Txin txin, diruaren hotsa…
Presino ugari sufriduko dabez Euskal Erakundeek euren egitasmo politikoa aurrera eroan gura izateagaitik. Diruaren kontua Madrilgo Gobernuaren beste atxaki-eraso bat besterik ez da. Gogoan dogu oraindino, azken hauteskunde autonomikoen aurrean izandako erasoaren ondorioa. Orain datorren ekaitzak, ostera, txiki itxiko dau ordukoa. Zelako ondorioak ekarriko ete ditu oraingo erasoak?
IƱaki Atxutegi
Marx zaharrak esana da politika eta ekonomia lotuta dagozala. Liberalek, ostera, deadarka aldarrikatzen dabe ekonomia eta politikea errealidade ezbardinak izanik, alperreko beharra izango litzatekela biak buztartzea. Bakotxak bere bidea jarraitu behar dau alkarri traba egin barik.
Idazle liberal klasikoek esaten eben Estaduak negozio eta salerosketarako giroa bermatu behar dauela. Honen haritik, liberalizazino berbea hamaikatxu biderrez entzun izan dogu Madrilgo gobernuko kideen ezpanetatik. Halan da be, liberalizazinoa barik, pribatizazinoa izan da nagusi Estaduan. Lehen monopolio publikoak zirenak, gaur monopolio pribatuak dira. Merkatuak ez dira zabaldu eta Administrazino zentralaren eragina nabarmena da ekonomia munduan. Lehen Boyer edo Soltxaga, gaur Rato, Madrilgo Ekonomia Ministroaren eskuetan dagoz Estaduko ekonomiaren hariak.
Giro hau ikusita, ez da harritzekoa Euskal Autonomia Erkidegoan Estatutua barrizteko proposamenaren aurrean, Estaduko botereek hartu izan daben jarrerea. Estadu mailan, negoziotan dabiltzan euskal enpresak Ibarretxeren Planaren aurrean arre ala ixo esatera behartu gura dabez. Eta ixilik geratzen dana ETAgaz nahastauko dabe, bere izena betiko zikinduz. Konpetentziari aurre egiteko ekonomia politikeagaz nahastetea baino gauza hoberik ez dago!
Madrilgo Gobernuak (ustez liberala) eskura dituan baliabide guztiak erabilten ditu Eusko Jaurlaritzaren egitasmoari aurre egiteko. Oraintsu jakin dogu Kupoaren gainean pasautakoa. Badakigu jakin, Kupoa daela Euskal Autonomia Erkidegoak eta Nafarroako Foru Komunidadeak Estaduari pagetan deutsien dirua finkatzen dauena. Kopurua urtero-urtero aldatu egiten da hainbat faktoreen arabera, besteak beste, Estaduaren Osasun aurrekontua. Arlo horretako aurrekontuak gora egin dauenez, gitxiago pagau beharko leukie Komunidade biek, baina ez da holan izan. Nafarroari onartu deutsiena, hau da, gitxiago pagetea, Euskadiko Komunidadeari ukatu egin jako, arrazoi politiko garbiengaitik.
Beste alde batetik, azpimarratzekoa da Arabako Foru Aldundiak darabilen jokabidea. Akordioa eskatzen dabe gai honen gainean. Badakie arrazoia daukala Eusko Jaurlaritzak baina zelan esan egia mikrofonoen aurrean? Hori bai kriterioa!, hori bai garapen ekonomikoa sortzeko bidea!...