Nafarroan, geldiro, baina, euskereak aurrera!
III. Soziolinguistikako inkestea (III)
Gauzak holan, Nafarroan, oso apal, baina, hamar urte barru eta nafar agintarien kontrako jarrerea tartean dala, goranzko jokerea erakusten dau euskereak. Halan da be, bere iraupena eta garapena ziurtatzeko asko falta da oraindino, besteak beste, eremu batean edo bestean bizitzeagaitik nafarrek hizkuntza eskubide ezbardinak eukitea ahalbidetzen dauen eremuen araberako politikea gainditzea ez eze, lurralde osoan ofizialkidetasuna lortzea; Europan indarrean diran itunak betez –guztiak Espainiak, alderdi popularraren gobernuak be berretsita– eta bete beharreko orientabideak jarraituz, ahulenaren aldeko hizkuntza politikea antolatzea, euskereari trabak jarteko eta bizitza publikotik desagerrarazoteko orain arte hartutako erabagi lotsagarriak alboratuz.
Baina aurrekoa ez da nahikoa. Euskalgintzeak, euskerea sustatzearen kontra eta ez alde ez kontra agertzen diranen kopuruak aintzat hartuta, gogoeta sakona egin behar dau. Lurralde batean (Gipuzkoan, esate baterako) baliagarri suerta leitekezan mezuak, erritmoak, proposamenak zein egitasmoak bere horretan ezin leitekez ezarri, ez Nafarroan, ez beste inon. Nafarroak bere gogoetak, egoerara egokitutako egitasmoak eta bake giroa premina larriz eskatzen ditu. Izan be, aspaldi bizi dogun indarkeria giroak be ez deutso euskerearen eta euskerazko jardunari laguntzen, eta, bai, ostera, baztertuak izateko aukerak zein estalpeak –behar ez dituanari– eskaintzen.
Erramun Osa
III. Soziolinguistikako inkestea dala eta hasieran idatzitako artikuluan, lurraldez lurralde aldeak ez eze lurralde bakotxean be gorabeherak egozala adierazo genduan, hau da, lurralde osoa aintzat, ondorio orokor batzuk atara arren, eremu batean edo bestean ondorio nagusi horreek ezeztatzen dabezan egoerak egozala azpimarratu genduan. Inguruabar horretan, Nafarroa da nabarmendu beharreko adibideetako bat, izan be, Vascuencearen Legeak Nafar herrialdea hiru eremutan bereizten dau (eremu euskalduna, eremu mistoa eta eremu ez euskalduna) eta zatiketa horren erruz, euskerearen bilakaereari jagokonez, alde handiak dagoz eremu batetik besteetara.
Hizkuntza gaitasunari jagokonez, elebidunen kopuruak gora egin dau eremu guztietan, halan da be, biztanleriaren banaketea tarteko dala (biztanleriaren gehiena eremu mistoan dago, herrialdearen uriburuan, Iruñean, hain zuzen be), hori apenas igarten da ehunekoetan. Hamabost urte baino gehiago daukiezan nafarren % 10,3 (48.000 pertsona) elebiduna da eta % 6,6 (31.000 pertsona) elebidun hartzailea. Kontrapuntu legez, erdaldun elebakarrak biztanleriaren gehiengo zabala dira (% 83,1), baina, azken hamar urtean % 3 bajau da erdal elebakarren ehunekoa (-% 3,5).
Familia bidezko transmisinoari jagokonez, ez da aldaketa handirik jazo azken urteotan. Lehen hizkuntza gaztelania daukienak % 88,1 dira eta euskerea daukienak % 7,7. Bilakaereari jagokonez, besteak beste, euskerea erabilteko aukerarik ez izateagaitik, euskerea osorik edo nabarmen galdu dabenak asko dira (20.000), eskuratu dabenak (13.000 eskas) baino dezente gehiago. Testuinguru horretan sakonduz, gurasoetako bat erdalduna danean, gaztelania erakusten jako umeen % 60ri.
Euskerearen erabileran, bestalde, oso apal, baina, goranzko jokerea igarten da Nafarroan. Jatorriz euskaldun diranen kasuan lehen beste baliatzen dabe euskerea, halan, igoerea euskaldun barri gazteen emariari zor jako, batez be. 25.000 pertsona inguruk (orain dala hamar urte baino 1.000 gehiago) ez dauka euskeraz eta gaztelaniaz berba egiteko arazorik. Jarreretan kontu batzuk nabarmendu beharrekoak dira, izan be, euskerea sustatzearen aldeko eretxia agertzen dabenak (% 29) baino gehiago dira kontrako edo oso kontrako jarrera erakusten dabenak (% 37). Hala eta guzti be, eremuen arabera badira aldeak. Izan be, eremu euskaldunean gehiengo batek (% 79) euskerea sustatzearen aldeko jarrerea erakusten dau; eremu mistoan jarrerak bardintsu agertzen dira, eta muturrean eremu erdaldunean bizi den biztanleria dogu, gehiengo batek (% 55) euskerea sustatzearen kontrako jarrerea erakusten dauelako.