Kopia piratak gero eta karuago
Zergak nori egiten deutso mesede?
Internauten Alkarteko arduradunek euren kalkuluak egin dabez: zerga hau dala eta SGAE erakundeak pirateoak dakartzan galerak arintzeaz ganera, ia-ia bost miloi euroko etekina eukiko dau 2004. urtean. Datorren urtean, 54 miloi euroko etekina atarako dau aitatutako alkarteak CD eta DVD diskoen ganeko zergeari esker. Diru kopuru horretatik, 33 miloi audioko eskubideak dira eta 21 miloi bideoko eskubideak.
Gotzon Plaza,
Informatikoa.
Nahikoa zeresan eragin dauen gaia erabiliko dogu; aspaldion, oso zaratatsua izan da erabili bako edo CD disko konpakto hutsei ezarriko jaken zergearen gaia, bai behintzat internauten artean. Urte osoan zehar hainbat foro eta txat gelatan eztabaidatutako gaia da baina azken boladan sano berpiztu da.
Kontuak kontu, irailaren 1etik aurrera CD eta DVD disko hutsen ganeko zerga barria dago indarrean eta erosle guztiok pagau behar dogu 0,13 eta 1,40 euro bitarteko zergea hain zuzen be.
Joandako garagarrilaren 30ean sinatutako akordio baten ondorioz, zerga hori ezarriko jake salgai dagozan CD-R eta DVD-R huts guztiei. Aitatutako akordioa ASIMELEC (Elektronika eta Komunikazino Enpresen Sektore Anitzeko Alkartearen eta egile eskubideak gestionetan dabezan sei erakundeen artean sinatu eben: AIE (Artista, Interprete edo Egileak), AISGE (Artista eta Interpreteen Kudeaketa Alkartea), EGEDA (Jabetza Intelektualeko Eskubideen Kudeaketarako Erakundea), SGAE (Egile eta Argitaratzaileen Elkarte Nagusia), DAMA (Ikusentzunezkoetako Egile Eskubideak) eta CEDRO (Eskubide Reprografikoen Espainiar Zentrua).
Akordioaren nondiko norakoak
Gehienen ustez, zeozelan 'pirateorari' aurre egiteko atxakiagaz hartutako erabagia da. Kontua da ze autoreari txakur txikirik pagau barik milaka CD kopietan dirala eta legeak esaten dauen lez, kopia pribatuak egiten badira, zelan edo halan egileari zeozer pagau behar jako. Alde batetik, CD eta DVD egile eta inportatzaileek zerga hau euren produktuen gainean onartzen dabe eta, bestetik, egile eskubideen kudeatzaileek irailaren bata baino lehen saldutako CD et DVDakaz daukiezan arazoak ez dabez auzitegietara eroango. Kontuak kontu, ekoizle, banatzaile, software erabiltzaile eta, oro har, CD-R eta DVD-R disko konpaktoen kontsumitzaile guztion patrikeran igarriko da zergearen eragina.
Jabetza Intelektuaren ganeko Legearen arabera, ezin da kopiarik egin egilearen baimenik barik eta egileari zeozer pagau barik; kopia pribatuen kasuan be bardin. Soinu eta bideo zintak erosten doguzanean, aspaldi kopia pribatu horreen ganean ezarritako zergea pagetan dogu baina orain arte CD eta DVDak hortik kanpo geratu dira.
Kontua da ze kopia horreek sarritan lan profesionaletarako erabilten doguzala: segurtasunerako kopiak, informazinoa bildu eta gordetea...; gaiaren harian, Jabetza Intelektualaren ganeko Legeak bere 25.3 artikuluan argi eta garbi dakar holako kasuetan ez dala ezer pagau behar; dana dala, bakotxak egin leiken erabilpena zelan kontrolau?
Internauten Alkartearen hasarrea
Artikulu horren aurrean, Internauten Elkarteak ondo baino hobeto erakutsi dau bere hasarrea: gaur egun, programen neurriak eta mobiduten dabezan datu kopuruak kontuan hartuta, CD horreek dira gehien erabilten diran tresnak. Prezioak gora-goraka joango dira zerga barriaren ondorioz eta erabiltzaile arruntak izango dira kaltetuenak.
Internauten Elkarteak Administrazinoari leporatu deutso erabagia alde guztiak kontuan hartu barik hartzea, izan be, batzarretan ez da inoiz egon kontsumitzaileen bozeramaile edo ordezkaririk. Legeak salbuespen argiak azaldu arren, erakunde batzuen erabagiz etorri da prezioen igoerea. Egoereari aurre egiteko eta hasarrea adierazteko Internatuten Alkarteak formulario edo galde-sorta berezia jarri dau bere helbidean: www.internautas.org; erosle-erabiltzaileari formulario horren bidez, lan profesionalak dirala eta kopia pribatua egiteko daukan eskubide osoa aldarrikatzeko eta zorioneko zergea pageteari uko egiteko aukerea eskaintzen jako.
Nahastautako beste aldeak, barriz, jarrera sendoa erakutsi dau. Egile eskubideak gestionetan dabezan erakundeen ustez, merkatuan saltzen diran CD edo DVD gehienak pirateorako erabilten dira eta, horren aurrean, egileek eta industriak berak be badaukiez euren eskubideak, sarritan urratutako eskubideak.
Gaiagaz lotuta, oraintsu saltsa handia sortu da Alejandro Sanz kantari ospetsuaren azken diskoa dala eta; kontua da ze CD barri hau beren beregi preparauta dagoala kopia digitalak ebitetako (CD batetik beste CD batera). Internauten Alkarteak argi itxi gura izan dau CDa erosikeran, zerga bat pagetan dala kopia pribatua egin ahal izateko eta gero, barriz, kopia egitea ezinezkoa dala. Erantzuna be laster etorri jako: kopia pribatua egin leitekela erositako CD horretatik audioko zintara baina ez, ostera, CD batetik beste CD batera (kopia digitala), ze begiak zabaldu daiguzan guztiok, CD batetik beste batera kopiak egiten diranean, gehienetan pirateoa dago tartean, erabilera pribaturako zein publikorako eta hor diru asko dago jokoan.