egiten da. Barri honek sekulako zaparradea eragin eban AEBetan, eta ardaoaren kontsumoa % 40 igon zan albistea argitaratu zan astean.
AEBn ezeze, Europan be desbardintasun handiak dagoz dieta mediterraneoari eusten deutsien herrien eta beste dieta mueta batzuez elikatzen diran herrien artean, berbarako: Italia, Portugal eta Frantzian bihotzeko kasu gitxiago dago Ingalaterran edota Suedia eta Norvegian baino, besteak beste, azken herrialde horreetan ardao kontsumoa oso txikia dalako.
Halan da guztiz be, horrek ez dau esan gura alkoholdun edari guztiak osasunerako onak diranik; ardaoa edari berezia da osogaien artean mahatsaren substantziak dagozalako, besteak beste, polifenolak. Substantzia hori oso ona da odol-hodietan odolbaturik ez egiteko eta, horrezaz ganera, oxidazinoaren, minbiziaren eta alzheimer gaixotasunen kontra be ezin hobea da.
Esandakoak esanda, ardaoa dieta mediterraneoaren zati garrantzitsua da; baina bestelako elikadura mueta orekatuakaz batera be, neurrizko kontsumoa tarteko, bizi-kalidade hobea eta bizitza luzeagoa bermatuko doguz.
Non dago neurria?
Neurriari jagokonez, mito asko dagoz. Adituek dinoe 'ez gehiegi ez gitxiegi dala' egokiena, baina ez da erraza izaten larregi eta gitxiegi zer dan zehaztutea.
Neurria zehaztuteko, norberaren gorputzaren pisua kontuan hartzea da onena eta, oro har, egunean 2-4 basokada edatea gomendatzen da; hori bai, kontsumoa egunean zehar, jatordu diferenteetan egin behar dala dinoe, hau da, betekadarik egin barik, ze gure gibelak denporea behar dau alkohola metabolizetako; horrenbestez, ohar horreek kontuan hartzen ez badoguz, osasunerako txarra izan daiteke ardaoa.
Beste alde batetik, ardaoak ez deutso bardin eragiten gizonezkoari eta emakumezkoari, normalean gizonezkoak pisu gehiago izaten dauelako; logikoa danez, 80 kiloko gizon bat eta 60 kiloko emakume bat parean jarrita, alkohol kontzentrazinoa handiagoa izango da emakumearen kasuan eta, beraz, emakumeak gizonak baino astiroago metabolizauko dau alkohola; ganera, emakumeen gibela txikiagoa izaten da eta gorputzean ur gitxiago izaten dabe; ondorioz, teorian behintzat, emakumezkoek arinago igarriko dabe alkoholaren eragina.