Pantaloietatik tangetara
Tangen arrakastearen gakoak
Gaur egun, tangak lentzeriako azken irrintzia ei dira. Frantziako Ipar-ekialdean dagoan Lycée Ribauvillé institutu konserbadorearen arautegiak beren beregi jaso dau neska gazteek barruko arropea agirian jarteko debekua. Zuzendaritzearen esanetan, tangak degradazino estetiko lizunak dira, baina, egia esan, ez leukie zeresanik emongo, barruko jantzi honegaz batera gerri txiki-txikiko prakak erabiliko ez balira; izan be, modako koktel honen ondorioz –batzuen ustez libidinosoa eta besteen ustez eskandalosoa–, ziletik gluteoetarainoko nahiko tarte zabala ixten da agirian.
Arlo honetako profesionalen arabera, Europan saltzen diran hamar kuleroetarik sei tangak dira. Sloggi markak, esaterako, aurkeztu barri dau 12-15 urteko neskatoentzako beste modelo bat. Ganera, tangak janzten dabezen modelo ospetsuen eraginak (Britney Spears, Jennifer López edo Kylie Minogue) jantzi hau Europa erdiko atzealdeetara zabaldu dau.
Eta neskak ez dira kontsumitzaile bakarrak. Gizonezkoak be animetan hasi eta holakoak erabilteari ekin deutsie. Salbaslip-en enpresek be tangetarako konpresa bereziak egiten hasi behar izan dabe.
Arrakasta honen arrazoiak? Era guztietakoak dira: kuleroak baino merkeagoak dira, josturek ixten dabezan marka antiestetikoak desagertzen dira eta belaunaldi gaztearen ikur bihurtu dira. Hamalau urtetik hogeita bost urtera bitarteko neskek iraultza moduko bat sortu eragin dabe. Eurak dira glamour, estetika eta probokazinoaren berbak tangearen berbagaz idaztearen erredunak.
Begiluzea
Oihal zatitxu hau, beroa, ernagarria eta kitzikagarria, 80ko hamarkadan Afrikatik atara eta Ipanemako hondartza epeletara ailegau zan, toki zoragarri horretan neska brasildarrek modan ipini eien. Azkenik, 90eko hamarkadaren amaieran Europara heldu eta gaur egun mundu osoko gaztetxuek gehien erabilten daben jantzia da. Une honetan historiaurreko elementu modura ikusten doguz gerruntzeak, kortseak, pantaloiak edo kulero altu eta handiak.
Pantaloien ibilbidea
Eta zer ikusi dabe jantzi txiki-txiki horretan Europako andrazkoen % 40k? Erosotasuna, ohore eta lotsearen kontrako burrukea, belaunaldi bateko ikurra edo exhibizionismorako atxakia ezin hobea? Italiako errenazimendua sortu zanetik hona pantaloi, kulero, slip eta enparauak oihala galtzen joan dira eta gero eta haragi gehiago itxi dabe agirian.
Baina dan-dana XVI.ean hasi zan; mende horretan Erroman pololo antzeko batzuk agertu ziran; belaunetaraino heltzen ziran eta batez be bizimodu alaiko andrazkoak hasi ziran erabilten. Ondorioz, eleiza katolikoa aho zabalik geratu eta jantziok erabiltea galarazo eban.
XVIII. mendean, artean be pentsetan zan pololoak ez zirala dama batentzako jantzi egokiak. Sasoi honetan, antza, ez zan ezer be janzten gonen azpian. XIX. mendera ailegauta, Jean-Jacques Rousseauk umeen heziketearen ganean idatzitako liburu bati esker, 12 urtetik beherako neskatoei barruko arropea erabilteko baimena emon jaken, olgetan ibili bitartean. Parisko kan-kan dantzariek be nahiko lagundu ei eben; izan be, hankak hain goian ipinteko gauza ziran, ze euren xarmak ostentzeko bestelako bilduki moduko bat behar eben. Neska honeei ez beste inori slipak erabilteko agindua emon jaken. Poliziak kulero ikuskatzaile bat bialtzen eban gauero-gauero, neskak modu egokian estalduta joaten eten ziran konprobetako. Gauzak holan, jantzi honen erabilkerea gizarte klase guztietara zabaltzen hasi eta agintari erlijiosoen eretxia aldatzen joan zan apurka-apurka. Baina sasoi honetako prostitutak izan ziran arropa honi ukutu libertino, arin eta erotikoa emoten hasi ziran lehenengoak.