Antxina-barri  II. urtea // 37. zenbakia - 2003ko zemendiaren 1a

Agoteak: Abderrahmanen ondorengoak, godoak?

Agoteak euskaldun ezezagunen aztarnetan


Hori guztia aintzat hartuta, agoteen egoerea ez zan bape erakargarria. 'Odol garbia' probetako egiten ziran azterketetan be, eskekoek argi erakutsi behar eben arbaso agoterik ez izatea, mauru, judu eta Inkizisinoak zigortutakoekaz pasetan zan legez. 1817an eta 1818an, barriro be, Nafarroako Korteak ahalegindu ziran agoteen izen ona ezartzen eta euren kontrako gorrotoa desagertarazoten; horretarako, agote izena ez erabilteko agindua eta erabilten ebanari iraintzaile zigorra ezartzea eta agoteei Nafarroako ganerako herritarren eskubideak aintzatestea erabagi eban.

Egunak, urteak eta mendeak aurrera joan ahala, gure historiaren putzu baltzera jausi ziran agoteak eta euren bizitzea. Gaur egun, euren ganeko hainbat pasadizu eta kantu geratzen bajakuz be, oraindino nahikoa ilun jarraitzen dabe agoteen ganeko hainbat ezaugarri eta berezitasun.

Asier Madarieta,
Abertzaletasunaren Agiritegiko Teknikaria.


Gure gaurko artikuluan, Euskal Herrian ziran biztanle berezi zein ezezagunak aitatuko doguz: agoteak. Hurrengo lerroetan, agoteen barri emoten ahaleginduko gara, izan be, oraindino ez dakigu gauza haundirik gure lurretan bizi ziran euskaldun horreei buruz.

Nahiz eta agote berbea XIII. mendeko testuetan agertu, ez dago argi nortzuei zuzenduta joian. Batzuen esanetan, agoteak, bere sasoian godoen artean ohikoa zan arrianismoari eusten eutsen kristinauak ziran. Beste batzuen ustez, agoteak eta legenardunak gauza bera dira. Aurrekoagaz lotuta, beste batzuentzako, agoteak bere sasoian gurutzadetan parte hartu eben legen baltzagaz gaixotutako gudariak ziran.

Agote berbea bera, Frantzia aldean erabilitako 'cagot's edo 'capots' berbatik ei dator. Herrialde horretako Tolosa aldean ziran biztanle berezi batzuk izendatzeko erabilten zan antza. Biztanle horreek godoen oinordekoak izango ziran eta berbeak, jatorri horreri helduta, 'cagot' formea hartuko eban. Gero Euskadira zabaldu ziranean, 'cagot' berbeak, aldaketatxua izango eban, azkenean agot (agote) izena geratu arte. Izenaren jatorri zuzena hori balitz, agoteak, godoen oinordekoak izango litzatekez eta honeen artean eta euskaldunen artean mendeetan zehar izandako burrukearen ondorioz, agoteen ospe txarra ulertzekoa egiten jaku. Agoteak izendatzeko erabili zan beste berba bat 'gafo' dogu. Antza danez, maila goreneko hizkuntzan idatzitako agirietan agertzen dan formea da. konturatuko zarien legez, 'gafo' berbatik, gaztelaniazko 'gafado' berbea dator, bateren batek zoritxarra daukala esateko erabilten dan berbea. Baina agoteen inguruan beti pasetan jakun moduan, gorago aitatutako teoriak be ez dagoz bape argi.

Agoteak, Euskal Herriko hainbat lekutan bizi baziran be, guk erabili doguzan testu eta testigantzen arabera, Nafarroan bizi ziran eta, batez be, Baztan, Erronkari eta Zaraitzuko bailaretan: Arizkuneko Bozate da kasurik esanguratsuena.

Bozate gaur egun Arizkuneko auzoa da; errekatxu batek herria banatzen dau eta dinoenez, bertan batzen ziran herriko agoteak, Arizkun herritik zeozelan bazterturik. Bozatetarrak, Ursuako Pedroren langileak ziran eta nahiz eta argi ez egon zeintzuk ziran Arizkuneko beste biztanleengandik bereizten ebazan ezaugarriak, esan leiteke bere garaian legenardunak izandakoen oinordekoak zirala Bozaten bizi ziranak. Nahiz eta mendeak pasau azken legerduna hil zanetik, oraindino XX. mendearen hasieran indarrean egoan Arizkunen Bozatetarren kontrako asmoa, Iturraldek batutako legenda eta abesti batzuk erakusten deuskuen moduan. Beharbada, antxina legenardunak izandakoen oinordekoek, oraindino fisikoki baeukien berezitasunen bat (batzuen ustez, belarriak neurri desbardinetakoak zituen, euretariko bat biribila eta ulez beterik ganera). Baina beti be agoteen historian zehar ipuina edo fikzinoa eta benetako errealidadea nahastau egiten jakuz.

Lege bereziak bete behar zituen agoteek. Esklabu edo agindupeko izatera heldu barik, benetan txarrak ziran euren bizitzako baldintzak: nahiz eta, eleizearen babespean, arau bereziak euki, egia esan, gizartetik kanpo bizitzera behartuta egozan, Arizkunen kasuan pasetan zan legez. Egia da, ez zituela zerga batzuk pagau behar baina kontua da ze ez ebela ezelako eskubiderik.

Mendeak aurrera joan ahala, ahalegindu ziran agoteak euren izenari lotuta joian arrasto ezkorra borretan baina ez eben gauza handirik lortu. Agoteen kontrako lege eta aginduak kentzeko be aparteko ahaleginak egin zituen; 1514an Leon X. Aita Santuari ordura arte Eleizearen aginduekaz beteteko gorde behar zituen arau iraingarriak kentzea eskatu eutsien, berbarako, eurentzako berenberegi preparautako kanposantu bereziak desagertarazotea, eleizan sartzeko ate berezia eta ur bedeinkatua hartzeko ontzi berezia be baztertzea edota mezea entzuteko azkenengo jesarlekuetan jesarteko euken lege bihurtutako agindua indar barik ixtea.

Edozelan be, eskari horreek guztiak gehienetan alperrekoak ziran. XVI. mendea amaitzeko egoala, barriro be, bai Bordeleko Parlamentuak zein Nafarroa Behereko Korteek, bertokoek eskatuta, antxinatik etozan agoteen kontrako legeak berrezarri zituen: agoteak euren lurren jaube ziran, baina ezin eben nekazaritzatik edo abeltzaintzatik lortutako ortuari, esne edo bestelako produkturik inon saldu. Era horretara, baserrietako irabazietatik bizitzeko ateak zarratu jakezan eta, besterik ezean, esku lanetan jardun ziran gehienbat sasoiko agoteak: igeltseru, arotz, harakin eta antzeko beharretan.