Iparraldean ontzia hondoratzen doa
III. Soziolinguistikako inkestea (II)
Laburbilduz, euskerea geroz eta makalago dago Iparraldean. Hiztun geroz eta gitxiago daukaz, hiztun komunidadea geroz eta ahulagoa da, belaunaldi batetik bestera pasetako arazo sendoak ditu, halan da be, gazteen moltsoan egoera apur bat hobetu da, beraz, ondorio nagusi lez, euskerea indarbarritzeko orain arte abian jarri diran saioak ez dira nahikoak. Euskerearen iraupen, hedapen eta normalizazinoa lortzeko, gitxieneko azpiegitura baten jabe egin ahal izateko, derrigorrezko irakaskuntzan euskerearen eta euskerazko irakaskuntza albait lasterren zabaltzea erabagiorra da, era horretara, ez bestela, albait hiztun gehien eperik laburrenean eskuratzeko urratsak egingo doguzalako, baina, aurrekoa be ez da nahikoa. Izan be, desagertze bidean dagoan hizkuntzearen aldeko hizkuntza politika indartsua antolatzea behar- beharrezkoa dalako. EKEren buru dan Erramun Baxok adiskidearen berbetan “Iparraldean euskerea ahuldu bada be, oraindino oinarri zabala badago hizkuntza politika indartsu batentzako”. Oraindik garaiz gabiltz, gogorik eta borondaterik ete dagoen da kontua.
Erramun Osa
Humboldt-ek, orain 200 urte, gizarte urak joiazan bidetik joiazala, 1900erako euskerea galdurik izango zan iragarpenean –nagusiki– huts egin eban. Halan da be, euskereak Iparraldean jasango eban gainbeherearen ezaugarri batzuk igerri ebazan Reclusek orain ehun eta berrogei urte inguru. Hari beretik, Iparraldean jazotako mintzaldatzearen iragarle zehatza izan zan Piarres Lafitte handia. Iparraldeko ontziak kuberta azpian daukazan arrakalak handiegiak dira eta eskuekin ataraten lortzen dana baino ur gehiago sartzen jako azpitik.
Iparraldeko lau biztanlerik bat elebiduna da, baina, hamar urtetan 69.000 euskaldun izatetik 55.000 izatera igaro gara (-14.000, %20,30 jaitsierea). Era berean, elebidun hartzaileak 15.000 izatetik 26.000 izatera igaro dira (+11.000, %73,33 igoera). Pisu ekonomiko zabalen eta biztanleria gehien pilatzen dan kostaldean (Baiona, Angelu eta Miarritze) eta baita Lapurdi barrualdean be biztanleen erdiak baino gehiago erdal elebakarrak dira; Nafarroa Beherean eta Zuberoan, gehiengoa elebiduna da. Baina, Iparraldearen barrualdearen garrantzi ekonomikoa apala izateaz ganera, beherantza dator, biztanleria zahartzen doa, gazte belaunaldiek beste eremu batzuetara doaz behar bila, hagatik, geroz eta pertsona gitxiago bizi da.
Hizkuntzearen transmisinoari jagokonez, Iparraldeko hiru lagunetarik bik frantsesa daukie lehen hizkuntza, eta lautik batek, euskerea, bada, lehen hizkuntzea euskerea daukienen bataz bestekoa nabarmen jaitsi da. Hamar urtetan euskara galdu dabenak (18.100) ikasi dabenak (3.700) baino askozaz gehiago (halako bost) dira. Gurasoek seme-alabei euskerea transmitiduteko orduan galera handia izan da, gurasoetako batek euskerea ez dakienean askoz gehiago. Halan da guzti be, kontrapuntu gisa, hogeita hamalau urtez azpikoen kasuan jazo dan joera aldaketea litzateke nabarmendu beharrekoa, izan be, kopuruak bere horretan mantentzen dirala erakusten dabe datuek.
Euskerearen erabilereari jagokonez, jatorriz euskaldun direnek orain hamar urte baino gitxiago erabilten dabe euskerea, euskaldun barriek, ostera, geroz eta gehiago dira euskerea erabilten dabenak. Erabilera eremuei jagokenez, etxean eta eremu publikoan erabilereak behera egin dau, lagunartean, barriz, ez da holakorik igarri.
Jarrerei jagokenez, biztanleen %42k euskerearen irakaskuntzea eta erabilerea sustatzearen aldeko jarrerea erakutsi dau, orain hamar urte (%49) baino gitxiago dira, baina. Aurkako jarrerea erakutsi dabenak %17 dira, orain hamar urte (%13) baino gehiago.