RSBAPen historia laburra Xabier Muniberen jaiotzaren urteurrenean
Zalduntxuen itzala
RSBAPeko kideen artean, Euskal Herrian sasoian ziran ilustratu edo gizon argi ia guztiak ikusi geinkez, besteak beste, Mazarredo, Olaso, Samaniego edo Landazuri. Bazkideak be laster ugaldu ziran: 1768an 57 baino ez baziran, 1778an ia-ia mila ziran eta 1788rako 1.300 ziran alkartekideak. Ganera, euretariko asko, Filipinetan eta Mexikon egozan euskaldunak ziran.
Alkartearen bizitasunari eusteko, kide bat baino gehiago egozan herrietan astero batzarra egiten ahalegintzen ziran, holan bazkideen artean ideiak, argibideak eta liburuak alkarri emoteko asmoz. Sarritan, kanpotik be ekarten ebezan hizlariak edota, kanpora be bialtzen ebezan bekadunak, Euskal Herriko mugetatik harago egiten zanaren barri eukiteko.
Alkarteak egindako proposamenen artean, nekazaritzan egin beharreko aldaketak daukaguz. Merkataritzeari be aparteko garrantzia emoten eutsien, euren ustez merkataritzea zalako ekonomiaren suspertzailea. Burdinolak be barriztapen sakona behar eben eta horretarako hainbat aholkuz hornidutako txostenak idatzi ziran. Hezkuntzan be, gorago esandako moduan, Bergarako mintegia sortzeaz aparte emakumeen heziketearen aldeko proposamena ekarri geinke gogora. Baina beharbada alkarte honen eraginez izandako lorpenik ezagunena wolframioaren aurkikuntzea da, Fausto Elhuyarren eskutik.
Euren beharrean ez zan dana erreza izan eta behin baino gehiagotan izan ebezan arazoak agintariekaz, batez be, Elizako agintariekaz. Nahiz eta argitaratutako liburu guztietarako eta egindako ekintza guztietarako baimena lortzen ahalegindu, jakin baekien euren beharrak zeozelako dudea sortzen ebala abadeen artean; berbarako, Frantziatik etozen liburuen aurrean errezeloa erakusten eben beti.
1785ean Munibe hil zanean, Alkarteak golpe gogorra jaso eban. Azkoitiko jauntxua Alkartearen sortzaile eta bultzatzaile nagusienetarikoa izanda, haren hilketak hutsune haundia itxi eban. Horrezaz ganera, 1790eko hamarkadatik aurrera gogor eragin eutson Alkarteari gizarte osoak bizi eban krisialdi ekonomikoak. Eta hori guztia gitxi ez balitz, Frantziak eta Espainiak bien arteko gerreari ekin eutsien. RSBAPeko kideek Frantziagaz euken lotura estua jakinik (iparreko herrialdea zalako euren ideien iturria), horixe izan zan Alkartearentzako azken golpea: 1808an Frantziarrak Pirinioetatik behera etorri ziranean, RSBAPek bere beharrari itxi eutson.
Aurrerantzean, RSBAP berpiztuteko ahaleginak izan ziran eta 1899an antzeko alkartea abiarazo arren, trikili-trakala jarraitu eban 1936an desagertu arte. Gerra Zibilaren ostean, zeozer egin beharra egoala eta, 1945ean beharrean hasi zan barriztautako RSBAP baina Francoren diktadurapeko egoerak agintzen eban moduan, gobernuaren menpean.
Asier Madarieta,
Abertzaletasunaren Agiritegiko Teknikaria.
1729ko urriaren 23an jaio zan Azkoitin, Francisco Xabier Maria Munibe Idiakez. Hurrengo lerroetan labur baino ez bada, bere bultzadaz sortutako Real Sociedad Bascongada de Amigos del País (RSBAP) erakundearen istorioak kontauko deutsuedaz.
Frantzian garatutako Ilustrazinoa jokerearen eraginez, Euskal Herrian be antza danez, XVIII. mendean zehar asko ugaldu ziran kultur gizon eta jakintsuen alkarrizketak eta tertuliak. Nahiz eta barri askorik ez izan, badakigu bere ospea eukiela Mutrikuko Gaztañeta almirantearen etxean egiten zana, Lekeitioko Uriarteko torretxekoa edo Berrizen, Villarrealtarren jauregian ospatutakoa.
Batzar horreen helburua ondokoa zan: sasoiko gizarteak ideien aldetik bizi eban atzerapenaren aurrean, inguruko morroirik jakintsuenak eta aurrerakoienak batzea eta danon artean, berba eginez, bizi zan krisialdi ekonomikoari aurre egiteko urtenbideak topetea.
Aitatutako batzar horreetatik eragin gehien izan ebana Azkoitin, Insaustitarren etxean, hau da Peñafloridako Kondearen egoitzan batzen zana dogu. Bertara hurreratutakoei dei egin eta etxeko jauna zan Xabier Maria Munibek Gipuzkoar Alkartea sortzea pentsau eban, gorago esandako helburuakaz. Dana dala, Gipuzkoako Batzar Nagusietan proiektuak izan eban arrakasta eskasa ikusita, Isla abadeak Azkoitiko “zalduntxuak” deituko ebazanak, euren proposamena Araba, Bizkaia eta Gipuzkoara zabaltzea erabagi eben eta jaiobarri zan alkartearen ikur modura, hiru esku lotuta erakusten eban irudia onartu eben.
Alkartea sortu eta arin ahalegindu ziran kideak euren ideiak zabaltzen eta praktikara eroaten. Landutako gaiak honexek ziran: Fisikea, Kimikea, Matematikea, Mineralak eta Metalurgia. Halan ba, alde batetik, ikerketea lantzen zan. Gero, ikerketa bitartez ataratako ondorioak erabiliz, martxan ipinten ziran proiektuak eta, era berean, ikasleei emoten jaken horren guztiaren barri.
Asmoak martxan ipinteko, handik hur egoan Bergarara joan ziran RSBAPeko kideak eta hor ezarri ebezan ikasketetarako egoitzak. Gauzak holan, ikerketa mailan, kimikarako laborategi aurreratua osatu eben “zalduntxuek”. Laborategi hori Bergarako Bidekruzeta kaleko Zabala Etxean egoan kokaturik.
Bestelako ikasketak emoteko, barriz, Seminario Patriotico Bascongado deitu zan egoitza eratu eben 1776an eta, horretarako, ordura arte jesuitak Bergaran euken eskolako egoitza aprobetxetea pentsau eben. Eraikina hutsik egoan, izan be, urte batzuk arinago fraileak erregearen aginduz, lur horreetatik alde egitera behartuak izan ziran.
Gaiaren harian, mintegiak edo eskolak emoteko bai bertokoak zein Europa mailako maisu onenetarikoak ekarri ebezan: Antonio San Martin, Joaguin Lezama, edo Fausto Elhuyar, kanpotik etorritako Luis Joseph Proust edo Anders N. Thunborge.