Udabarriko errezetea
Beñat Ormaetxea,
Aretxondo Jatetxeko sukaldaria.
Oraingo honetan bertso bidez kontauko deutsuet udabarrian merkatuan topau zeinkiezan produktu batzuk:
Nahi badozue udabarriko
errezeta bat ikasi
aro honetan guri dagozan
osagarriak erosi
perretxikoak, frantses porruak
edo alkatxofak lehenbizi
gero antxoa edo berdela
porturatzean ikusi
ta postrerako mailuki batzuk
euren nata eta guzti
Merkatutik bueltea egin ondoren, sartu gaitezan buru-belarri sukaldean, plater artean. Oraingo honetan, bertsoan azaldutako osogarri bat preparauko dogu. Berdelaren sasoia geldiro-geldiro amaitzen doa eta egunokaz bokarta sartzen be hasi da gure portuetan. Beraz, gaur antxoak zelan marinetan diran azalduko deutsuet; duda barik, arraina oso onuragarria da osasunerako eta, zer esanik ez, antxoea sasoian sasoikoa izaten da onena, ez ahaztu.
Antxoa marinatuak
Osogaiak:
- Kilo bat antxoa.
- ¼ litro ardao zuri ozpina.
- Gatza .
- ¼ litro oliba-orioa (0,4º).
- Berakatz ale 2.
- Perejila.
Zelan egin:
Lehenengo eta behin, antxoei burua kendu eta barrualdea garbitu ondoren, ur eta izotzagaz tapau eta gatz apur bat bota. Prozesu hau oso garrantzitsua da, izan be, antxoeari ur hotzagaz barruan daukan odol guztia kanporatu eta mamina gogortzen jakolako. Ordu betean uretan euki ondoren, ura eta geratzen jakon izotza kenduko deutsagu eta, barriro be, ur apur bategaz garbituko doguz, odol arrasto guztiak kentzeko; hori egin ostean, ozpin eta gatz apur bategaz tapau eta pare bat ordutan hozkailuan sartuko doguz. Arestion aitatu doguzan ordu bi horreek igaro ondoren, antxoak banan-banan hartu eta erdiko hazurra kenduko deutsegu kontu handiz, apurtu ez daitezan. Ondorik, beste ordu erdiz ipiniko doguz ozpinetan. Jarraian, ozpinetik atara eta oliba-oriotan jarriko doguz antxoak eta berakatz eta perejil txikitua ganetik botatea baino ez jaku faltako. Antxoak hutsik, ogiagaz ahal dala, edo entsaladan eta beste edozein plater hotzagaz jateko oso aproposak dira; azken buruan, azpimarratu gura neuke antxoa marinatuak hotz-hotz atara behar dirala mahaira, eta bokartaren gazitasuna apur bat gozau gura izan ezkero, ardaoa be ezin geinkela ahaztu; on egin deizuela.