Bertsotan  II. urtea // 37. zenbakia - 2003ko zemendiaren 1a

'Txapel Bete Bertso'-ren bigarren denporaldia

Azken buruan, Txapel Bete Bertsoko martiko saioetako dirua Euskaldunon Egunkariarientzat batu eben eta 600 euroko laguntzinoa emon jakon euskerazko egunkari barriari. Orain, barriz, zemendiko dirua Arangoiti Ikastolarentzat batzea da asmoa, aurtengo Nafarroa Oinez egunean aroak egindako kaltea konpontzen laguntzeko eta Irunberrin laster ikastola barria egin ahal izateko.

Txapel Bete Bertso ekimenaren bigarren denporaldiaren aurkezpenean, kartzelan dagozan Peru Aranburu eta Galder Bilbao 'Txapi' lagun bertsolariak gogoratu, libre itxi dagiezala eskatu eta saio guztietan eurekaz egongo dirala zehaztu dabe antolatzaileek.

Txapel Bete Bertso (Egutegia)

Zemendiko eta abenduko saioak zehaztuta dagoz. Geldiro-geldiro iragarriko deutsueguz baina hona hemen, lehenengo saioen ganeko informazinoa:

Zemendiaren 7an:

- Bilbon, Santutxuko Sorgintxulon arratsaldeko 20:00etan (Josu Martinez, Jokin Castaños, Xabier Paia eta Miren Ibarluzea.

- Getxon, Algortako Herrikoan (Gabi Basañez, Aitzol de Castro. Zihara Enbeita eta Ander Eortegi).

Zemendiaren 8an:

- Lezamako Oxangoitin gaueko 21:00etan (Jagoba Pereda, Fredi Paia, Urtzi Urrutikoetxea eta Jabi Olibares).

Zemendiaren 14an:

- Gernika-Lumoko Lagun-Etxean arratsaldeko 20.30etan (Onintza Enbeita, Eneko Abasolo, Etxahun Lekue eta Iratxe Ibarra).

- Mallabiko Izar Gorrin, gaueko 22:00etan (Beñat Ugartetxea, Eneko Ostolaza, Txomin Madalena eta Iñaki Iturrioz).

Bizkaie!

Bertsolari gazte zein helduek trebatzeko daben tresna onena kantetea da; horretarako, gehienbat bertsolari gazteei igarten jaken plaza faltea zeozelan ebitau edo konpondu gurean etorri zan Txapel Bete Bertso ekimena.

Aurtengo urtarriletik bagilerako tartean, sekulakoa izan da zaleen erantzuna, guztira 84 bertso saio egin dira eta jentea polito hurreratu da; lurraldeko bazter askotara heldu dira bertsoak eta bertsolariak eta, itxuraz behintzat, bertsolaritzea errotu barik dagoan lekuetan be, harrerea ona izan da eta jentea batzea jadetsi da. Horrezaz ganera, bertsolarientzat eurentzat be esperientzia aberatsa izan dala kontuan hartuta, bigarren kursoari ekitea erabagi dabe. Datorren urtean Bizkaiko bertsolari Txapelketea jokatuko danez, oraindino zehaztu barik dago Txapel Bete Bertso ekimenean geldialdia izango dan ala ez.

Aurten, igazko 84 saio horreek bardintzea edo gainditzea da asmoa eta parte hartzaileei jagokenez, daborduko 51 bertsolari dagoz izena emonda.

Txapel Bete Bertso ekimenaren bigarren denporaldirako barrrikuntzak iragarri ditue: alde batetik, hainbat ikastaro antolatuko dabez (irudimena, gai-jartzailetza, bizkaierea...) bertsolarien maila hobetzeko asmoagaz; igaz be, holako helbururik zehaztu ez arren, kantaerearen ganeko jardunaldia izan zan eta esperientzia horretan ikasitakoak tarteko, ekimenean parte hartzen dabenentzako aukera polita izan leitekela pentsau dabe.

Beste alde batetik, aurten, data zehatzik barik baina segurutik udabarri aldean Bizkaiko Berstozale Gazteen Eguna egingo da.

Hirugarrenik, Alain Urrutiak egindako kartel barria be aitatu behar da, diseinu erakargarriagaz, luzaroan horman eukiteko modukoa. Kartelaren azpialdean marra zuriak agiri dira eta hor bertsoak idatziko dabez bertso saioak hartzen dabezan tabernetako arduradunei kartela koadruan sartuta, eskerrona adierazoz, gomutagarri lez erregaletako.