'The dreamers'
Intimismo eta gaztetasunaren eremura etorrita, Bertoluccik Parisko 68ko maiatzaren gizarte mobimentuan kokaturiko lana aurkeztu deusku.
“Ameslariak” izeneko film honek tradizinoaren mugak apurtu eta norbanakoen askatasunean oinarritu gura dauen amodio-triangelu baten barri emoten deusku; maitasun-hiruki arazotsu hori 18-20 urte inguruko neba, arreba eta amerikar batek osotzen dabe, protagonistek eurek be hartu-emon horreen arrazoia ondo ulertuagaitik be. Intzestu hartu-emonak eta ikutu homosexualak azaltzen dira, hiruren zine-zaletasunak batutako adiskidantza horretan. Aldi berean, familia intelektual eta burges baten jaiotako neba-arreba horreen eszentrikotasuna, gurakeria eta azaleko konpromisoa ikusteko aukerea dago. Horren guztiorrren bitartez, Bertolucci 68ko mobimentu iraultzailearen barruko kontraesanak agirian jarten ahalegindu dalakoa daukat, pelikula ikusi bitartean, ezin da-eta jakin zeintzuk diran protagonista sasi-iraultzaile horreen benetako motibazinoak: modea edo gurakeria, benetako konpromisoa, antzezpen lana edo frustrazinoa.
Filmaren beste helburuetariko bat amesak errealidade bihurtzeko gaitasunaren eta inozentziaren ganeko argazkia egitea izan da, eta horretarako, zuzendariak sexualidade ausart eta argi bat erakusten deusku, pelikulea dinamizau eta erritmo biziago bat emotearren. Bertoluccik, dana dala, iraultza-sasoi horren izakera ludikoa eta erakargarria be aztertu gura izan dau, sexuaren aurkikuntza bizigarri eta ernagarria azalduz eta ikuslea moda, musika eta kulturearen jakingarritasunera hurreratuz.
Ikusten danez, gaiak eta azpi-gaiak askotarikoak dira, beharbada gehiegi. Azkenean, ikusleak ez daki zer ikusi dauen, zein dan filmaren edo pertsonaien azkenengo asmoa. Amesetan izaten danaren antzeko sentsazinoa sentitzen da. Beharbada ametsak eta iraultzak nahiz ameslariak eta iraultzaileak oso antzekoak diralako.
Joseba Terreros
Zuzendaria: Bernardo Bertolucci
Herrialdea: Erresuma Batua, Frantzia eta Italia
Iraupena: 120 minutu
Antzezleak: Michael Pitt (Matthew), Eva Green (Isabelle), Louis Garrel (Theo), Robin Renucci (aita), Anna Chancellor (ama), Florian Cadiou (Patrick).
Gidoia: Gilbert Adair; "The holy innocents" eleberrian oinarritua.