Bertsotan  II. urtea // 36. zenbakia - 2003ko urriaren 15a

Alfonso Irigoienen ondarea

Gipuzkoako Txapelketea final laurdenetan

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketea aurrera doa. Bailaratan banatuta jokatu da lehenengo fasea. Aurtengo barrikuntzetako bat izan da eskualdekako kanporaketa fase hau. Lau bailaratan banatu dabez bertsolariak: Kostaldea, Hernanialdea, Leintz-Urola eta Goierri. Guztira, 62 bertsolarik hartu dabe parte lehenengo fase honetan eta puntuazinoaren arabera 26k egin dabe aurrera. Izenak ikusita ezin geinke esan sorpresarik izan danik, ustez aurrera egin behar ebenak ez dabelako arazorik izan euren maila erakusteko. Fase honetako konturik aitagarrienak honeek izan leitekez: bailaratan Kostaldeak eta Goierrik emon dabez puntuazino altuenak eta guztien artean Ekaitz Goikoetxea beasaindarrak lortu dau altuena; Kostaldean Iñigo Manzisidor zarauztarra izan da onena, Hernanialdean Jon Martin oiartzuarra eta Leintz-Urolan Jokin Uranga azpeitiarra. Fase honetatik ezin leiteke ondorio larregi atara, saioak asko izan diralako, oreka maila ezbardinagaz eta epaile talde ezbardinakaz. Dana dala, lehen aitatutako izenak zeresana emongo dabe Txapelketan.

Aurrez erabagita egoan moduan, Kostaldetik eta Hernanialdetik seina bertsolari sailkatu dira, Leintz-Urolatik bost eta Goierritik lau. Azkenik, 26ko kopurua beteteko, ganerako bost puntuazino onenak lortu dabezanak be sailkatu dira. Hemen dozue sailkatutakoen zerrenda osoa, bailaraka eta puntuazinoaren ordenean:

Kostaldea:
Iñigo Manzisidor
Iñigo Izagirre
Unai Muñoa
Andoni Otamendi
Iñaki Gurrutxaga
Xabier Sukia

Hernanialdea:
Jon Martin
Aritz Zerain
Joxe Luis Urdangarin
Estitxu Eizagirre
Iker Osa
Agin Rezola

Leintz-Urola:
Jokin Uranga
Ainhoa Agirreazaldegi
Leire Ostolaza
Xabier Astigarraga
Mikel Arrillaga

Goierri:
Ekaitz Goikoetxea
Iban Urdangarin
Alfontso Jimenez
Amaia Agirre

Puntuazinoan hurrengo bostak:
Alaitz Sarasola (Goierri)
Iker Zubeldia (Goierri)
Felix Zubia (Kostaldea)
Bixente Gorostidi (Goierri)
Nahikari Gabilondo (Kostaldea)

Final laurdenetan 30 bertsolari izango dira lehian. Aurreko fasean sailkatutakoak eta zuzenean sailkatuta dagozan Nerea Elustondo, Unai Agirre, Arkaitz Goikoetxea eta Aitor Sarriegi. Bost saio izango dira, guztiak be arratsaldeko bostetan: urriaren 25ean Oñatin, 26an Ordizian, zemendiaren 1ean Hernanin, 2an Zumaian eta 9an Andoainen. Aurrera egingo dabenak 13 izango dira eta zain eukiko dabez finalerdietarako zuzenean sailkatuta dagozan Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Iñaki Zelaia, Jon Maia eta Jexux Mari Irazu. Zemendiaren 16, 23 eta 30eko finalerdietako saioen ostean jakingo dogu zeintzuk kantauko daben abenduaren 14an Irungo Artaleku kiroldegian izango dan finalean.

Iñaki Aurrekoetxea.

Alfonso Irigoienen izena betirako geratu da lotuta Bizkaiko bertsolaritzeagaz. Euskalgintzan eta bereziki bertsolaritzan aparteko beharra egin ostean, 1996an itxi ginduzan Alfonsok, baina Bizkaiko Bertsozale Elkartearen ekimenez, euskaltzain bilbotarrak bertsolaritzeagaz izan ebazan hartu-emonen testigantza diran dokumentu guztiak jaso dira, eta orain badakigu Alfonsoren bertsozaletasuna ez dauela haizeak eroango.

Alfonso Irigoien 1929ko azaroaren 14an jaio zan Aulestin. Olabeagako eskolan eta Bilboko Arte eta Ofizioetako Eskolan marrazketea eta pinturea ikasi ostean, Salamancako Unibersidadean Filologia Klasikoan lizentziau zan 1973an. 1983an Euskal Hizkuntzako katedra lortu eban Deustuko Unibersidadean. Euskaltzain oso 1963tik, Euskera aldizkariaren zuzendari izan zan hamabost urtez eta Bilboko lehenengo ikastola baimenduaren bultzatzaile izan zan 1966an. Bertsozale izanik, Euskaltzaindiaren barrutik bertsolari txapelketak bultzatu ebazan eta 1958ko Bizkaiko Txapelketea izan zan lehenengoa. Bertsolaritzearen eragile aparta izan zan Alfonso, Bizkaian eta Euskal Herriko ganerako herrialdeetan hainbat ekimen bultzatuz.

Alfonsoren ondare bibliografikoa osotu dabe

Bizkaiko Bertsozale Elkarteak, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta BBKren babesagaz, Alfonsoren ondare bibliografikoa osotu barri dau. Bildumak euskalgintzako alor ezbardinetan itxi eban ondarea jasoten dau, sei ataletan banatuta: Biografia, Deustuko Unibersidadea, Euskaltzaindia, bertsolaritzea, ikerkuntzea eta hezkuntzea eta, azkenik, erakundeak. Bertsolaritzeari jagokonez, dokumentazino ugaria eta aberatsa dago: bertsolariekaz izandako korrespondentzia, saioak antolatzeko eskatutako baimenak, berak egindako marrazkiak... . Dokumentu guztiak digitalizau dira, 1700 guztira eta Bizkaiko Foru Liburutegian gordeko dira aurrerantzean.

Lehenago, Alfonso Irigoienen omenezko astea antolatu eben Aulestin. Urriaren 8tik 10era bitartean ondarea ikusteko aukerea izan eben udaletxean, haren margo eta eskulturen erakusketeagaz batera. Hitzaldi bi be izan ziran: lehenengoan, Abel Muniategik Irigoienek Bizkaiko bertsolaritzeari egindako ekarpena izan eban aztergai eta, bigarrenean, Adolfo Arejitak 'Irigoien euskaltzale eta filologoa' gaia izan eban berbagai. Astea bertso-saioagaz amaitu eben.