Natxo de Felipe: 'Herri bedeinkatu eta madarikatu honetan, deserzinoa aldarrikatzen dogu'.
Aurkezpen larregirik ez dau behar, Euskal Herriko folk talderik dinamiko eta langileena eta beteranoenetakoa da Oskorri. Gaur egun, merkatua zelan dagoan ikusita, hogeita hamar urtetik gora plazarik plaza ibiltea eta Desertoregaz 28 disko argitaratzea ez da makala. Ahotsa eta musika tresnak, soinu akustikoa eta elektrikoa, musika tresna tradizionalak eta gaur egungoak ezin hobeto buztartzen dakien taldea da, berezko sonoridadea lortu dauena. Historian zehar, taldekideen joan-etorria izan bada be, hasiera-hasieratik dagoz Natxo de Felipe, Antton Latxa eta Bixente Martinez. 1975ean CBS Etxeagaz kontratua sinatu eta urtebete beranduago, Oskorrik argitaratutako lehen diskoa etorri zan: 'Gabriel Arestiren oroimenez'.
Ordutik, makinatxu bat plaza eta ikerketa zein bilketa beharretan ibilitako taldea da eta aparteko ahaleginak egin dituana desagertzeko arriskuan egozan kantu, dantza eta olerkiak jaso eta kantuetan adierazten.
Oskorri taldearen disko barria, pasa dan irailean eta urrian grabautako 'Desertore' izenburukoa dagoeneko salgai dago. Ia partaide guztien konposizinoekaz osotutako diskoa da eta hitzei jagokenez, idazle eta bertsolari ezagunen testuak topauko doguz; Unai Elorriaga, Harkaitz Cano, Andoni Egaña, Jon Sarasua, Maialen Lujanbio...
Musika produkzinoaren ardurea Luis Lozano musikari kanariarrarena izan da (besteak beste, Amaral, Duncan Dhu eta Silvio Rodriguezegaz ibilitakoa, 58 diskotan parte hartu dauena) eta teknikari lanetan, barriz, Jean Phocas ezaguna.
Aitagarria, diskoaren grabazinoan gonbidatu bereziak ere izan dabezala, Eliseo Parra, Faltriqueira, Alos Quartet, Leturia...
1. Oskorriren disko barria: Desertore. Diskoaren aurkezpena Garellanoko Koartel zaharraren inguruetan. Berezia benetan.
Bai. Oskorri historikoki talde desertorea da. Desertatzea ekintza positiboa dal pentsetan dot eta gure disko barri honetako kantu batek deserzino militarrerako deia dakarren legez eta beste deserzino batzuk be kontuan hartu doguzan legez gure disko hau lantzerakoan leku egokia otu jakun, izan be, gaur egun ekintza sozialetarako erabilten da antzinako koartela eta pozgarria da. Zorionez, sunda militar hori galduta dauka eta orain beste era batzuetako usainak dagoz hemen, gozoak gehienbat.
2. 'Desertore' diskoa kalean dozue taldekide guztien konposizinoekaz. Disko berezia da begikoena, kuttunena ala zerrendan beste bat?
Ez, ez, ez da beste bat. Oskorri taldeak oraindino bere burua haritzeko ahalmena dauka eta hori disko honetan be igarten da. Disko hau egiteko prozesuan gauza asko pasau dira. alde batetik,hiru lagun barri sartu dira taldean, Iñigo Egia perkusinoetan, Gorka Eskauriatza kontrabajuan eta baju elektrikoan eta Iker Goenaga trikitilaria. Hiru lagun horreek taldean buztartzeko beharra sakona izan da, kontuan hartuz konposizinoak preparetako beharra danon artean egin dogula. Guztira, 30 kantu geunkazan diskorako eta azkenean 13 sartu dira; dana dala, badakizu guk kantu guztiak lantzen doguzala eta atara kontuak zenbat buelta, aldaketa, moldaketa eta enparau egin behar izan dogun.
Ura diskoagaz batera hasitako taldearen sonoridadea aldatzeko prozesua Deserore diskoagaz amaitu da zeozelan eta horrek be aparteko beharra eragin deusku. Beraz, guretzat Desertore oso disko inportantea da Oskorriren diskografian.
Atxaga handiak Obabakoak liburua plazartu ebanean, handik gitxira Bilbon, Iturribide kalean topau neban idazlea eta liburuaren ganean berbetan gengozala, Obabakoak lan luzearen eta nekozoaren ondorioa izan zala. Gure kasuan be antzeko kontua aitatuko neuke. Badakizu, beharra da gauza guztien giltza eta guk behintzat behar handia egin behar izan dogu gustoko produktua atarateko.
3. 'Ezin erren nizun hitzez' Desertore diskoko lehen singela ez ete da apur bat tristea promozinorako?
Bueno, ez. Kontua da ze kantu guztiek euren atmosfera berezia daukiela. Hamairu kantu dira eta letristen artean be jente ugari euki dogu; beraz, kantu oso diferenteak dagoz diskoan, behar multikolorea da. Gauzak holan, promozinorako bat aukeratzea, kantu bakar batek disko osoaren esentzia adieraztea oso gatza izaten da beti. Aitortu behar deutsut duda handiak euki doguzala kantua aukeratzeko. Dana dala, oso kantu ederra, sakona otu jakun eta beste barik hortxe dago.
4. Unai Elorriagak disko honetarako idatzitako kantuak euskerearen ganeko gogoeta edo hausnarketarako bidea dakarsku. Oskorrik bere sasoian zentsurea sufridu ebala badakigu baina orain zortzi bat hilabete Egunkaria zarratzea eta oraintsuko euskal kulturearen kontrako erasoa zelan bizi izan dozuz?
Ba..., hor be sentimendu kontraesankorrak daukaguz. Batetik, guk geuk be ulertzen dogu zelako sentsibilidade faltea dagoan Euskal Herrian euskaldun ez diranen artean. Euskaldunon arazoak ulertzeko ze gaitasun falta daukien baina horregaz batera, pentsetan dogu euskaldunok geure erreibindikazinoak aurrera atarateko puntuan ez gabizela zuhur jokatzen euren gogoak edo bihotzak irabazi beharrean modu latz batez planteatzen doguzalako gure eskubideak. Azken batean, 'Bart ikusi dut euskara', Unai Elorriagaren kantuan azaltzen doguna da jente erdaldunaren bihotzak irabazi behar doguzala konponbidea gura badogu behintzat. Konponbiderako ez dago beste modurik jentea enamoretea eta liluratzea baino eta hori da gure eguneroko eginkizuna. Gure musikea entzuteko prest dagoana enamoretako beharrean gabiz, euskalduna zein erdalduna izan. Esango neuke, euskaldunok batzuetan ez garela oso argiak gure gauzak planteatzerakoan.
5. Euskal kulturea eta tradizinoak maite ditu Oskorrik eta, horren erakusgarri, desagertzeko arriskuan egozan makinatxu bat kantu eta dantza berreskuratu ditu, ikerketa lanaren ondoren, bai txikitxuenentzako eta bai adin guztietako lagunentzako diskoak sortuz. Aurtengo Pub Ibiltarirako kantuak aukeratu dozuez dagoeneko?
Bai, bai. Gu saltsa askotan sartuta gabiz eta gustora ganera. Bai, dagoeneko prest daukagu errepertorio barria. Beti lez, kantu ezagunak eta ez hain ezagunak, erdi ahaztuta egozanak buztartuko doguz aurten be Santo Tomas egunean. Pentsetan dogu urte batzuetarako errepertorio badagoala bai baina aurtengoa ederra dalakoan nago.
6. Musikeari jagokonez, folk taldetzat hartu geinke Oskorri, musika tradizionala lantzen dauen taldetzat ala beste etiketaren bat gurago dozu?
Ez, ez. Etiketen kontu horrek amorru apur bat emoten deusku ze etiketa batek normalean nekez adierazten dau osotasuna. Guri bardin deusku, sarritan esaten deuskuenean, folk taldea garela ba, ondo dago. Oskorri taldeak oinarriak edo sustraiak leku jakinean daukaz eta inguru horretako musikea egiten dogu, hor ez dago dudarik; gure musikan Euskal Herriko kolorea, usaina, gustoa igarten dira baina horrezaz ganera, gurea konplikatuagoa dala esan leiteke, sormen askatasuna, abangordiaren originaltasuna, sentimendua, oinari etiko eta estetikoak..., horreek danak buztartzen ahalegintzen gara. Munduko azkeneko muturragaz be ondo komuniketa gagoz eta normala da, normala eta aberasgarria be bai danok kutsatuta egotea. Nik uste dot, egunero gauzak hain bizkor aldatzen diran arren, geure kolorea, geure nortasuna gorde, horri eutsi behar jakola baina eboluzionetan jakinda eta kanpotik datozen eragin guztiak onartuz. Ganera, ez ahaztu taldekideon artean be sentsibilidade ezbardinak dagozala eta, beraz, Oskorri folk taldea edo euskal musikea lantzen dauen taldea baino zeozer gehiago dala uste dogu, musika klasikoaren, jazzaren edo pop-rockaren eragina be igarri leiteke gure kantuetan. Hori onerako izan da gure formulan.
7. Zein da Oskorriren formula magikoa, kalidadeari eutsiz, musikagintzan 30 urte baino gehiago emoteko?
Formula magikorik ez dago baina labur esango deutsut. Nik uste dot formulea argia dala, hau da, barruko jente guztiaren sentsibilidadeak errespetatzea eta guztion arteko konsensuz edo adostasunez hartzea erabagiak.
8. Euskal Herritik kanpo, lehenengoz 1978an emon zenduezan kontzertuak Europan eta ordutik sarritan ibili zarie Europan ez eze baita Georgia, Uruguay eta Argentinan be. Folk Freak Pläne-k Oskorriren bilduma lanak publikau ditu Europan eta, beraz, kanpoan be jentearen erantzun ona jaso dozue.
Bai. Ondo esan dozu, Europan zehar 78an egin genduan lehenengo bira, 25 urte edo pasau dira eta beti, hasiera-hasieratik ikusi dogu publikoa edozein izanda be, emozionau egiten dala gure musikeagaz. Testuak ulertu ez arren, geugaz konektetan aparteko ahaleginak egin ditu kanpoko publikoak be eta hori zoragarria da. Hori konstante bat izan da gure bidaietan.
9. 'Desertore' diskoaren lehen aurkezpen kontzertua Gazteizen izango da zemendiaren 19an baina Pil-Pil ontzian be ekitaldi berezia eskainiko dozue Bilboko Itsasadarrean zehar.
Erregalutxu bat da gure zaleentzat. Zemendiaren 2an, domekan Pil-Pil ontzian osterea egingo dogu Bilboko Udaletxearen paretik Euskalduna ingururaino Nerbioin zehar, era horretara, paseoan dabilen jente guztiari Desertore diskoko kantuak eskaintzeko.
Hortik aurrera, aurkezpen ofizialak zemendian egingo doguz Faltriqueira eta Alos Quartet taldeakaz batera. Lehenengoa Gasteizen zemendiaren 19an, Irunean zemendiaren 20an, Irunen zemendiaren 21ean, Bilbon zemendiaren 22an eta Miarritzen zemendiaren 23an.
Koldo Isusi Zuazo