San Martinetan txarri okelea (I)
Ze mantenugai hartzen dogu txarri okelea jaten dogunean?
Beste okela guztiek legez, txarri okeleak ura, proteinak, koipeak, mineralak, bitaminak eta karbohidrato apur batzuk daukaz. Eta jakina, berauen kopurua asko aldatu leiteke txarriaren arraza, adina, sexua, jatekoa, bizi izandako ingurunea, okelea lortzen dogun gorputzeko atala eta okela horrek jasan dauzen transformazinoen arabera.
Proteinak
Txarri okeleak balio biologiko handiko proteinak daukaz % 18-20ko proportzinoan; beraz, beste okela batzuen –berbarako behi okelearen-parekoa da proteinetan.
Karbohidratoak
Beste animalia batzuen okelearen antzean, txarri okeleak ez dauka ia karbohidratorik, glukogeno apur bat bakarrik. Baina hestebeteen gaian aitatu genduana ez dogu ahaztu behar: txarri okelea transformatuz preparautako hainbat produktuk landare eratorriko karbohidrato ugari hartu leikiez. Laborategietako datu batzuk aitatzearren mortadela batzuk 100 gramutan 6,9 gramu karbohidrato daukie edota pernil egosi batzuk 9,9 besteak beste; dana dala, ez dogu ahaztu behar kopuru hau preparazino moduaren araberakoa dala eta artisau edota enpresa batzuk karbohidrato kopuru txikiagoakaz lan egiten dabela.
Transformautako okeleak karbohidratoak eukitea ez da gauza txarra baina hurrengo kasuan bai: karbohidratoak lortzea proteina lortzea baino askosaz merkeagoa da eta batzuetan karbohidratoa proteina prezioan pagau arazo gura deuskue (beste batzutan ez, fabrikatzaileak benetan produktuak daukana adierazten dau eta horren arabera ezarri prezioa eta kontsumitzaile guztion artean hau holan izatea lortu beharko geunke).
Mineralak
Txarri okeleak beste okelen antzeko kopuruetan daukaz burdina, fosforoa, potasioa, sodioa, magnesioa, kaltzioa, zinka, kobrea eta manganesoa.
Bitaminak eta Koipeak
Gauza asko eta oso ezbardinak esan izan dira txarri okelearen koipe eta bitaminen inguruan irakurle, baina honexek hurrengo atalean ezagutuko doguz hobeto; bien bitartean ondo izan.
Larraitz Artetxe,
Dietetika eta nutrizinoan diplomatua,
ELAN VITAL Mediku Zentrukoa.
Hasi jakuz aurtengo hotzak eta San Martinak be badatozela ta gure inguruetako baserri askotan txarriak hil eta bere okeleagaz hainbat eta hainbat jateko ezbardin egiteko preparetan dabiz. Granjetan eta dendetan urte osoan zehar eukiten doguz produktuok baina oraindino gure Euskal Herrian badaukaguz antxinako denporearen zirkulartasunagaz lotzen gaituezan ohiturak eta udagoienean edota neguaren hasieran ez jaku txarri-bodarik faltetan.
Aurreko ataletan, okelearen, erraien eta hestebeteen berezitasunak ezagutzeko aukerea izan dogu eta oraingoan txarri okelearn ganean idatziko dot.
Txarria etekin handiko animalia da
Etxeetan edota granjetan hasten doguzan animalietatik txarria da jaten dauzen karbohidratoetan aberatsak diran landareak (uzkur, gaztaina, trufa, zereal, lekale eta patatak) modu arin eta eragingarrian okela bihurtzeko gaitasunik handiena daukan animalia: txarriek jaten dabezan karbohidratoen energiaren % 35 bihurtu leikie okela, ardiek, ostera, %1 3 eta behiek % 6,5; aldea beraz handia da. Txarriek bedar eta galtzuari, barriz, ezin deutsie etekin handiegirik atara.
Horrezaz ganera, umaldi bakotxean txerrama bakotxak 8 kume edo gehiago euki leikez eta hau beste ugaztun handi batzuekaz konparauta asko da. Hori gitxi ez balitz, txarriaren gorputzeko ia atal guztiak jaten doguz.
Jordania, Irak eta Greziako neolitiko sasoiko eskabazino batzuetan txarri hazurrak agertu dira eta ordurako domestiketan hasita egozala uste da.
Juduek eta musulmanek ez dabe txarririk jaten, baina horreek kenduta, txarriak hazi izan diran munduko herri guztietan txarri okelea oso preziatua da. Txarria ez da ondo hazten klima oso bero eta sikuetan: txarriek ezin dabe izerdirik bota eta horregaitik bero handia egiten dauenean, lupetzetan 'bainua' hartzeko jokerea daukie, freskura eta hezetasun bila joaten dira; ganera, beste animalia batzuk baino –ahuntzak adibidez- ur gehiago edan behar dabe.
Bitxikeria moduan, munduko herri batzuetan txarriak - txakurrak eta katuak legez- lagun egiteko animalia moduan be eukiten dabezala aitatuko deutsuet.
Txarria, gizakia lez animalia orojalea da eta bere liseri aparatuak gurearen antz handia dauka eta horregaitik erabilten da txarria nutrizinoari eta metabolismoari buruzko horrenbeste ikerketetan.