'Intolerable cruelty'
Coen anaiek zuzendutako azkenengo filma produkzino-etxe handi baten eskariz egindako beharra izan da, eta, holako kasu askotan jazoten dan legez, horrek agiriko eragina izan dau pelikula honen ezaugarri guztietan.
Izan be, film honetan Coendarren hain gustukoak diran ikutu groteskoak eta egoera absurdoak ikusteko aukerea egonagaitik be, pelikuleari darion sundea sano komertziala da. Eta horrek, zoritxarrez, larregi kargetan dau Intolerable cruelty-ren erritmoa eta mamina. Ikusleak holako produktu bat aukeratzen dauenean, badaki aldez aurretik lan arina eta burubakoa ikusiko dauena, badaki zinemara ondo pasetan besterik ez doana. Eta horixe da film honek ederto beteten dauen ezaugarrietariko bat: filma sano azalekoa da eta dibertimenturako baino ez dago eginda. Horrek, dana dala, ez dau esan gura emoitzea egoki-egokia danik.
“Intolerable Cruelty” filma gogobete sentiduten ez dan abokatu bikain baten eta aberatsak ehizatzeko zeregin gogorrean jarduten dauen andre ezin ederrago baten arteko topaketearen ganeko istorioa da. Rol biak antzezteko ardurea Hollywoodeko gailurrean dagozan eta euren zeregina ondo beteten dakien George Clooney erakargarri eta Catherine Zeta-Jones ederraren esku itxi dabez. Era berean, komedia erromantiko hau girotzeko erabilitako eszenografia maila berekoa da, guztiz glamourosoa. Osogai horreek ikusita, ez jatzue gatxa izango produkzino honen nondik norakoak sumatzea.
Hasikera batetik, Coen anaiei hainbeste gustetan jakezan egoera lorrin eta ganberroen ukutuak ikusi ahal izango doguz, baina ez dira euren nortasun ezaugarriei eusteko baizen zorrotzak eta barregarriak. Neure eretxiz, sano gatxa izan jake glamourrez bete gura izan daben film honen mailara heltzea. Eta horixe da pelikula honen akatsik agirikoena, ikusleak itxaroten dauenari ez erantzutea eta zuzendari honeen ohiko demaskeriak eta komertzialtasuna buztartzen ez jakitea. Ondorioa argia izan da: erritmoari eusten ez deutson produktu salgarria baina gazbakoa.
Joseba Terreros
- Zuzendaria: Joel Coen.
- Herrialdea: USA.
- Iraupena: 100 minutu.
- Antzezleak: George Clooney (Miles Massey), Catherine Zeta-Jones (Marylin Rexroth), Geoffrey Rush (Donovan Donaly), Cedric The Entertainer (Gus Petch), Edward Herrmann (Rex Rexroth)...
- Gidoia: Robert Ramsey, Matthew Stone eta Ethan & Joel Coen; Robert Ramsey, Matthew Stone eta John Romanoren argumentu baten oinarrituta.