Zinea  II. urtea // 36. zenbakia - 2003ko urriaren 15a

Euskal Pilota, larrua harriaren kontra


Gatx-gatxa da hain hurrenetik eta hain sakon kolpatzen gaituen gaiaz jarduten dauen film baten inguruan berba egitea; gatxa, benetan, gure ideologia eta sentimentuak nahastetan diralako, eta dokumental honen zati bihurtzen diralako, gureztala be. Dana dala, filma ikusi ostean, niri, behinik behin, burura etorri jatan lehenengo ideia Julio Medemen ausardia izan da; eskertu beharreko adorea, Madrilen bizi dan donostiar zinegile on eta ospetsu honek ezertarako be behar ez eban esparru labankorrean sartzeko erakutsitako konpromiso personalagaitik.

Euskal Herrian persona bakotxak filma ikusikeran izango dituan eretxiak eretxi, sasoia izan da gure mugetatik harantzago gizarte honen ideologia eta eretxi sorta zabal eta esanguratsua ezagutuarazoteko bidea emotea. Eta beharbada, horixe da pelikula kutsuko dokumental honen dohain eta akats agirikoena, gure herriaren gatazkearen korapiloaren atzean dagozan idea, ñabardura, xehetasun eta kontraesanak laburbiltzeko ahalegina, hain zuzen. Izan be, arazoaren ildoak atalka emon eta sailkatzeko egindako lana gorabehera, ez dakit Euskal Herritik kanpoko ikusleak lekukotasunen maremagnum hau irunsteko gauza izango ete diran. Hala eta guztiz be, hori Julio Medemen akatsa baino gehiago, problematikearen konplexutasunaren beraren ondorioa da; ganera, helburua horixe izan dalakoa daukat: jenteari erakustea Euskal Herriak bizi dauen gatazka honen iturburua ez dala Espainiako komunikabideetan saltzen daben baizen azalekoa.

Film honetan Espainiako mass median (dokumental honetan parte hartu gura izan ez dauen alderdi politikoak kontroletan dituan hedabideetan, hain justu) azaltzen ez diran gauzen inguruan egiten da berba, besteak beste; era berean, komunikabide horreetan guztiz zuztartuta dagozan ideia interesatu eta gaitzezgarriak ebitetan dira, berbarako abertzaletasuna eta indarkeria buztartzea. Aldi berean, sano zentsurauta dagozan gizarte sektore askori emoten jake ahotsa eta gai ikutuezin batzuk aitatzen dira, esate baterako torturak salatzen dituan persona baten adierazpen bildurgarriak.

Amaitzeko, Julio Medemek alkarrizketearen alde egiten dau, erreferendumaren ideia plazaratuz. Zertzelada horreek ikusita, erraz ulertu daitekez Madrilgo hainbat egunkarik zabaldu daben zalaparta mediatikoaren nondik norakoak. Ezin onartu daitekena zera da: filma ikusi aurretik zorrotz kritiketea, ahalik eta sektorerik gehienei berbea emoten ahalegindu dalako.

Beste alde batetik, nire eretxiz, Julio Medemek asmau egin dau Madrilen hain kritikatuak izan diran eta sufrimentuaren barri emoten daben kontrapuntuak modu paraleloan aurkeztukeran. Batetik, hildako ertzain baten emaztearen adierazpenak azaltzen dira, eta, bestetik, preso dagoan ETAkide bat bisitetan doan emaztearenak. Lehenengoa, bakarrik eta etsita agertzen jaku plano guztietan, laguntza barik. Bigarrena seme jaiobarriak eta adiskideek lagunduta abiatzen da gizona bisitetan. Bakotxak atara daizala desbardintasun horren arrazoiak.

Pelikulea, beraz, problema honetara zintzo eta aurreretxi barik hurreratzeko saio bat da; hori bai, Julio Medemen ikuspuntua da, ez beste inorena. Zineforumetan ikustea eta, ostean, komentetea merezidu dauen pelikulea. Ebrotik behera berton baino jakingarriagoa, gure korapilo estu honen barri emoten dauelako, alkarrizketearen eta ideien garrantzia azpimarratuz. Filmean agiri dan pertsona batek, Mo Mowlam-en berbak aitatuz, dinoan moduan: 'giza arazoak ezin dira ezezkoaren bitartez konpondu'. Pelikula honetan ez da PPko kideren berbarik azaltzen, beharbada esaldi hori ulertzeko interes larregirik ez daukielako.

Joseba Terreros

- Zuzendaria eta gidoia: Julio Medem.
- Iraupena: 115 minutu.
- Generoa: dokumentala.
- Musikea: Mikel Laboa.
- Argazkia: Javier Agirre, Jon Elizeki eta Ricardo de Gracia.