Hong Kong (I)
Ekialdearen eta mendebaldearen bilgune
Hurrengo zenbakian, Hong Kongek Txinaren barruan bizi dauen egoerea eta urian arlo guztietan dagozan sekulako kontrasteak azalduko doguz.
Testua eta argazkiak,
Zigor Aldama
Hong Kongeko herritarrak harro dagoz euren uritzarragaz, eta 'City of life' (bizitzearen uria) legez ezaguna da; orokorrean, Hong Kongek ez dauka zerikusirik Txinako Herri Errepublikan bizi daben egoera negargarriagaz, baina mendebaldekoentzat ez da erraza Asiako uri erraldoi horretan bizitza atseginaren arrastoak topetea.
Bizimodua
Etxeorratzezko basoa eta herensuge ikustezinen bildurrez, arin desagertzen diran gizakiez betetako benetako oihana da Hong Kong. Uriaren erritmoak esturea eragiten deutso turisteari; Hong Kongeko herritarrak korrika joaten dira leku batetik bestera, bazkalorduko hogeita hamar minutuetan; Mc Donald's ospetsu horreetako zabor-jakiak iruntsi eta barriro joaten dira beharrera, uribarrenetan kokatuta dagozan erlauntza itxurako apartamentu txiki, zikin eta motz horreek pagau ahal izateko; halan da be, oso harro dagoz, batez be, Txinako uririk aberatsena eta Asiako garrantzitsuenetarikoa dalako.
Uria ez da eder-ederra be, baina oso erakargarria da, ezelako duda barik. Urtero mundu osoko milaka bisitari hurreratzen dira: txinatarrak, europarrak, amerikarrak... Txinatarrentzat dendak izaten dira Hong Kongeko gauzarik interesgarrienak: txinatarrentzat, bizitzan behin baino ez bada be, Hong Kongera Shopping (dendarik denda) bisitan joatea derrigor egin beharreko pelegrinazinoa da. Ganerako bisitarientzat, gehienetan bidaia luzean egindako geldialditxua baino ez da izaten Hong Kongera osterea; kontuan izan, Asiako lotura-urietariko bat dala (bertako aireportu dotoretik miloeka lagun pasetan dira urtero) eta, horren ondorioz, bisitari askok eta askok lotura-geldialdia egiten dabe; dana dala, etxeorratzak eta leku exotikoak maite dituenentzat uri erakargarria da. Beste alde batetik, oso deigarria da hain uri garrantzitsua lur azalera txikian eregita egotea. Hong Kongek 1.098 kmĀ² daukaz eta alkarren artean, teknologia barrienakaz ondo hornidutako autobus, ferry, metro eta tranbia sare zabalagaz ondo komunikauta dagozan lau ingurualde; aitatutako tranbia horreek ehun metrotik gorako eraikinen artetik, aro barriko pisu biko autobusen, luxuzko taxien eta kotxe modelorik barrienen ondoan ikustea gauza bitxia da benetan, lekuz kanpo dagozala emoten dauelako. Hong Kongen oraingo aldiaren aurretik doaz, ia-ia etorkizunaren aurretik.
Sekulako uriaren indar erakarlea
Hong Kongeko lekurik ezagunena Hong Kong Central da, isla txiki-txikia izan arren New Yorkeko Manhattanen pareko indar ekonomikoa dauena. Hortxe dagoz Hong Kongeko ohiko skyline irudia eratzen daben etxeorratz distiratsuak.
Hong Kong Centralen aurrez aurre Kowloon dago, lurrazpiko pasabideez lotuta, eta honek ez dauka zerikusirik Hong Kong Centraleko luxuagaz. Milaka kale estutan, jatetxe eta elektronika denda merke-merkeak eta Calvin Klein edo Chanel lako marka ezagunetako denden aurrealdeetan, fruta-saltzaile ibiltarien hala-moduzko saltokiak topauko doguz nahastean.
Benetako oihana emoten dau Hong Kongek: etxe guztietako ate eta leihoetatik publizidade-panelak ataraten dabez arbolen adarren antzera, eta ia-ia zerua ikusteko modurik be ez da egoten. Eguzkia sartzen danean hasten da mobimentua eta turistentzako ikuskizuna. Errotuluetako argi guztiak biztuten dira eta gaua eguna baino argiago bihurtzen da; aurreztutako dirua gastetako gogo itzelagaz egoten da jentea, eta goizeko ordu txikietara arte ez dira geldi geratuko; egunez baino jente gehiago ibilten da gauez kaleetan eta, egia esan, ez dogu ahaztu behar gauez be ixten ez dauen merkataritza-gune erraldoia dala Hong Kong.
Kowloonen bertan dago Tsim Xa Tsui izenagaz ezaguna dan elektronikearen merkataritza-gunea; esan dogun legez, Kowloon dendez josita dagoan arren, Tsim Xa Tsui be ez da txiki geratzen; ganera, Hong Kongen tratuan edo errekardaritzan ibilteko lekurik bakarrenetakoa da berau.
Kowloonen iparraldean New Territories izeneko ingurualdea dago. Egoitza-gunea da gehienbat, eta laugarren ingurualdeagaz, hau da, urrean dagozan islakaz batera askozaz nasaiagoak dira eta nekazaritza girokoak; urian industriak garrantzia itzela izan arren, aitatutako ingurualde horreetan ez dago industriarik, ezta giro kutsaturik be.
Edozelan be, Hong Kong Centralen dagoz ikuspegirik turistikoenak. Ezagunena, beharbada, Causeway badiatik ikusitako etxeorratzena, Hong Kong Central eta Tsim Xa Tsui bitarteko bidea egiten dauen ferrya tarteko dala. Horrezaz ganera, islearen beste aldean, Aberdeeneko badian ugari dagozan ihien ikuspegia be ederra da sano.