Jan-edanak  II. urtea // 36. zenbakia - 2003ko urriaren 15a

'Botellon' Legea eta ardaoa

Ardaoa ez dan edariendako oso zorrotzak dira debekuak: publizidadea egitea ezinezkoa izango da eta, promozinoak egiterakoan, graduazino txikiko edariak izan erren, argi eta garbi jarri beharko dabe alkoholdun edariak kaltegarriak dirala osasunerako (tabako paketeetan ipinten daben moduan). Horrezaz ganera, telebistako umeentzako saioetan ezin izango da edari alkoholdunen iragarkirik bota eta, honegaz lotuta, ikastetxeetan eta inguruetan guztiz galazota egongo da alkoholdun edarien propagandea. Akaso, lege honen zentzubako bitxikeria izan daiteke alkoholdun edarien ganeko iragarkietan ezin izango dala agertu 25 urte baino gitxiagoko gazterik edari alkoholduna edaten.

Bitxikeriekaz jarraituz, gaueko 'telekubatak' galazo egingo dabez (etxez-etxeko banaketea); gogoan euki beraz, gauerdian pizza bat eskatzen dozuenean, galazota egongo dala garagardaoa eskatzea pizzagaz batera eta koka-kola yankia eskatu beharko dozue. Konponbidea erreza da: edariak egunean zehar erostea. Gazteak ez dira lerdoak eta zenbat eta debeku gehiago, orduan eta insumisoagoak izango dira.

Labu-labur, beste puntu batzuk azpimarrau gura neukez; berbarako, gasolindegietan ezinezkoa izango da 20 gradu baino gehiagoko edaririk saldu; beste alde batetik, baimen berezirik barik, garagardao makinak galazota egongo dira kalean.

Kalean edatea beste kontu bat da. Lege barriagaz emoten dau ez dala galazoko kalean edatea baina, horretarako, nahitaezko baldintza izango da inguruetako bizilagunei enbarazurik ez egitea.

Azken buruan, isun handiak iragarri dabez 14 urtetik beherako gazteei alkohola saltzen deutsenentzat (135.000 eurora arteko isunak). Bestalde, edaten zagozala ingurukoak molestau ezkero, isunak 600 eurora artekoak izango dira.

Amaitzeko, barriro esan gura dot lege barriak isun eta debeku asko aurreikusten dituala baina alkoholdun edarien gehiegizko kontsumoaren aurrean, aurrearretari edo prebentzinoari ez jakola jaramon handiegirik egiten.

Mikel Garaizabal,
Enologoa eta sommelierra.

Luze eta zabal berba egin da bazterretan aitatu legearen ganean eta, hemetik aurrera be, makinatxu bat kontu entzun beharko dogu gaiaren harian. Gurean, Elgoibarrera 'botellon' praktiketan joandako gazteen artean, oraintsu izandako ezbeharrak tarteko, barriro biztu da polemikea.

2002ko zezeilean Espainiako gobernuak sortutako lege barriak aldaketa batzuk izan ditu. Laster onartuko dan lege honek zeresan asko eta eztabaida beroak eragin ditu. Labur esateko, Espainiako gobernuak lege honegaz lortu gura dauena ondokoa da: alkoholaren kontsumoa, salmenta eta, gehienbat alkoholaren ganeko publizidadea mugatzea. Edozelan be, emoten dau ardaoa ez dabela kontuan izan legearen gertueran.

Lehenengo eta behin, argi itxi gurako neuke nire jarrerea: danok dakigunez eta, sarritan, sufritzen dogunez, botelloiaren kulturea oso zabalduta dago Espainian eta, nire uste apalean, lege barri horrek ez dau konponbidea ekarriko, esan gura dot legeak ez dauela alkoholdun edarien kontsumoa desagertarazoko. Nik pentsetan dot alkoholdun edarien neurrizko kontsumoa lortzeko erronkea heziketan dagoala eta ez debekuetan (sasoi batean 'lege sikuak' be ez eban konponbiderik ekarri). Dana dala, zehaztu daiguzan apur bat aitatutako legearen puntu nagusiak, ganetik baino ez bada be.

Barriro nabarmendu gura dot ardaoa ez dabela kontuan hartu legea idazteko momentuan. Hori bai, berbarako garagardaoak eta sagardaoak ez dabe ardaoaren pribilegiorik izango (zergaitia ez dot oraindino ulertzen, zeren eta bai garagardaoa eta bai sagardaoa be, ardaoa lez hartzidura prozesuaren ondorioz sortzen diralako nahiz eta lehengaia ezbardina izan). Hori dala eta, sagardao eta garagardao ekoizleak hasarre dagoz.