Israel eta Palestina (I): amaiera jakinik bako burrukea
Kultura ezbardinak
Palestinarrak egoera lotsagarrian bizi dira. Kolonizatzaileek sufritzen ez daben eskasia ekonomikoari zelan edo halan aurre egin behar deutsie. Han egondako guztiek baieztatu dabe datu hori eta palestinarren aldarrikapenakaz identifiketan bagara be, generalizetea ez da bape ona. Judutar ortodoxoak eta israeldar moderatuak ezbardindu behar dira. Horretan, bat datoz Virto eta Gastaminza. Kontuan hartu behar da, itxuraz behintzat Israel estadu demokratikoa dala, eta Palestina, ostera, ez. Okupazinoa inondik inora onartu ez arren, Israelek lur emonkor bihurtu dau basamortua eta hori ukaezina da. Iñigo Virtoren ustez, palestinarren eta ganerako mundu arabiarraren gizarte eredua salatzeko modukoa da: emakumeen balioa hutsaren hurrengoa da, eta erlijino mailako itsukeria hebrearrenaren parekoa. Bestalde, "judutar baketsu eta bakezale asko dagoz, Sharonen gobernu erradikalagaz bat ez datozenak. Esangura horretan, palestinarren indarkeriagaz gogaituta egotea ulertzekoa da. Politikeari jagokonean, Israelgo gizartean zatiketea da nagusi eta palestinarren artean, homogeneotasun handiagoa dago". Datu lez baino ez bada be, Garcia Gasconen esanetan, sarritan, hildako martiri palestinarren hiletetan ehun mila lagun baino gehiago batzen dira, eta israeldarrei, ostera, ez jakez era horretako jente pilaketak gustetan.
Gorago adierazotakoa gorabehera, bata bestearen ondorengo atentadu eta sarraskiek hondatu egiten dabez su eten aukera guztiak; konponbidea ez da egun batetik bestera etorriko eta Israel eta Palestinaren arteko aurrez aurreko giroak luze joko dau segurutik. Jon Gastaminzaren esanetan, "konponbidea ez da lortuko gaur egungo Udalaren jokabideagaz;, izan be, Jerusalemen judutarrek agintzen dabe eta herritar guztiek pagautako zergak kobretan dabez; argi dago: onuradun bakarrak israeldarrak dira. Urian zortzi bat hilabete egin nebazan eta, tarte horretan, ez zan egon zabor-bilketa zerbitzurik palestinarren auzoetan, eta bide bakarra zaborrak erretea zan; israeldarren auzoetan, ostera, normaltasuna zan nagusi. Hau guztia, israeldarren okupazino argia izkutatzen dauen icebergaren agiriko muturra baino ez da".
Labur-zurrean, milioika lagun militarren menpean bizi dira eta gizarte mailan aurrera pausuak emotea ezinezkoa da; zoritxarrez, esperantzarako motibo larregirik ez dago.
Testua: Zigor Aldama.
Argazkiak: Iñigo Virto / Associated Press
Israel eta Palestinaren ganeko ganorazko erreportajea egitea gatxa da Hebrear Estadua sortu zanetik herrialde bien arteko burruka biziak dakarren hondamendia aitatu barik; gatxa baino gehiago, ezinezkoa esango neuke eta, beraz, lehenengo atal honetan aparteko ahaleginak egingo doguz gizatalde bien egoerea azaltzeko, kontuan hartuz, lurralde berean, alkarregaz bizi izanda, bakotxak lurraldearen jabetzea aldarrikatzen dauela. Horretarako, ondoko lagunen testigantzak erabiliko doguz: Iñigo Virto, Nafarroako Unibersidadeko inegniaritzako irakaslea, Jon Gastaminza, ETBko kazetaria eta barriemoilea Jersusalemen 2000. urtean, eta Eugenio Gascon, El Correo egunkariko kazetaria, gaur egun Jerusalemen beharrean dagoana.
Edozelan be, azken hamarkadetan gerra zibila bizi daben herritarren bizimodua deskribitzea ez da lan samurra. Errezena egoerea sinplifiketea eta euskal gizartean onarpen handiagoa daukien palestinarren alde jartea da. Halan da be, gaia sakontzea, generalizazinoak ebitetea eta topikoetan ez jaustea dira botikarik onenak. Bidaide atalean, ahal dan neurrian behintzat, bazterrean ixten doguz politika kontuak eta, horregaitik, aurrez aurrekoaren alde soziala aztertuko dogu; gehienbat, gizarte eta bizitza maileari jagokonez, isaeldar eta palestinarren arteko alde handiei erreparauko deutsegu.
Jerusalem, zatitutako uriburua
Jerusalem herrialde bien uriburutzat hartzen da baina ez da ez batena ez bestearena. Jon Gastaminzak kontetan dauenez, nazinoarteak onartu ez arren, mapa judutarretan Israelgo uriburu lez agertzen da eta arabiarretan, barriz, Palestinako uriburu lez. Era ofizialean, Jerusalem uri bat baino ez da. Hori bai, edozein kale bazterretan begi-bistakoa da gerra giroa eta gizatalde bien arteko gatxerestea. "Jerusalem ejerzitoak menpean daukan uria da eta israeldar naziotasuneko erlijino bateko zein besteko gizon zein emakume guztiek hiru urteko soldaduskea egin behar dabe eta, beraz, normala da kaleetan horrenbeste soldadu eta tanke ikustea" Iñigo Virtoren esanetan. Era berean, israeldarrei curriculum militar ona interesetan jakela adierazo dau, besteak beste, gerrako merituak kontuan hartzen dabezalako unibersidadean sartzeko.
Esandako moduan, musulman eta hebrearren arteko ezinikusia agirikoa da uriko bazter guztietan. Urian auzo judutarrak eta palestinarrak dagoz eta ezbardintasunak upealakoak dira. Virto jn.aren esanetan, "lau auzo dagoz: judutarra, musulmana edo palestinarra, kristinaua eta armeniarra; azken honeek kristinauak izan arren, euren auzoa daukie. Gastaminzak kontetan dauenez, ezbardintasunak kaleetan be igarten dira: "auzoen artean kaleak konpartitzea gauza arrunta da baina kalearen 'zati' judutarrean parkeak eta umeentzako olgeta leku ederrak eta alde palestinarrean, barriz, abandonua ikustea normala da. Nik neuk ikusi izan dodaz poliziak palestinarrak atxilotzen umeak judutarren parkeetara eroateagaitik, izan be, galazota dago hori".
Sekulako aldeak
Lurraldearen zatiketearen erakusgarri, kaleetan zehar makinatxu bat hesi eta kontrol dagoz baina zatiketarik eta alderik handienak erlijinoak berak zehazten ditu. Virtoren eretxiz, "Israelen politikeak goitik behera kontroletan dau lurraldea" (Virto 2000. urteko barealdian egon zan bertan). Gaur egun, bigarren intifada tarteko, Jerusalem eta lurralde okupatu guztiak oso arriskutsuak dira eta Virtoren esanetan, "palestinarrek egoera horreri aurre egitea oso gatxa da, izan be, gero eta okerrago eta eskasia handiagoagaz bizi dira; sinistezina bada be, alkarrengandik oso hur, batzuk Etiopian lez bizi dira eta beste batzuk, ostera, Los Angelesen lez.
Txitean-pitean izaten dira ezbeharrak eta atentaduak (hilketa basatiak, leherkailuz betetako kotxe edo autobusen eztandak, sarraski bildurgarriak egiten dabezan islamiar muturreko taldeetako suizidak...). Virtok dinoan lez, "herritarrek ezin dabe aguantau etenik bako estres giro hori. Ni bertan egon nintzanean, tentsinoa oso handia zan baina jenteak ahalegin handiak egiten ebazan bizimodu normala egiteko; eguneroko eginkizunei erantzuteko autobusak gainezka doaz baina jakin badakie ondo bizia edozein momentutan galdu leikiela.