Zinea  II. urtea // 36. zenbakia - 2003ko urriaren 15a

Te doy mis ojos


'Flores de otro mundo' film bikainaren ostean, Iciar Bollain zuzendariak pelikula sendo, kontzentratu, gordin eta biziagoa egin gura eban, eta, egia esan, lortu egin dau. Horren erakusgarri Donostian filmeko antzezle nagusi biek jadetsitako zilarrezko maskorrak eta kritikearen gorespena. Film ona eta gogorra, tratu txarren inguruko gaiak epelkeria eta bigunkerietan ibilteko aukera larregirik be emoten ez dauelako.

Europa eta AEBko lau andretariko batek indarkeria egoeraren bat bizi ei dau, baina zeintzuk dira emakume batek etenbako astinduei eusteko dituan arrazoiak? Horixe izan da Iciarrek abiapuntutzat hartu dauen itauna; erantzunak asko be asko izan daitekez, baina filmak azaltzen dauen kasu berezi honetan, beharbada, gizona aldatuko dalako itxaropena ez galtzea. Izan be, 'Te doy mis ojos' pelikulan agiri dan senarra bere arazoak konpontzen ez dakian persona bat da, bildur handia sentitzen dauena eta indarkeriara joten dauena urtenbide erraz bat topau guran. Horixe da Luis Tosarrek antzezten dauen personaiaren azaleko erretratua, bere burua ikusi eta aldatzeko modua dauen personearena, hatan be.

Pelikula honek, beraz, Pilar eta Antonioren istorioaren barri emoten deusku, baina bai eta inguruan dabilzanena be: egoerea ulertzen ez dauen ahizta bat, tratu txarrak patuaren berezko ondoriotzat joten dituan ama bat, ikusi eta isiltzen dan seme gaztetxu bat eta Toledoko pisu historiko eta erlijiosoan bizi diran lagunak eta gizartea.

Era berean, Pilarren pertsonaiaren jarduna berenberegi aitatu behar da; izan be, Pilarrek ez daki nor dan, ez dau esaten pentsetan dauena edo sentiduten dauena, ez dakialako nor dan, ez eta non dagoan be. Ganera, bilakaera sakon baten prozesuan sartuko da eta guztiz galduta egotetik apurka-apurka birsortzen joango da. Halandaze, Laia Marullek bete dauen rola ez da bape erraza izan, ñabardura eta xehetasun askoko pertsonaia antzezteaz ganera, sano hauskor eta, aldi berean, sendo agertu behar izan dauelako, zimel eta erakargarri. Pelikulea ikusi ostean, ondo be ondo ulertuko dozue zergaitik emon eutsien zilarrezko maskorra. Pertsonaia honen antzezpen lana bikaina da, benetan.

Luis Tobar be ez da atzean geratzen; Antoniok astakirten gogorra izatetik persona samurra eta sentibera izatera pasau behar dau gesu baten. Norabidea goitik behera galduta dauen persona baten erretratua da, bildurrei aurre ez egiteko indarkeriarik primitiboena erabilten dauena, baina, aldi berean, jokabide oker horren jakitun dagoana, neurri baten.

Horrezaz ganera, filmak berak ondo egituraturiko istorio koherentea kontetan deusku, arinkerian sartu barik eta ederto girotutako kontrasteak opetsiz. Ez da harritzekoa kritikari batzuek Donostiako Zinemaldiaren arautegia aldatzeko eskaerea egin izana, antzezle nagusien jardun bikainaz aparte, beharbada film osoa saritu behar izan zalako, Urrezko Maskorra emonez.

Joseba Terreros

- Zuzendaria: Icíar Bollaín.
- Iraupena: 106 minutu.
- Interpretazinoa: Laia Marull (Pilar), Luis Tosar (Antonio), Candela Peña (Ana), Rosa Maria Sarda (Aurora), Kity Manver (Rosa), Sergi Calleja (Terapeuta), Dave Mooney (John), Elena Irureta (Carmen), Nicolas Fernandez Luna (Juan), Elisabet Gelabert (Lola), Chus Gutierrez (Raquel).
- Gidoia: Iciar Bollain eta Alicia Luna.