Musikea  II. urtea // 36. zenbakia - 2003ko urriaren 15a

Womex 2003: Sevillan


Euskaldunak sevillan

Euskal musikearen industrian dabiltzan hainbat enpresa hurreratuko dira Sevillara, hain zuzen, Eusko Jaurlaritzak orain urte batzuk martxan jarritako 'Euskadiko Soinuak' programearen barruan. Pasa dan irailean Mercat de la Musica Viva de Vic jaialdian egon ondoren, oraingoan Sevillara joango dira eta 2004ko urtarrilean Cannesen egiten dan MIDEM jaialdian be izango dira.

Sevillara joango diranen artean, izen batzuk aitatzearren, hona hemen batzuk: euskal disketxeen artean: Gaztelupeko Hotsak, Brixton records, Two Bascos,…; kontratazio agentziak: Radiation Tours, Serrano produkzinoak,…; jaialdietako ordezkariak: Bilbo Tropikal, Getxoko jaialdiak….; guztira, 20 bat euskal enpresa inguru. Ikusten dan moduan, hainbat euskal ordezkari hurreratuko dira Womex Jaialdira eta “Euskadiko Soinuak” stand-ean bilduko dira danak, negozioen munduan hartu-emonak bideratzeko amesagaz.

Gotzon Uribe

Urriaren 23tik 26ra bitartean Sevillako uria munduko musika etnikoen uriburu bilakatuko da, izan be, bertan egingo da Womex 2003 jaialdia. Jatorria Berlinen dauka baina urtero-urtero aldatzen joaten dira kokalekua. Zita garrantzitsua bape duda barik. Aurten, ganera, jaialdiagaz batera Munduko Flamenco Feria be preparau dabe. Sevillako Dorantes pianojoleak eta Indiako Musafir musikariek zabalduko dabe aurtengo edizinoa.

Womex feriaren inguruan, 200 stand inguru bilduko dira eta, gitxi gorabehera, mila enpresa ezberdinetako arduradunak bilduko dira, munduko 80 herrialde ezbardinetatik joandakoak, guztiak musika industrian behar egiten dabenak. Flamenco Jaialdiak Sevillako Kongresu Aretoan hainbat zuzeneko ekitaldi ditu programatuak, beste batzuen artean, Diego Carrasco, Gerardo Nuñez, Marina Heredia, Maite Martin, Moraito eta Ojos de Brujo moduko taldeakk.

Womex Jaialdiari jagokonez, kontzertuak “Palanque” deituriko gunean izango dira eta bertan, mundu osotik hurreratutako musikari eta taldeak igoko dira taula gainera; zerrenda osoa aitatzea gatxa da baina, hona hemen, parte hartzaileetako batzuk: Diego “El Cigala” eta Bebo Valdes, Javier Ruibal edota El Bicho.

Bestalde, Womex feriaren barruan, gobernuz kanpoko erakunde bati be sari bat emongo deutsie, “Freemuse” izeneko erakundeari hain zuzen be, musika munduko zentsurearen kontra burruka gogorra darabilelako.